elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Aztarna bila

2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
San Joan iluntzea; Iurretatik Donostiara, autobidean, San Joan suak baserriro; leihoak itxita eraman arren, ke garbiaren usain sarkorra auto barruan; udako solstizioaren magia, ehundik gorako abiaduran. Zaldibar eta inguruetako baserriak Elizanburu saratarraren kantakoak bihurtzen ziren, lanetik etxerako bidean, urtero, ekainaren 23an.

Umetan, ordea, ez nien halako xarmarik hartzen baserriei. Ataritik bertan ukuilua egoteak erabat deskolokatzen ninduen; hango behien marruek, simaur usainak eta ilunpeak goibeldu egiten ninduten; errematea izan zen baserri batean deskubritu nuenean komunak zuzenean kortara ematen zuela; horrela ez zegoen «etxe ttipitto aintzin xuri»-en glamourra harrapatzerik. Horrezaz gain, «menditto baten gainean» egoteak urrutiko egiten zituen baserriak; neguko igande iluntzeetan, lagunak etxera —baserrira— joan behar zuenean mendi bide aldapatsuan gora, kupitu egiten nintzen. Kalekumearen larritasuna.

Handia filma bi aldiz ikusi behar izan nuen; bigarrenean zentratu nintzen Migel Joakin Eleizegiren istorioan. Lehenengoan, izan ere, trabatu ninduen hasieratik halako hunkidura sakon batek, eta ezin aurrera egin. Altzoko baserri duin bezain pobre hartako giroak bahitu egin ninduen; esaterako, Erraldoiaren aitak hartu beharreko erabaki zail—zein seme bidaliko gerrara— eta ez salomonikoak; baserritarra, betiere, kanpotik zetorren ezinbestekotasunaren menpe. Ramon Agirre eta Joseba Usabiaga aktoreek antzezten dituzten Antonio eta Martin aita-semeen arteko xextrak beste norabait eraman ninduen; zuzenean ez ezagutu arren, memoriaren zirrikituren batean finkatuta dagoen eremu latzen batera.

«Oroitzapen mingarriek oso luze irauten dute, eta bizitza osoan gorde daitezke, ez bakarrik gizabanakoen artean, baita belaunaldiz belaunaldi ere, kontakizunen bidez pasatu baitaitezke». Mazahir T. Hasan biofisikariaren hitzak, Edu Lartzagurenek egindako elkarrizketan (BERRIA, 2019-06-07). Kontzienteki, nik ez dut jaso —senitartean behintzat— oroitzapen mingarrien belaunaldiz belaunaldiko kontakizun dramatiko espliziturik. Baina susmatzen dut Altzoko aita-semeen eszenak ebokatu zidala baserriaren inguruan —baserria generiko modura hartuta— daukadan iruditeria sentimentala, plano arrazionalean baino gehiago emozionalean garatua. Eta hor, modu tazituan izanda ere, egongo da atzeko belaunaldien herentzia.

Handia pelikula bi aldiz ikusi behar izan nuen bezala, bi aldiz errepasatu dut Basa, Miren Amurizaren nobela. Hasieratik harrapatu ninduen Altzerrekako giro desanjelatuak: animalien presentzia etengabeak, usainek, leiho ertzetatik sartzen den haize deserosoak... Irakurleari bere tokia —eta zeregina— uzten dioten horietakoa da egilea, esandakoa baino gehiago iradokitzen dutenetakoa. Era berean, kontaera soil bezain landua dauka, hari nagusian sorpresaz txertatzen dituen flashback-ak adibide. Bigarren irakurraldian gorpuztu zait bete-betean Sabinaren pertsonaia. Edo, zehatzago, Sabina-sinboloa. Emakume basaren izaera, portaera eta bizimoldean, denok ezagutu ditugun beste emakume basa samar batzuen printzak topatzen ditu irakurleak. Dena dela, anekdotatik haratago, eredua gailentzen da. Emakume sendo eta beregainaren eredua, horretarako, sentipenak atzeko poltsikoan gordeko baditu ere.

Badira hamarkada batzuk baserria eraldaketa bizian sartu zenetik, etxeko gizonak fabrikara joan eta baserritar misto bihurtzen hasi zirenetik; Sabinaren kofradiako etxekoandreek alabak ere fabrikara bultzatu zituztenetik. Hala izanda ere —eta herri honetan nahikoa landu den etnografiatik haratago—, azala apur bat haztatu eta baserri giroan arragotutako kulturaren aztarnak aurkituko lituzkete antropologoek; erabat fosilizatu baino lehen, mereziko luke zantzu horiek identifikatzea, geure buruaren —norbanako nahiz kolektibo— ezaguerarako. Bide batez, belaunaldiz belaunaldiko oroitzapen mingarri tazitu traidoreak San Joan sutan erre ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.