elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Abisuak

2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Krisi mundialak ekarri du Aberri Eguna batasun ahairean ospatzeko proposamen zehatza, baina muturreko egoera honetan ere ez dirudi gauzatuko denik dagokion zabaleran; EAJk bere deialdi propioa egin du. Dena dela, 2020ko Aberri Egun honek aro berri baten hasiera behar luke izan. Besteak beste, nolako aberria eraiki nahi dugun hausnartu, eztabaidatu eta adostera kondenatuta baikaude Lurraren zutabeak ere dardarka jarri dituen debakle honen ondoren. Nolako aberria, nolako herria, nolako gizartea.

«Krisi hau (...) neurrigabeko globalizazioaren eta muga guztiak bortxatzearen logikaren krisia da. Abisu bat da. (...) Gaur egun, gure zoritxarrean zortea dugu, epidemia honek gure hauskortasunez eta ahultasunez ohartarazteko balio digulako, gure ereduaren erabateko iraunkortasun-ezaz ohartarazteko balio digulako. Hau da erabateko hondamendiaren aurreko azken alerta». Dominique Méda filosofo eta soziologo frantziarraren hitzak dira, Jenofa Berhokoirigoinek jasoak, Argia-n ateratako elkarrizketan (2020-04-05).

«Abisu bat», «erabateko hondamendiaren aurreko azken alerta»... Dominique Méda momentuko tremendismoan erori ote den pentsa lezake norbaitek. Kontua da urteak daramatzala abisatzen zibilizazio honek aurrean duen amildegiaz; elkarrizketan esaten duen bezala, La Mystique de la croissance liburuan (Flammarion, 2013) iragarrita zeukan jada etengabeko hazkundearen mistikak gizateriari dakarkion deskalabrua. Hau da, den guztia—ondare naturala barne— salerosketako gai bihurtuta, nola horrek dakarren naturaren suntsipena, eta nola—batzuen ustearen kontra— gizakiak ez daukan galera hori modu artifizialean berreskuratzerik.

Juan Luis Arsuaga Atapuercako indusketetako ikertzaileari entzun berri diot elkarrizketa batean (TVE, 24 horas, 2020-04-05) beste hau: berak geologia ikasi zuenean —70eko hamarkadan izango zen— zera esaten zela zientziaren mundutik, itsasoan zegoela etorkizuna, ozeanoen oparotasunak emango zizkigula era guztietako bitartekoak ordurako agortu samar zegoen lurraren pobrezia konpentsatzeko. Arsuagak deitoratu egiten zuen, lotsatuta, zientzialarien giroetan halako uste okerrak sinetsi izana. Hazkunde neurrigabearen praktikak birrinduta dauka itsasoa dagoeneko.

Sarean solte zabaldu da egun hauetan Vandana Shiva fisikari eta pentsalari ekofeminista indiarraren espitx bat: «Erabat iruzurtia den sistema baten azken etapak ari gara bizitzen; sistema horrek egin du planetarentzat kostu handikoa den guztia, ekoizlearentzat ere kostu handikoa den hura, kontsumitzaileari merke modura aurkeztea». Adibidea: Bangladesheko langileak esklabizatzen dituen arropa merkearen industria. Vandana Shivak ere aro baten amaiera marrazten du.

Gurean, Pedro Migel Etxenike fisikariak gauden atakatik ateratzen duen ondorioahauxe da: «Oinarrizko ikerketa indartu behar dugu arlo guztietan (...). Aukera pila bat eduki behar ditugu esku artean arazoak datozenerako». Alegia, zientziaren munduak prest egon behar duela letorkeenerako. Horrezaz gain, beste ohartarazpen hau ere egiten du Etxenikek: «Publikoa den hori eta osasunaren arloa zaindu beharra dago». (Diario Vasco, 2020-04-06).

Zientziaren esparrutik —giza zientziak nahiz zientzia enpirikoak— datozkigu hausnarketa horiek denak. Beste arlo batzuetatik ere ari dira agertzen ekarpen interesgarriak: kazetari eta idazleengandik, artistengandik, eragile sozialen aldetik, eta baita herritar arruntengandik ere. Irudipena daukat hausnarketa maila horretan atzera geratzen ari dena politikarien tribua dela. Egia da krisiaren kudeaketan zentratu beste erremediorik ez dutela, bai agintea daukatenek eta baita oposizioan daudenek ere. Baina hartuko ahal dute noizbait astia koiunturatik haragoko analisi eta proposamenak sortzeko. Bide batez, eskuina diskurtsorik gabe geratu da, bere ereduaren araberako sistema osoa kolapsatu eta erori baitzaio, domino fitxen gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.