Angel Erro.
JIRA

Neguko eguzkia

2023ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Antonio Machado neguan hil zen. Haurtzaroko eguzkia aipatzen duen bertso lerro bat, hark idatzitako azkena, aurkitu zioten poltsikoan. «Egun urdin hauek eta haurtzaroko eguzki hau». Bitxia da, neguko eguzkia, haurtzaroarekin ez, zahartzaroarekin lotu izan baita. Antonio Machadoren beraren beste olerki batean bezala, Neguko eguzkia izenekoan, non agure batek, jolasean dauden umeen aurrean, «eguzkia, eguzki eder hau...!» esaten baitu. Ongi pentsatuta, agian ez dago kontraesanik. Neguko eguzki labur eta epela zahartzaroari dagozkion plazer labur eta ez suharregien isla izan daiteke, gazte denborako oroitzapenak (eguzki temati eta itogarrienak) ekarrita; iraganean, gauza jakina denez, beti baita uda.

Nostalgiaren tranpa hori agian ez dugu guk beharko zahartuko garenean. Klima aldaketak beharbada iragan euritsua ekarraraziko digu. Egun urdin hauek eta haurtzaroko euri horiek.

Egun berean irakurri ditut Santi Leoneren eta Josu Egurenen txioak («Eguraldiari dagokionez, Mad Maxek gehiago asmatu zuen, Blade Runnerrek baino» eta «Lehorteaz ari garen honetan, 90. hamarkada erditik 2005era arteko amerikar thrillerretan beste euri ez du inoiz egin. Zergatik utzi zion egiteari?»). Galdera hori da: zergatik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.