KRITIKA. Musika

Bilbao Ars Sacrum 2

Jesus Mari Begoña -

2019ko apirilak 24

Bilbao Ars Sacrum: Egurra eta soka.

Egitaraua: Johann Sebastian Bach-en Pasioa San Markoren arabera, BWV 247. Bakarlari, abesbatza eta orkestrarentzako oratorioa. Interpreteak: Conductus Ensemble. Zuzendaria: Andoni Sierra. Non: Gizakunde elizan. Noiz: Apirilaren 16an.

Ikusmina sortu zuen Bilbao Ars Sacrumek erlijio zikloaren azkenetan aurkeztu zuen eta galduta omen zegoan J. S. Bachen Pasioa San Markoren arabera-k (eta zoritxarrez, denontzat lekurik ez elizan). Conductus Ensemblek eskaini zuen, Andoni Sierraren zuzendaritzapean. Eisenacheko konpositore bikainak bost nekaldi asmatu zituen, eta horietatik hiru desagertuta omen ziren oraindik. San Markorena, esaterako, Dresden hiriaren gainean aliatuek II. Mundu Gerran egin zuten bonbardaketaren eraginez ezabatu omen zen. Bada, aspalditik zebiltzan musikologoak eta historiagileak pieza hori berreskuratzeko ahaleginetan, eta gaur egun esan daiteke, azken ikerketen ondorioz, nekaldiaren 50 aleetatik 25ek jatorrizko bertsioa izateko sinesgarritasuna dutela, den-denek berme osoa izan ez arren.

Eta Gizakunde elizan, Conductus Ensemblekoek lortu zuten Bachen usaina ematea, ez bakarrik partituragatik, interpretazioagatik ere bai. Izan ere, San Markoren pasioa ezagutzen ditugun beste nekaldien antzekoa da, bi zatitan banatua (garaian garaiko elizkizunen arabera). Partaideen eta egituraren aldetik parekotasun handiak ditu. Hau da, nekaldiaren narratzaileak errezitaldien bitartez —tamalez ez dira jatorrizkoak— Jesusen azken uneak kontatzen ditu. Gurean Christian Zenker tenorrak kontakizunari zentzua eman zion, fraseatze bikainarekin, ebanjelariaren rolari tinbre atsegina emanez. Aldiz, Manfred Bittner baxu baritonoak ozenegi ekin zion Jesusen predikuari, nahiz eta tinbre oneko printzak adierazi. Beste nekaldietan azaltzen den maila lirikoa Markosenean ere agertzen da, eta ikerlarien arabera, jatorrizkotzat onar daitezke. Hain zuzen, ariak edo ariosoak dira, eta ondo abestu zuten Lucia Gomez mezzoak, Jone Martenez sopranoak, birritan, Ariel Hernandezek bi ariatan, Gabriel Diaz kontratenorrak eta Jesus Garcia Arejula baxuak.

Koralak dira, hain zuzen, nekaldien beste adierazpen erlijiosoak, eta fidagarriak dira oso. Abesbatzaren egitekoa zen hori, herriari irakasteko, moral pietistza eta eduki teologikoez igurtziz; deboziozko testuak, askotan himno zaharretatik ekarriak. Horren adibide parodikoa da hiru bider erabili den Haupt voll Blut und Wunden-en (Buru Odoltsua) musika zoragarria, bestelako testu desberdinekin osatua, edo Wach auf, oh Mensch (Itzartu zaitez, gizon). Bukatzeko, koru monumentalek —hasierako eta azken koroak jatorrizkoak omen ziren— herriaren partaidetza zekarten, bai narrazioaren ekintzan (hots, juduen jarrera adierazterako), bai kristauen debozioa aldarrikatzeko. Agerraldi luze honetan Conductus Ensembleko abesbatzak eta orkestrak interpretazio ona eskaini ziguten, Andoni Sierraren eskuetan, bikain.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna