Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Memoria

2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Albistegitan bata bestearen segidan entzun genituen bi titular orain ia bi aste: «Francoren desobiratzea onartu du Pedro Sanchezen gobernuak» eta «CDRko 9 kide atxilotu dituzte terrorismoa egotzita». Zer etorri, eta zer ez, ote zitzaigun gogora?

Ez da erraza gure garunak nola funtzionatzen duen jakitea. Izatez, gure organoen artean ezezagunena da guretzat, diferentzia handiz. Badira, hala ere, badakizkigun gauzak eta oinarri sendoa duten zenbait teoria. Horietako bat ikaskuntza Hebbiarrarena da.

Neuronek, sinapsi deritzen konexioen bidez, sare erraldoi bat osatzen dute. Sare horretan komunikazioa korronte elektriko bidalketa bidez gauzatzen da. Neurona bat aktibatzen denean, korrontea bidaltzen du lotura duen neuronetara, eta horren ondorioz aktibatzen dira besteak; edo ez, neurona bakoitzak aktibatzeko behar duen korronte kopuru minimoaren arabera. Teoriak dio lotura horiek sendotzera jotzen dutela aldi berean aktibatzen diren neuronen kasuan, eta ahuldu egiten direla bestela. Neurons that fire together wire together esan ohi da inglesez. Horren arabera gure garuneko sarea etengabe doa moldatzen, eta etengabe ari gara gauzak ikasi eta desikasten, nolabait esateko.

Memoriak ere hein batean hala funtziona omen lezake. Usain batek neurona batzuk aktibatuko lizkiguke, eta neurona horiek berekin lotura dutenak. Hala, usain horrek oroitzapen edo pentsamendu jakin batzuk ekarriko dizkigu, lotura horiek baldintzatuta.

Titularrok aditzerakoan ere bakoitzari neurona ezberdinak aktibatuko zitzaizkigun. Gure garunetan lotura ezberdinak aktibatuko dituzte Franco, atxiloketa eta terrorismo hitzek. Bakoitzaren adin, bizileku, bizipen historiko, pertsonal, irakurketa, kontsumo kultural eta abarren araberakoak izango dira loturak, urteetan sendotu eta ahuldutakoak. Eta horren araberakoa titularrok entzutean gutariko bakoitzari gogora etorriko zitzaiguna.

Horiek prozesatzeko lanean ari ginela iritsi dira titular gehiago asteon: Arantza Zulueta eta Jon Enparantza kartzelara sartu eta biharamunean izan da Urriaren 1a. Bigarren urteurrenaren aitzakian, ikusi ditugu orduko jende oldeak berriz argazki eta bideotan. Oroitu dugu orduko errepresio polizial bortitza. Procés-aren epaia ezagutu ataritan berriz da 155.a mintzagai. Zer eta orain hilabete eskas azken urteetako Diadarik apalenaz ari zirenean komunikabide eta norbanako asko.

Memoria historikoa memoria kolektiboak egiten omen du. Eta nago, kolektiboki askotan gure neuronek gure baitan jokatzen duten antzera jokatzen dugula guk ere. Input beraren aurrean aktibatu ohi garenok elkarrekin saretzera jotzen dugu. Jendartean sare estuagoak edo ahulagoak eraikiz eta deseraikiz, unearen eta kontestuaren arabera.

Hala, eraiki ditugun loturen eta saretuta gauden moduaren arabera, pertsona batzuen aktibazioak besteena ekarriko luke. Elkarri korronte elektrikoa pasatzen ariko bagina bezala. Eta horrek eragingo luke une jakin batzuetan kalera jendetza ateratzea, iritzi emaileak antzerako gaiei buruz aritzea, zentralitatea gai batzuek bereganatzea eta ez besteek...

Baina loturak sendotu bezala ahuldu ere egiten dira. Izan denboraren zein nekearen poderioz. Edo defentsa mekanismo gisa beharbada, nork daki. Eta lehen lotura estua zuten sareek zuloak izan ditzakete gerora. Lehen aktibatuko gintuzkeenak aktibatzeari utz diezaioke. Eta horrek eraikiko du unean uneko gizartea, eta, beraz, baita gure unean uneko memoria kolektiboa definituko duen sare-egitura ere.

Historia ez bezala, sare neuronalak aldakorrak direlako; eta, ondorioz, baita memoria ere. Ea asmatzen dugun, bizirauteko moduan baina, ahanzturan ez erortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.