ARKUPEAN

Katalina

Itziar Diez de Ultzurrun -

2018ko abenduak 16
Zalaparta sortu da aste honetan Iruñean, Udalak hiriko bide nagusietako baten izena aldatzeko erabakia hartu duelako, gaurko Armada etorbidea Katalina Foixekoa deitu dadin. Ahots aunitz agertu dira kontra, eta aurkarietako batzuek betiko leloa dantzatu dute ezpainetan: tamala dela hainbeste premia dauden honetan dirua horrelako txikikerietan erabiltzea.

Afera da, ordea, gezur galanta dela kaleen izendapenak hutsalkeriak direla esatea, paisaia testu bihurtzen delako haien bidez, eta haien esanahiek ia oharkabean zipriztintzen gaituztelako gure eguneroko bizitzan. Horrexegatik sortzen da sarritan kalapita jendartean izendapenak aldatzeko ekimenak datozenean. Gure karriken izenak gure iraganaz mintzo zaizkigu, oroitu nahi duguna erakusten digute, baita ahantzi nahi duguna ere; asko esaten dute gure sinesmenez eta gure ametsez, gureez edo gizartean hedatuen daudenez, edo, gehienetan, boterea daukatenek zabalarazi nahi dituzten horiez.

Karriken izenak, behinola, azalpen huts izanen ziren agian, jendeari non zegoen edo bidea norantz zeraman erakusteko gakoak, baina kaleak esanahi politikoz hornitzeko joera ez da berria: Iruñeko San Anton kalean bizi naiz, baina gure etxea eraiki zenean, 1884an, Ziraukiko martiriak deitzen zen, Udalak kaleari izen hura paratzea erabakia zuelako Dorregarai jeneral karlistak Ziraukin hil zituen 36 errepublikazale liberalen omenez. Ondotik, izena lehengoratzea erabaki zen, eta Iruñeko karriketan ohoratzen diren beste berrogeitaka santu eta santa katolikoren lagunartera itzuli zen Anton.

Interesgarriak begitandu zaizkit izena aldatzearen alde, baina aukeraturiko izendapenaren kontra agertu direnen argudioak, batez ere Aranzadi Udal Taldearenak. Nik ere uste dut gure kaleen izendapen berriei buruz ezer esan aurretik funtsezkoa dela lehenik jakitea zer dioten egungo kale izenek gutaz. Udal talde horren aburuz (eta nireaz) oraindik ere gehiegi dira erregeei, militarrei, elizjendeari eta, oro har, boteredunen eta pribilegiatuen mailetako ordezkariei eskainitako kaleak. Horretan erabat ados egonik ere, nire uste apala da ezen, Joan Labritekoaren kalea dugun artean, kalea zor zaiola Katalina Foixekoari, bera baitzen erregina, eta Joan kontsorte huts.

Aranzadik, bestetik, izen aldaketa egungo balio unibertsalak goresteko baliatzeko eskatu du, eta karrikari Bakearen edo Berdintasunaren etorbidea deitzeko proposatu. Aitortu beharra dut ez zaizkidala kontzeptu handi horiek bere hola sobera gustatzen, mamiz hornitu ezean kanpotik ederrak bezain direlako barrendik hutsak. Gisa horretako izenak baino, nahiago nuke gure ondare immaterialaren parte diren leku-izen zaharrak lehenestea edo abagunea baliatzea ahanzturaren putzu sakonetik ateratzeko beste garaietako emakume ezezagun bezain eredugarrietako batzuk, gaur egun geure buruak haietan ispilatu genitzan, izan Iruñeko, izan kanpoko. Graziana Barrenetxekoa, Juana Josefa Goñi, Bittori Etxeberria eta beste hamaika jarriko nituzke itxaron zerrendan hurrengo izendapenen txanda heltzen denerako.

Dena den, zalaparta bezainbat jakin-min sortu dela dirudi: asteazkenean Aitor Pescador historialariak Katalinari buruz hitzaldia eman zuen eta jende franko hitzaldia ezin aditu gelditu ginen, lepo bete zelako aretoa, eta Diario de Noticias egunotan egiten ari den inkestan 15.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte (aldaketaren eta izen berriaren alde gehienak). Gaia hutsalkeria ez den seinale.

Laburbilduz, aukera hobe guztiak gorabehera, ez zait hautu txarra iruditzen erregina hori aukeratu izana, nahiz eta, behin horretaraz gero, etorbiderako Katalina Foixekoa baino Katalina Nafarroakoa nahiago dudan, eta ez soilik ñabardura politiko batengatik, baizik eta Foix ahoskatzeko jada azaleratu diren ezintasunak saihesteko. Horrenbestez, ongi etorri, Katalina.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna