Brexit: erraietatik

Igor Calzada - Oxfordeko unibertsitateko akademikoa

2019ko irailak 8
Erraietatik ari natzaizue: Brexit-a tsunami sarkor bat izaten ari da azken urte hauetan. «Herriari hitza» emanez eta ustez demokraziaren izenean sortua izan arren, sare sozialen bitartez eta balizko manipulazio algoritmikoak medio, emeki-emeki lurperatua izaten ari den demokrazia britaniarra bera, pipiak janda dagoela ondoriozta genezake egun. Brexit-ak, erresumako lau nazio-zutabeak arrakalatu ditu. Ondorioz, «herriari hitza» ematearen kontraesanen eremu labainkorrera kondenatu du Erresuma «Batua»: 1215. urtetik geroztik Europako demokraziarik zaharrena izan dena, baturik zirudien erresuma, erraietatik biluzi arte.

Ofizialki, 2016ko Ekainaren 23a inflexio-puntu gisa finkatzen bada ere, brexit-a, berariaz aspalditik datorren prozesu jarraitu baten ondorio historiko-politiko zuzena da. Horrela, bozketaren hurrengo eguneko goiz hartan, Hanburgon harrapatu ninduten emaitzek; inongo harridurarik gabe jaso nituela onartu behar dut. Dagoeneko zortzi urte luzez Ingalaterra, Eskoziaren, Galesen eta Ipar Irlandaren artean ikerketan dihardudan britaniar nazionalizatu, legeak behartuta espainiar, eta berariazko nortasunez nazioarteko euskal hiritar gisara; nire buruari etengabe egiten diodan galdera honako hau izan da urteetan zehar: Zergatik uste dugu Euskal Herritik, britaniarrak Europar (sentitu behar) «direla»? Kontinente berberean kokatuak daudelako? Zergatik erakusten dute britaniarrek Europar Batasunarekiko (EB) halako higuina eta mespretxua? London city-ra (zeresanik ez, metropolitarrak ez diren Ingalaterrako herrixka eta landa eremuetara) egiten duzuen zuen hurrengo bisitan, mesedez errepara iezaiozue zenbat EBko ikur edo bandera ikusmiratzen dituzuen. Nekez aurkituko dituzue. EBren presentzia instituzional eta hiritarra bera ikusezina dela ohartuko zarete. Are gehiago, ebidentzia alternatibo bezain aurreikus ezin eta txundigarri bat botako dizuet hemen: Nola da posible ekainaren 23ko ilunabarrean, bozkalekuak jada tankatuta eta erreferendumaren bozkaren ostean, britaniar andana handi batek ordu txikietan, Googleko bilatzailera jo izana, honako galdera zehatz hau trending topic bilakatuz? «Zer gertatuko zaigu EB uzten badugu?» Zerbait oker dagoen seinale, ezta? Disfuntzionaltasun demokratikoa islatzen duten froga horiek Cambridge Analyticaren manipulazio algoritmikoaren bazka izan dira gaurdaino. Netflixen The Great Hack filma ikusteko gomendioa egiten dizuet, eta ohartuko zarete berariazko isilpeko zaintza konspiratzaile-populistaren biktimaren deitura dela Brexit, alegia.

Agian, nire aitona jeltzalearen estatu gizon-idolo ikonikoa zen Churchill zaharra gogora ekarri behar dugu inoiz baino gehiago orain. 1953. urtean Westminsterreko Komunen Ganbaran erran zituen hitz gogoangarrien oihartzunak gaurdaino dirau eta: «Gu, Erresuma Batuak, Europarekin gaude, baina ez gaude Europan. Itsaso zabalaren eta Europaren artean aukera egin beharko bagenu, argia litzateke gure hautua: dudarik gabe, Erresuma Batuak itsaso zabala aukeratuko luke». Ba hori, Br-Exit.

Eta, orain, zeintzuk dira balizko hiru agertokiak? Hitz bitan ene analisi telegrafikoa:

Lehen agertokia, akordioa. Egun, agertokirik zailena dirudi. Akordioak, hiru zutabe nagusi jasotzen zituen: hiritarren eskubideak, finantza-dibortzioa, eta irlandar muga (backstop deritzona).

Bigarren agertokia, luzapena. Ez dirudi ere oso balizkoa, Johnsonek «hil edo bizikotzat» finkatu baitu urriaren 31ko data haustura gauzatzeko. Eta bestalde, EBek soilik onartuko luke luzapena bi ezohiko egoera hauetatik sikiera bat gailenduko balitz: bigarren erreferendumerako edota hauteskunde orokorretarako deialdiak.

Hirugarren agertokia, akordiorik-eza (No Deal entzutetsua). Hor azpimarra berezia egingo nuke. Izan ere, ondorioak ez lirateke soilik Erresuma «Baturako» izango; oro har, EB guztiak eta Euskal Herriak ere nozituko lituzke. Iragan astean, YouGov-ek egiten zuen inkestaren arabera, «soilik» britaniarren %47ek onargarritzat jotzen zuten No Deal agertokia. Antza denez, britaniarrek euren subiranotasunaz bizirauteko konfiantza (ausardia? larderia?) berezko jarrera dute. Ordaina? Testuinguru arrakalatu bat, Erresuma «Batua» osatzen duten lau nazioak bestelako jardunbide propioak marrazten ari baitira aspalditik:

Ez dezagun ahantz, Ingalaterra (Erresuma Batuaren %84aren populazioarekin) brexit-aren epizentro zentripetoa dela. Brexit-a bere barne eta kanpo krisiaren isla zuzena izan da. Eskozian, adierazgarria oso, Ruth Davidson, Eskoziako kontserbadoreen buru argitsuak, dimisioa aurkeztu izana iragan astean. Eskoziaren lehentasuna, EBan geratuz, egunetik egunera gehiago lotzen zaio estrategikoki balizko independentziaren bigarren erreferendum baten aukerari. Galesen, 1213. urtetik aurrera, Ingalaterrako itzala handia bada ere, berau esnatzen ari dela dirudi. Eta, azkenik, Ipar Irlandan: oso kezkagarria da egoera. Indarkeria disidente paramilitarren zantzu arriskutsuak gertatu dira berriki. Eta hori dirudi dela brexit-ak Irlandarentzat duen «ekarpena»: lortutako bakea berriro eztandaraztea.

Gibel solasa:

Baina brexit-az gutxiago hitz egiten da honakoaz: gizabanako/hiritarren estatus eta bizi-baldintzak goitik behera aztoratu dituela. Estatu, nazio, eta nazioz gaindiko bloketik harago, gizabanako/hiritarrentzat, etorkizun ezjakin baten ortzimugan, euren egunerokotasuna bihurtu dute euren erresuma burujabe bakar. Bizirik irauteko sistema likidoa. Horren ildotik azken burutazioa: brexit-aren zeharkako efektu gisa, zabaltzen ari ote dira jadanik hiritartasun molde likido eta parekideak? Izango al da inoiz EB nazioen mosaiko federatu, inklusibo, eta behetik gora eguneratzen den demokrazia deliberatibo oso baten gisakoa? brexit-a astakeria nazional bat dela onartuta, zein da jada EBren erreinuan subiranotasunak betetzen duen papera, hiritar ikuspuntua delarik geratzen zaigun helduleku bakarra?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: