elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Zine gehiago!

2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Luis Eduardo Auteren behialako kanta ibili dut lehen planoan aurreko egunetan: «Cine, cine, cine...» zioen hura, «zine gehiago, faborez» eskatzen zuena. Zinemaz osatuta egon gara Donostian hilaren 20a ezkeroztik. Norberak bere menua egiten du Zinemaldirako, hainbat faktoreren arabera: denbora, liseritzeko gaitasuna, dirua... Eta oinarrian, irizpideak. Hau da, zein genero gustatzen zaion, interesatzen zaizkion gaiak, nongo zinemak pizten dion arreta, zer ez den iritsiko gero areto komertzialetara... Aukera, normalean, ez da erabat borobila ateratzen; beti dago hautatu duzun pelikula horien artean damutuko zaizunen bat; edo, gutxienez, zenituen espektatibak betetzen ez duenik. Eta, hala ere, zine gehiago eskatzen dizu gorputzak edo arimak-.

Ibili naiz Guatemalan, Temblores filmarekin, Eliza ebanjelikoak gizonezko ezkondu homosexualei aplikatzen dizkien terapia inozo bezain bihozgabeak ezagutzen. Hurrena, Grezian, Helena Tabernaren Varados pelikula dokumentalarekin; eta hor, behingoz, aurpegia, begiak eta arima jarri dizkiet Siria, Afganistan eta abarretako errefuxiatuei; ez ditut gizarajo eta gajo modura sentitu, pareko baizik, duintasunari eusten kanpaleku prekarioetan, zain eta zain, trabalekutik ateratzeko. Begiak bete zaizkit La cordillera de los sueños-ekin, Andeetako handitasuna eta Txileko errepresio basatia batu eta kontrajartzen dituen Patricio Guzmanen obrarekin. Hunkitu egin nau, elkartasunaren zirrarak jota, Argentinan abortatzeko eskubidearen alde daramaten mugidari buruzko La ola verde (que sea ley) dokumentalak.

Oliver Laxe zinegile galiziar-frantsesak egun hauetan esan duen bezala, zinea, ulertzeaz gain, sentitu ere egin behar da. Sentipenak kontrako eztarritik joaten dira batzuetan. Adibidez, lotsatunau —eta amorratu— zesta-puntako euskal pilotari mexikartuaren eskrupulurik gabeko pertsonaiak; Roberto Gavaldonen La noche avanza pelikulak, eta haren protagonista Marcos Arizmendik, aringarri bakarra dute: 1952koa dela matxismoaren antologian artxibatu beharreko zinema lan gogaikarri hori.

Kontrastean, Delphine et Carole, Insoumuses dokumentalak deskubritu dizkit 70eko hamarkadako bi zinegile frantziar, feminismotik aritu zirenak, diskurtsoa eta praktika borobil uztartuta: Delphine Seyrig eta Carole Roussopoulos; tartean, Simone de Beauvoirren presentzia, bere turbante eta guzti. Zerbaitegatik azaltzen zen Beauvoir: bere izeneko ikus-entzunezko zentroa sortu zuten Seyrigek eta Roussopoulosek, Ioana Wiederekin batera, 1982an, emakumeen historia, eskubide, borroka eta sorkuntzari buruzko lanak hedatzeko.

Zinema lengoaia unibertsala da, agian unibertsalena gaur egun, ikus-entzunezkoak daukan irismen ahalmenarengatik. Donostiakoa bezalako zinemaldi batean frogatzen duzu badagoela zinemarik Hollywoodez eta Woody Allenez aparte. Bide batez, berresten duzu heroiak ez direla ezinbestekoak zineman eta errealitatean-. Costa-Gavrasek esana bere azken filmeko protagonistaren eredua den Giannis Varufakisi buruz: «Pertsona ausarta da, baina ez da heroi bat. Ez dugu heroirik behar, baina bai erresistentzia egiten dakiten pertsonak».

Donostia Zinemaldiak soberan dauzka Maria Cristina hotelaren atarian eta Kursaalaren sarreran izarren zain egoten diren fan-en txilio histerikoak; soberan, festaren bat edo beste eta, zer esanik ez, iaz estreinatu zuen SSIFF akronimo esangaitza. Hala eta guztiz ere, glamour miaztuaren erdian, Donald Sutherland aktore kanadarrak botatako «Eskerrik asko Euskal Herria... Euskal Herria... Euskal Herria» sekuentziak eramaten du Zinemaldia konplizitatezko beste eszenatoki batera.

Negu gorrian, areto komertzialetako kartelera eskastua begiratu eta behin baino gehiagotan botako dugu faltan Zinemaldiko programa, eskaintza askotariko eta aberatsa, zinema dokumentala barne. Auterena: zine gehiago —eta hobea— faborez!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.