Frida Kahlorena izan daitekeen grabazio bat aurkeztu duten egun berean iritsi zait Urtzi Urkizuk idatzi artikulua, Jesus Mari Olano zenak 1964tik 1972 bitartean grabatutako euskal ekitaldien ingurukoa. Onlineko edizioan, adibiderako, Biurriak ye-ye taldea edo Mikel Laboa (Ramon Saizarbitoriak aurkeztuta) daude entzungai. Baita Gabriel Arestiren hitzaldi baten zatitxo bat ere. Hitz lauak zirrara handiagoa eragin dit.
Berez, Kahloren aurkikuntza da bakanagoa, ez baikenion ahotsa ezagutzen. Mexikar margolariaren inguruan dagoen mitomania gorabehera (gehiegizkoa, marka baten erakuskeriaren antz handikoa), irudipena dut haren ahotsaren kontua nabarmendu gabe igaroko dela, jendeak, baita zaleenek ere, ez ikusi eginda. Esatari profesional baten ahots eder eta hotza da audioarena, bere ustezkoegia. Nekez egiten du bat zabaldu duten artista tormentatuaren irudiarekin.
Arestiren ahotsak, bere olerkiak errezitatuz lehenagotik ezagutzen genuenak, berriz, arranditsu eta solemnea den arren, bera ere paperetik leitzen ari bada ere, badu tonu zalantzati bat (sinonimoen segidan erakusten duenez), magnetofonoaren beste aldean, etorkizun lauso honetan, entelegatuko duen euskaldunik izanen ote den (eta nolakoa) itauntzen duena.

JIRA
Ahotsak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu