Sinadura birtualak baino, plaza publikoa nahiago

2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Askotan esan izan da Euskal Herrian kale zaleak garela. Kalean egiten dugu bizitza ugari, kalean poteatzen dugu eta kaleak ematen digu komunitatea osatuz joateko aukera. Kaleak, gainera, erreibindikazio sozial eta politikorako eszenatokia ere ematen digu sarri. Plaza bihurtzen da orduan. Eta plaza horretan, esaten digutenez, euskal herritarrok askotan jardun dugu eskaerak egiten. Trantsizio garaia bereziki mugitua izan omen zen, laurogeiko hamarkadan ere izan ziren (ber)industrializazio prozesuak sortutako ugari. Eta ondoren, zoritxarrez, urte askoan bizi izan gara herri honetan manifestazio eta kontramanifestazioaren logikan. Kaleek eta plazek ere bazituztelako lerroak. Eta lerro horien mugetan egon gara denbora luzean.

Baina zer pentsatua ematen diguten elementuak ikusi ditugu azken hilabeteetan. Azken DeustoBarometroan ikusi ahal izan dugunez, EAEko biztanleriaren %71k azken sei hilabeteetan mobilizazioren batean parte hartu dute. Martxoan, emakumeek eraman zuten mobilizazioen lidergoa. Gizartearen zati handi bat izan zuten atzetik eta berdintasunaren aldagaia agenda politikoan sartu da, pentsaezinak izan daitezkeen ondorioekin. Ondoren, pentsiodunen mobilizazioak izan ditugu. Hauek ere lortu dute beraien eskaerek markoarekin bat egitea, Lakoffek eta bere elefanteak esaten ziguten bezala (eskaeren eta belaunaldi arteko talkaren inguruan, hurrengo zutabean). Eta hauek gutxi izango balira, justizia ezarekin lotutako mobilizazio ugari izan da bidean: Altsasuko gazteen sententziaren aurkakoa, eta manada delakoaren kontrakoa ere bai. Paradigma aldaketa baten aurrean ote gaude? Edo 2018ak izan duen salbuespeneko egoera bat adierazten dute mobilizazio hauek, aurten eguzkia ikusteak eragin duena bezalakoa?

Aztertu dezagun zatika. Mobilizazioetan parte hartu duten pertsonak ditugu alde batetik. Argi ikusi dugu belaunaldi ezberdinetakoak izan direla pertsona hauek, gazteek parte hartzen ez dutenaren mitoa hautsiz. Belaunaldiartekotasuna izan da mobilizazio nagusien ezaugarria. Baina ez hori bakarrik. Belaunaldi ezberdinekoak izateaz gain, jatorri sozial ezberdinekoak ere izan baitira mobilizazioetan parte hartu duten pertsonak. Bi elementu hauek batera, mugimenduen transbertsalitatea ziurtatzeaz gain, bere legitimitatea ere bermatzen dute, gizarteko zati zabalenak babestea baitakar berekin.

Bestetik, ukaezina da mobilizazioek izandako eragina. Mugimendu feministak eta baita pentsiodunek ere euren gaiak agenda publikoan sartzea lortu dute. Egungo eztabaida publikoa ulertezina da udaberri euritsu honetako mobilizazioetan gertatu dena kontuan izan gabe. Bertatik eratorri behar dira egungo politikaren logika nagusiak eta baita, seguraski, hurrengo mobilizazioetarako arrazoiak ere.

Eta bada berrikuntzarako azken elementu bat ere: pertsona gehien mugitzen dituzten mobilizazioetako gaiak ez dira, dagoeneko, aurreko hamarkadetan manifestazio eta kontramanifestazio logika mugitzen zuten gai berak. Gai sozialak igaro dira gizarte mobilizazioen lehen mailara eta ziur esan dezakegu geratzeko etorri direla. Lehen aipatutako DeustoBarometroaren arabera, populazioaren %88k babestu egiten dituzte pentsiodunen manifestazioak, %88k tresna gisa babesten dute mobilizazioa, eta %71k demokrazia zuzeneko tresnak nahiko lituzkete euren herri edo hiriko arazoak erabakitzeko. Gure gizartea jasaten ari den zahartze prozesua kontuan hartuta, datu hauek bi ideia uzten dizkigute agerian: geratzeko etorri da botere grisak izango duen agenda baldintzatzeko ahalmena eta horretarako legitimitate osoa dute mobilizazioek.

Aldaketa momentu batean gaude, bada. Kalea bere tokia eskatzen ari da berriz. Orain dela urte batzuetako teoriei aurre eginez, espazio fisikoa espazio birtualari gailendu zaio mobilizaziorako plaza gisa, jatorri eta adin ezberdineko jendea batzeko gaitasuna duelako. Eraginkorra delako, eta gizarte zibilaren eta erakunde publikoen arteko lotura ezinbestekoa eskatzen duelako. Kalea bueltan da, eta kalearen eta plazaren erabilera albiste ona da komunitate politikoaren (ber)eraikuntzarako. Garai bateko mobilizazioen logika alde batera utzi eta gai sozialak lehen mailan jarrita, gizarte honek erreibindikaziorako tresna zaharberrituak definitu ditu, berriro. Denborak soilik esango du geratzeko etorri diren, baina, sinadura bilketa birtualen gainetik, argi dago euskal gizarteak nahiago duela plaza publikoaren eraginkortasuna eta topagunea. Horretarako ere maite baitugu kalea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.