Kartzelak mintzoka dauzkagu

2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Egunotan, albiste bat agertu da hainbat komunikabidetan: urteko lehen lau hilabetean lau preso hil direla Arabako kartzela batean, Zaballa izenekoan. Heriotza bat hileko. Lau gazte, 30 urtetik beherakoak.

Salhaketak eta halako beste erakunde sozial batzuek presoen eskubideen alde egin duten lana ezinbestekoa izan da, beste hainbat alditan bezala, kartzeletan gertatzen den horren guztiaren inguruko isiltasuna urratzeko. Gogoan izan dezagun kartzelak instituzio erabat hermetikoak eta opakuak direla gizartearentzat, bereziki Espainiaren kasuan, zeina gardentasunik eta kontu ematerik ezak ezaugarritzen baitute. Kartzeletan zer gertatzen jakitea ez da soilik eskubide bat, baizik eta gizarte sano ororen erantzukizuna. Gizarte zibil aktibo eta indartsurik gabe, are eta isilaraziagoak egongo lirateke kartzelak.

Kartzela administrazioaren erantzukizuna da preso dagoen edonoren osotasun fisiko eta emozionala; beraz, kartzelek azalpenak eman behar dituzte beren zaintzapeko norbait hiltzen bazaie, eta beharrezko datuak eman gertatutakoak argitzeko. Familiek eskubidea dute jakiteko zer-nola galdu duen bizia beren senitarteko kutunak, bai eta haren gorpuaren inguruko erabakiak hartzekoa ere, eta hori ez da bermatzen kasu guztietan, hainbatetan salatu izan denez. Kartzela ez dute soilik presoek pairatzen, baizik eta baita haien hurbilekoek ere, herrialde honetan ondotxo dakigunez. Luzaranak dira kartzela zigorraren garroak.

Kartzela arrisku larri bat da pertsonen osasunerako. Zabalki kontrastaturiko errealitate bat da hori. Adibidez, GESEPek dioenez, bi presotik batek du patologia kronikoren bat; OMEren arabera, halako gaixotasunek eragiten dituzte heriotzen %60. PREC txostenean jasota dagoenaren arabera, oro har, presoek gainerako herritarrek baino 5 bider probabilitate handiagoa dute buruko nahasmenduak izateko. Arartekoaren iritziz, kartzelak okertu egiten du barruan giltzapetzen dituztenen buru osasuna, eta ez da baliabide egokia buruko gaixotasunak tratatzeko.

Horiek horrela, zer neurri hartu beharko lirateke kartzeletako heriotza goiztiarrei aurre egiteko? Oraintxe, bi proposamen multzo daude mahai gainean. Batetik, zenbait erakunde sozialek manifestu bat sinatu dute, kartzela sistema interpelatzeko 9 neurri zehatz biltzen dituena, honako hauek galdegiteko, besteak beste: kartzeletako zuzendaritzek inpartzialtasunez informatzea familiak, eta heriotzen inguruabarrak argitzen laguntzea; bermeak ezartzea familiek edozein gorabeheraren berri eman ahal izan diezaieten kartzelei, horrek inolako errepresaliatarako biderik ekarri gabe preso dagoenari. Halaber, euskal lurraldeko beste instantzia batzuk ere interpelatzen dituzte: fiskaltzak ofizioz ikertzea zaintzapean gertatutako heriotzak; familiei laguntzea justizia erantzukizun zibilak eta zigor alorrekoak eskatzen administrazioak eragindako kaltearengatik; edo zigorra ordezkatzeko neurriak garatzea betearazpen fasean.

Bestetik, maiatzaren 11z geroztik, Espainiako Estatu osoko kartzeletan gose greban daude preso batzuk; ekintza kolektibo koordinatu bat da, eta mugarri garrantzitsua kartzeletako borrokaren historian. Preso horiek bat egin dute, eta jateari uko egin diote 12 eskakizun egiteko asmoz. Proposamen horiek erreferentziatzat balio dezakete, gai horri dagokionez Euskal Herrirako proposatzen dugun etorkizunari buruzko eztabaida sozialean, eta prebentzio gisa erabili ahalko lirateke preso daudenen osasuna andeatu ez dadin eta andeatze horrek ez diezaien ekar heriotza ez-naturalik. Besteak beste, honako proposamen hauek dira: bakartze erregimena amaitzea, kartzelaz besteko alternatibak eskaintzea buruko gaitzak dituztenentzat, ez kriminalizatzea kanpotik datorren elkartasuna, eta bisitetarako eragozpen burokratikoak kentzea familiartekoei. Protagonistak berak ari dira antolatzen eta proposamenak egiten. Kanpotik, entzun egin ditzakegu, eta haien borrokak babestu; izan ere, gizarte osoaren egitekoa da kartzeletako heriotzak eta eskubide urraketak amaitzea. Kartzelak gureak dira, guk hala nahi izan edo ez izan. Instituzio horiez hornitu gara kolektiboki, delitu deitu diegun gatazka sozialei aurre egiteko —bidegabeki bada ere—. Instituzio horiek gutaz mintzo dira: nortzuk garen, zer ahulezia ditugun; zer erronka ditugun oraindik gizarte gisa, elkarbizitza zinez demokratikoa berma dezagun. Horretarako, nahitaez, abolizionismoaren bidetik jo behar dugu: abolitu behar ditugu kartzelak, zigor sistema eta zigorraren logikak, Angela Davisek adierazia duen bezala eta, gure testuinguruan, Paz Frances (Diana Restreporekin batean) garatzen ari den moduan. Horren erakusgarri da, bai eta eztabaidarako abiapuntu ere, Francesen azken liburua, ¿Se puede terminar con la cárcel? izenekoa (Amaitu al daiteke kartzela?), La Catarata-koek 2019an argitaratua. Zenbait instantziatakoek diotenez, presoak artatzeko bitarteko material eta giza baliabide gehiago jarririk, baliteke heriotza goiztiarrak amaitzea, baina hori bat-bateko hobekuntza bat baino ez litzateke. Helburu handinahiago bat izan behar dugu gizarte gisa, eztabaida abolizionista mahai gainean jarriz.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.