Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Onlinealdia

2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Ez dakit esaten noiztik, baina aspaldiko partez agenda bat erosi nuen 2020aren hasieran. Behin agenda bat erosi eta txukun betetzen hasiko, eta alferrik. Martxotik da ez dudala ireki ere egin. Bizitzaren ironiak.

Erlojurik gabe ere urtetan bizi izan naiz, baina tesi amaierako opari gisa jaso nuen bat orain bi urte eta erdi, eta geroztik erlojuarekin bizitzera bueltatu naiz. Harik eta astelehenean pilarik gabe geratu zitzaidan arte. Zer eta bigarren faseko lehen egunean, dena berriz martxa hartzen hastera zihoan unean, hain justu. Denok aurrera azkarrago egin nahi dugun honetan, nire erlojuak gelditzea erabaki du. Planto. Ironikoa hori ere.

Eta ironia horiei bueltaka nenbilela aspaldi ikusitako bideo batez oroitu nintzen. Bertan, fisikari batek denboraren fisikaz eta filosofiaz dihardu. Hitzaldiaren helburua denboraz dugun pertzepzio lineala piezaz pieza deseraiki eta berreraikitzea da. Oroitzen dut izugarri gozatu nuela bideo hura lehenengoz ikusi nuenean, eta orain ere hala izan da.

Baina konfinamenduari esker bada orain lehen baino hobeto ulertu dudan hitzaldiaren atal bat. Hizlariak dio oso garbi daukagula iraganaren eta etorkizunaren arteko diferentzia. Iraganari buruz asko dakigu, aztarnak daude, liburuak... Etorkizuna, aldiz,ezezaguna da. Eta iragana eta etorkizuna orainak bereizten ditu. Dena lineala, dena ordenatua. Baina fisikoki hitz eginda, nola bereizi?

Hasteko, oraina nola definitzen dugun erabaki behar dugu. Nik perzibitzen dudana da oraina. Aurrean bazauzkat, ikusten bazaitut, orain ikusten zaitut. Tira, ez erabat orain. Izan ere, argiak zugandik nigana bidaiatzeko denbora behar du. Beraz, nik ikusten zaitudanerako, apur bat iraganean ikusten zaitut. Nanosegundo batzuk iraganean. Eta zuk ni ikusten nauzunerako etorkizunean nago ni.

«A zer erokeria», pentsatuko duzue. Baina hala da. Gertatzen dena da nanosegundo batzuek ez dutela gure pertzepzioan eraginik. Baina ni Jupiterren banengo, duela ordu batzuetako zu ikusiko nuke, ez oraingoa. Eta zuk ikusiko nauzunerako, ordu batzuk barruko ni izango naiz. Orain hori nanosegundo batzuen tarte bat baino, ordu tarte bat izango litzateke. Eta, beste galaxia batera joango banintz, urte tarte bat.

Horrek dakar orain bat definitzeko zailtasuna. Orain hori lokalki definitu dezakegulako, espazio jakin baterako eta denbora tarte bateko errore marjina onartuta. Erokeria eman dezake, bai. Baina jar zaitezte pentsatzen azken bi hilabeteetan egin dituzuen bideo konferentzietan. Seguru nago denok izan duzuela lagun bat beste dena apur bat iraganean ikusi eta entzuten zuena. Zuek jada etorkizunean bera iristerako. Beharbada zuek izan zarete lagun hori. Edo zuzeneko streaming bidezko emanaldiak bestela. Horiek ere segundo batzuk iraganean ikusi ditugu.

Orainonline bihurtu den hilabeteotan gure lehengo orain hori aldatu egin da. Nanosegundo batzuk zirena segundo batzuk atzeratu da kasu batzuetan. Pantailetan ez ezik, iraganean ikusi dugu elkar, normalean baino apur bat iraganerago.

Zaila da denborari buruz daukagun pertzepzio lineala desegiten. Zaila da orain, atzo eta bihar hain garbi ikusten ditugunean abstrakzio lan bat egin eta bestela pentsatzen. Linealki pentsatzearekin aski ez, eta denbora «galdu» eta «inbertitzeaz» ere hitz egiten dugu. «Apirila galdu» dugula esaten du zenbaitek. Udaberria eta uda «lapurtuko» dizkigula honek denak.

Beharbada saiatu beharko genuke gure onlinealdi hau denbora tarte malguagoan definitzen. Apur bat iraganean, apur bat etorkizunean. Izan gaitezen eskuzabalak eta eman diezazkiogun nanosegundo batzuk baino gehiago bizi izan, bizitzen ari, biziko dugun orainaldi honi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.