Eskuineko batekin eztabaidatzera hasi eta hitz bakar bati betoa jarri ahal banio, badakit zein aukeratuko nukeen: Venezuela. Ikaragarria da Espainiako eskuinak Venezuelarekin duen tema. Edozertarako kontra-argudio ustez suntsitzailea zaie (Orain jakin-mina dut zer hitz betatuko lidaketen niri).
Esanen nuke Venezuelak Kuba ordezkatu duela halako argumentario errazetan. Aldekoek ere gero eta gutxiagotan aipatzen dute Karibeko uhartea. Egun batean irakurriko dugu zergatik, saiakera edo artikuluren batean. Zorionez (diot nik) eskuindarrek eusten diote Kubaren adibidea ateratzeko ohitura onari eztabaida homosexualitatearen ingurura lerratzen denean.Guevara Che-ren esanak edo Fidel Castrok maritxuak nola tratatu zituen gogora ekartzeko. Bitxia da hori ere. Komunistak ontologikoki homofoboak dira, definizioz, eta, aldi berean, gure seme-alabak doktrinatu nahi dituzte genero teoriaren bidez. Kontraesana ikusarazten saiatuz gero, berdin zaie.
Orain berdin izanen zaie esaten zaienean Kubak Familia Kodea aldatzeko asmoa duela ezkontza homosexuala eta adopzio homoparentala onartzeko. Haurdunaldi subrogatua ere onartuko dutela leitu dut. Ez dadila izan europarrok bertako emakume pobreak labetzat erabiltzeko.

JIRA
Kuba/Venezuela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu