Txema Ramirez de la Psicina

Trantsizio mediatikoaz

2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Digitalizazioa. Ekonomia zirkularra. Industria 4.0. Robotak. Adimen artifiziala… Azkenaldian maiztxo entzuten ditugun kontzeptuak dira. Funts europarrak eta Euskadi Next plana gure salbazioa izango omen dira, gure ekonomia berpizteko erremintak. Hala izan bedi. Nago, ordea, zerbaitez ahazten ari garela.

Pandemia zela eta, mundu guztia ikaratu zen desinformazioak sortutako triskantzekin. «Fake news-ekin amaitu egin behar da!», modako europar leloa da orain. Nola, baina? Lege-dekretu bidez? Egungo sistema komunikatiboaren arazoa albiste faltsuez harago doa. Adibidez, normaltzat hartu behar al da botere finantzarioa komunikabide garrantzitsuenen jabe izatea? Trantsizio ekologikoaz normaltasun osoz mintzo garen bezala, norbaiti bururatu al zaio trantsizio mediatikoaz ere hitz egin behar dela?

Pandemiak komunikatzeko manerak ere agerian utzi ditu. Mundu guztiak ez du abilezia bera. Guztientzat egoera zaila eta ezezaguna da. Ados, baina batzuek —Angela Merkelek, kasu— hobeto asmatzen dute beste batzuek baino. Kantziler alemaniarrak egiten dituen agerraldi puntualetan ez du artifiziorik behar, ezta paperik ere. Biluzik ageri da, bihotzetik ateratzen zaio mezua. Herritarrengana iristen da. Etxean ditugun agintariek, berriz, gabezia nabarmenak dituzte. Maiz gardentasuna falta zaie. Paperen atzean gotortu egiten dira lubakietan egongo balira bezala. Galdera zailen aurrean, defentsiban jartzen dira kazetariei zeharka begiratuz.

Bizi dugun neke psikologikoa orokorra da. Noraez sentsazioa eta nahasmen informatiboa oso zabalduta daude. Eta normala da, egunero bizi dugun zaparrada informatiboa ikaragarria baita. Informazioa galbahetik pasatu behar da. Egun, komunikabide askotan kantitatea kalitatearen gainetik lehenesten da. Pandemiaren inguruan, politika komunikatibo garbi bat behar da. Analisi kritikoak. Eta kritiko diodanean ez dut gobernu honen edo haren kontra edo alde esan nahi, baizik eta datu ofizialez harago, estatistika hotzez haraindi, doazen analisi independente eta zorrotzak.

Gure bizimodua erabat aldatu da eta ez dakigu oso ongi nola izan den, ezta noiz eta nola bukatuko den ere. Berripaper honetan Juan Ignacio Perez Iglesiasek argiki azaldu zuen abenduaren 29an. Erregu hau egiten zien agintariei: «Bizitza aldatu behar badut, azal iezadazu zergatik». Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako lehendakariaren esanetan, ezagutza sortzeko prozesuak, ikuskizun ere bihurtu dira, eta begirada kritikoa zolitu behar da.

Jabetza

Edukiak zaintzea beharrezkoa da, baita komunikabideen jabetzari erreparatzea ere. Euskal Herria eta Espainiako estatua ez dira uharte isolatuak. Hemen ere komunikabide garrantzitsuenak jabe gutxi batzuen esku daude. Eta nabarmena da enpresa nagusietako administrazio kontseiluetan bankuek duten presentzia.

Urrutira jo gabe, joan den abenduan, Madrildik zetozen kronika ekonomikoek Espainiako komunikazio-talde nagusiko administrazio kontseiluan izandako labankaden hotsa helarazten ziguten. «Batzar odoltsua», aipatzen zuten. «Presidentea erori egin da enegarren aliantza-aldaketaren ondorioz», zioen sona handiko agerkari digital batek. Espainian lehen kazeta eta irratigintza-kate garrantzitsuenaren jabe den talde komunikatiboak 209 milioi euro galdu ditu 2020ko lehen bederatzi hilabeteetan. Eta hala ere, edo horregatik agian, administrazio kontseiluetako bilerek Roberto Savianoren Gomorra liburutik ateratako pasarteak dirudite. Odoletan blai. Boterea eta eragin publikoa lortzeko grinak txinpartak sorrarazten ditu.

Pandemiak gogor kolpatu ditu komunikabideak, bai. Sareko bisita digitalek gora egin arren, papereko salmentak behera etorri dira, oso behera. Komunikabide askoren egoera lehendik txarra bazen, pandemiarekin zeharo okertu da. Egoera honetaz guztiaz Europako Legebiltzarrak gogoeta interesgarria egin zuen 2020ko azaroaren 25ean komunikabideen askatasunari buruz hartutako ebazpenean.

Zorionez, gauzak ez dira zuri edo beltz. Euskal Herrian, esaterako, hedabideen sistema propioa daukagu eta koloreen paleta zabalagoa da. Eskuetan duzun berripapera horren erakusle da. Gurean kontzentrazioa nabarmena bada ere, badugu komunikabide txiki eta ertainen sare sendo bat, gizartearen ekimenez sortua, komunitateri begira dagoena, behetik gora eraikia, kasu askotan euskara ardatz duena eta, gainera, pandemiaren inguruan agenda propioa osatzen asmatu duena, inori ezer eskatu gabe eta inoren kalkoak errepikatu gabe. Komunikabideek mundu osoan dituzten erronkak eta arazoak oso antzekoak izan arren, gurean, zorionez, aniztasuna eta pluraltasuna zabalagoak direla uste dut.

2021a inkognitaz betea dator. Mundu guztiak erreparatzen die osasunari eta ekonomiari. Garbi dago datu epidemiologikoek dena baldintzatuko dutela, baina informazioaren munduari behar zaion arreta eskaintzen ez bazaio, seguru gauzak okertuko direla. Egoera honetatik informazio askeak ere salbatuko gaitu. PCRak eta txertoak bezain garrantzitsua da ongi informatutako gizartea izatea, erabakiak libreki hartzeko gai diren herritar kritikoak ahalduntzea. Eta horretarako informazio txukuna eskainiko duten bozeramaile trebeak behar dira, propaganda alde batera utzi eta mamiari helduko dioten profesionalak, agerraldien kopuruari baino informazioren kalitateari erreparatuko dioten pertsonak.

Albiste faltsuak betidanik izan dira. Orain, berriz, demokraziaren beraren oinarriak suntsitzeko gai dira. Horregatik Europako Parlamentuak dei egin die EBko estatukideei alfabetizazio mediatikoaren inguruko planak lehenbailehen gara ditzaten. Era berean, beste hau ere esan du: pluraltasun informatiboa komunikabideetako jabetzaren aniztasunean oinarritzen da. Beraz, jabetzaren kontzentrazioa saihesteko neurri eraginkorrak behar direla esan du, adierazpen askatasuna bermatzeko.

Euskadi Next 2021-2026 deritzon plan horretan neurri ekonomikoak dira nagusi. Ez dut honen inguruan ezertxo ere irakurri. Garaiz gaude zirriborro horretan arrastoa uzteko? Izan ere, trantsizio mediatikoa ere behar demokratikoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.