ARKUPEAN

Oroimena eta galderak

Itziar Diez de Ultzurrun -

2019ko apirilak 7

Memoria historikoa zer den zehazten hasiz gero, ez gara denok aise ados jarriko, ezta adituak ere, segur aski, baina gehienak bat etorriko gara honetan: oroimen klase horren xede funtsezkoak dira historia ofizialek apropos ezkutatu dutena azaleratzea, historia horietan hitzik izan ez duten taldeen bizipen, ikuspegi, eskubide eta aldarrikapenak agerraraztea eta, horren ondorioz, kontakizun berriak jostea. Nire ustez, kontzeptuari buruzko desadostasunak ez dira zertan txarrerako izan, ildo ezberdinak urratzeko giltzak baizik, iraganari begiratzeko ez baitago leiho bakarra, ezta haren sigi-sagetan barrena murgiltzeko bide bakarra ere.

Leiho eta bide horietara daramatzagun ikuskerak ere ez datoz beti bat, horren argigarri López Obrador Mexikoko lehendakariak Espainiako erregeari barkamena eskatzeko egin dion deiak ekarri duen eztabaida. Zalaparta horretan, ohi legez, inportanteena ez da izaten ari iragana bera, baizik eta zer esanahi eman nahi diogun iragan horri. Esanguraz beteriko gure kontakizunetan gauza anitz esaten dugu, adibidez, lehenaldi horretako zein taldetako oinordeak sentitzen garen. Garbi dago López Obradorrek konkistak azpiratu zituenen ondorengotzat duela bere burua, eta argi dago, orobat, Espainiako Gobernuak uste duela konkista sustatu zuen erresumaren gaurko ordezkaria dela eta, horrenbestez, ezin duela onartu konkistatzaile haien itzala zikin dezaten. Horregatik esan du ezin direla orain 500 urte gertaturikoak egungo ikuspegietatik epaitu. Eta horra nire lehen galderak: zergatik ez? Zer da oroimen historikoa hori ez bada? Ez al da erakustea nola harilkatu diren boteredunen errelatoak azpiratuen bizipenak hutsaltzeko?

PPko Adolfo Suárez Illanak uste du ezen, oro har, Espainia ikaragarri harro egon daitekeela Amerikan izaniko jokabideaz. Eta hona bigarren saileko galderak: Espainiaz harro egoteko iragan osoa zuritu beharra dago? Baita elite gutxi batzuen mesedetan eginiko basakeriak ere? Zergatik da hain zaila epika nazional berriak eraikitzea okerrak onartuz, barkamena eskatuz eta iraganeko argi printzak berreskuratuz?

Pérez-Reverte idazleak Mexikoko lehendakariari Twitterren esan dio berak eska dezala barkamena, abizen espainiarrak dituelako. Gaineratu dituen irainak irain, txioaren mamia interesgarria iruditu zait eta galdera hauek eragin dizkit: Mexikoko azken berrehun urteotako agintariek ez al dute erantzukizunik? Ez liekete haiek ere barkamena eskatu behar hango talde indigenei, hango gehiengo azpiratuari? Zer diote horri buruz Chiapasko zapatistek?

Arantza Ametzaga idazleak gurera ekarri du gaia, gogora ekarriz Nafarroan erail eta bide bazterretan hobiratu zituztenen gaineko isiltasun frankista eta nola gaineratu zitzaion krimenari irabazleen erdeinua. Bestelako galderak etorri zaizkit Ametzagaren testua irakurri ahala: errudunak al dira errudunen seme-alabak? Zeren errudun? Irabazleen mozkinez profitatzeaz? Lapurturiko ondasunak itzuli ez izanaz? Gurasoen krimenak zuritzeaz? Eta, bestetik: ba al da egun gure oroimenetan tokirik errepublikazaleek euskal espetxeetan erail zituztenendako? Isiltasuna al dagokie orain urte luzez haiek izan zirelako omendu bakarrak?

Bigarren mundu gerraren ondotik etorri dira oroimenaren politikak, holokaustoa ahazterik ez zegoela erabaki zelako. Faxista bentzutuen izugarrikeriei buruzko filmekin hazi gaituzte, baina: noiz jakin dugu aliatuek 150 bat zibil hil zituztela Miarritzen 1944ko martxoaren 27ko bonbardaketan?

Gai honetan ere galdera anitz eta erantzun gutxi nik. Uste dut, halere, zorionekoak garela egun hainbat hari txirikorda ditzakegulako iragana polikromiaz ehuntzeko, nik ez baitut errelato bakarra nahi, kontakizun bakar batean ez delako gure iragana sartzen. Memoriak mundua zuri-beltzean ikustetik salba gaitzake eta balio dezake egia, aitortza eta erreparaziorako, iraganeko injustizien oraingo ondorioei antzematen ikasteko, menderakuntzen arteko loturak aurkitzeko eta gure kontakizunak besteen errelatoekin osatzera ausartzeko, betiere ez bada estakurua gaurko bestelako bidegabekeriei ez ikusi egiteko. Asmatuko ote dugu?

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©PEDRO PUENTE HOYOS / EFE

«'Pandemiaren urteak', esan nuen. Urteak izango direlakoan: urteak»

Arantxa Iraola

Aurrera urratsa egin, eta hedabideetan naro-naro dabilen zientzialarietako bat da Del Val; txertoa lortzeko prozesuak oso azkar doazela onartu du, baina uste du une aski zailak eragin ditzakeela oraino ere izurriak.

 ©Juan Carlos Ruiz / Foku

COVID-19ak hiru hildako utzi ditu Nafarroan

Berria

13.012 PCR egin dituzte Hego Euskal Herrian, eta horietatik 842k positibo eman dute. 

Protesta bat Gasteizen. ©E.PORTILLO/ FOKU

Arabako zahar etxeak ere, grebara

Erredakzioa

Hiru lanuzte egingo ditute, ELAk, LABek, UGTk eta CCOOk deituta, «prekarizazioa» salatzeko

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna