Saturno bere haurrak irensten

2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Azken bozak hainbat erpinetatik aztertu ostean Hego Euskal Herriari dagokionez, interesgarria izan liteke orain alboko aspektu zenbaiti erreparatzea, ez baitira interes txikikoak, epe luzerako ondorioak dituztenez gero.

Zientzia politikoaren esparruan eragin biziena izan duten eskoletako batek politikoa denaren eremua eliteen arteko paktuen epifenomeno gisa aztertzen zuen. Eskola hori, hain zuzen, herri agentzia bazter utzirik eta herritarren potentzia ezkutatuta, giltzarri izan zen Espainiako trantsizioaren «eredugarritasuna» zilegitzeko, zeina Latinoamerikara eta planetako beste hainbat txokotara ere esportatu baitzuten. Espainiako biztanleen parte batek barneratu zuen eredu hori, eta indartu egin zuen O-23ko estatu kolpearen interpretazio jakin batek, zeinaren arabera erregeak haragitzen baitzuen espiritu arrazional hori, tenpleduna, zentratua, demokraziazkoa; garailea, itxuraz, oposizio demokratiko hausturazalearen emozionaltasunaren eta erradikaltasunaren kontra. Halatan, politikoa denaren kontzepzio jakin bat nagusitu zen, eta horrek Espainiako demokraziaren garapena baldintzatu zuen, bazterrean geratu baitziren hainbat elementu gerora bueltan azaleratuko zirenak, indartsu azaleratu ere.

Apustu hori praktikoki gauzatzeko, alderdi politiko bat sortu behar izan zuten laborategian, kaleko presioa galgatuko zuena. Hala jaio zen UCD, zeinak bere hutsaltasun artifiziala apaindu zuen marko diskurtsibo batekin: «Demokrazia eta askatasuna amorrurik gabe». Marko horrek memoriarik gabeko trantsizioa gordetzen du, ahanzturan eta mandatuan oinarritua. Estrategia elitista horrek eraturiko tanpoi-espazioak eragotzi egiten zuen erreakzioa eta haustura aurrez aurre borratzea, eta estatu eredu bat sortu zuen zirkuluaren laukitze moduko bat izan nahi zuena; horren adibide dira, batetik, estatu batasunzalearen logika, armadak defendatu beharrekoa, eta, bestetik, deszentralizazio eredua, federal gisa saldua formaz (ezen ez mamiz). Mandatu horrek, laborategiko apustu horrek, itxuraz modua eman zuen eliteen arazoa konpontzeko, baina esperimentuok, Frankenstein politiko peto-petoak izaki, berehala utzi zuten agerian zeinen artifiziala den apustu elitista hori. Hortaz, lehenik laborategian sorturiko alderdi instrumentala desagertu zen (UCD), eta, denboraren poderioz, konpondu gabeko kontraesanek zapart egin zuten.

Hain justu, «konpondu gabeko horrek» berriz azaleratzeko duen bulkadari eransten badizkiogu krisi sistemiko baten eragin suntsitzaileak, ikusten dugu azalera datorrela agentzia, potentzia, eliteen hitz goxoak gorabehera: erregimena auzitan geratu da sinbolikoki (Juan Carlos I.aren abdikazioa adibide), herritarrak mobilizatu egin dira (M-15ean lehertuta) eta lurralde antolamendua berriz auzitan jarri (proces-a adibide). Hortaz, eliteen laborategiari potentzia baten erantzun populista mamitu zaio aurrean, zeina ezin baitu inoiz hesitu eliteen botereak.

Horregatik, hain justu, eliteak berriz ere esperimentazioan ari dira potentzia soziala kontrolatze aldera. Politikan ez dagoenez hutsunerik, laborategian sortu dute alderdi bat bidea mozteko, batetik, ezkerreko populismoari, eta, bestetik, estrategia subiranistari. Ciudadanos, hortaz, boterearen sukaldetik jaioa da, potestas-ak berreskura dezan potentzia eraldatzaileak ostu dion lekua. Alabaina, UCD bezalaxe, eliteak eduki diskurtsiboz hornitu behar du Frankenstein moduko alderdi hori. Trantsizioan, marko nagusia «amorrurik gabeko demokrazia» zen; orain, berriz, autoritarismo postmodernoaren eta neolokalismoaren garaian, eliteak espainiar nazionalismo autoritarioa hartu du ardatz argumentatibo gisa ziklo berri hau esanahiz betetzeko. Baina konpondu gabeko arazoak aurrera doaz: estatua erabat inarrosi zuen U-1ean erabakitze eskubidearen alde eginiko mobilizazio eredugarriak, eta horrek esperimentua gogortzera behartu zituen, «ekin gogor haiei» aldarriari jarraikiz, bidea zelaituz eskuin muturrari. Hala, kapitalak Janoren moduko bitasun baten aldeko apustua egin zuen (aurkian Ciudadanosen kapitalismo friendly-a, ifrentzuan Vox-en kapitalismo zabarra), eliteen bi premia larriri erantzuteko: batetik, segurtasuna eta egonkortasuna; bestetik, kapitalaren irabazi-tasaren gehitzea.

Nolanahi ere, zail denez egiazko helburuak herritarrei saltzea, marko diskurtsiboa nazionalismo espainiarrean bermatzen da, zaharra eta berria trinkotzeko. Nazionalismo hori ez da erreakzioa, ezpada eliteak erasorako duen tresna, zeren eliteak, gehiengoen printzipio demokratikoa errespetatuko duen estatu eredu baten aldeko apustua suntsitzeaz gain, homeopatia pilulak ematen baititu, banderaren epelak arin ditzan sistema turbo-kapitalistaren min guztiak. Elementu horiei gaineratzen badiegu programa neoliberalak behar-beharrezko duela demokraziak atzera egitea eta autoritarismoa zilegitzea, hobeto ulertzen da zer-nolako rola jokatzen duen boterearentzat Voxek. Izan ere, elite zoratuok Espainiako politika eldarniozko esperimentu bilakatu duten honetan, Vox erantsi dute, esperimentu horren azken pieza gisa. Zeren, beste ezer baino lehen, Vox (Europako eskuin muturreko populismoak ez bezala) eta Ciudadanos (Europako zentroko liberalismoa ez bezala) nazionalista espainiarrak baitira: biak ere elite finantzarioen probeta alderdiak, bata yuppie tankerakoa eta bestea zabar tankerakoa. Horrela, eskuin osoa auto-zentraturik dago kapitalaren irabazi tasa gehitzeko estrategian, taktika baten bidez: demokraziaren inboluzioa. Inboluzio hori zilegitzeko, ezkutu babesgarri bat behar du: nazionalismoa. Ibilbide horretan, Espainiako eliteak ez du erreparorik, trantsizioan egin bezala, bere haurrak irensteko, aurki PPri gerta lekiokeen bezala. Are okerrago, ez du erreparorik bere herrialdea irensteko, are banderapean ez zaionean lurrik geratzen ere eskaintzarik onenaren egileari saltzeko. Galdera da ea PSOEk men egingo dien elite horiei, berriz ere eta beharbada azken aldiz, jakinik zer etorriko zaion Europan gertatuak ikusita: Saturno ero batek irentsiko du. Gure lurrean ere kontsideratu beharko genuke hori; izan ere, elite neoliberalek, soinean hartzen duten bandera gorabehera, ez dute ez aberririk ez bihotzik.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.