Euskara merkatuan dago

2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Euskara merkatura jalgitzeko lehen ekimenak 50-60ko hamarkadetan eta gizartetik sortuak izan ziren; hainbat mugarri ditugu horren adierazgarri, hala nola: Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka, Ikastolen eraginez sortutako ikasmaterialgintzaren merkatua… Geroago, 80koan, merkatura zerbitzuak iritsi ziren (euskararen irakaskuntzakoak, itzulpengintzakoak, interpretaziokoak, hiztegigintzakoak, euskara-planen aholkularitzakoak…). Horrekin guztiarekin batera, lan-merkatua ere sortzen joan zen, euskararen gaitasunaren beharra zuten ofizioen bidez. Marketinak ere presentzia handia hartu du azken bi hamarkadetan euskararen jardueran. Euskara eta euskal kulturaren ikusgarritasun eta normalizazio nahitik, salerosketara iritsi da hainbat eta hainbat hizkuntza eta kultur jarduera. Horiek horrela, euskara merkatuan dagoela egun esan genezake.

Eta zein dira euskararen merkatuaren ezaugarriak? Zein dira kultura eta hizkuntza gutxitu baten merkatuaren ezaugarriak? Nola egin dezake aurrera merkatuan hizkuntza eta kultura gutxitu batek? Merkatuko faktoreek nola eragiten dute euskararen merkatuan?... Galdera horien, eta beste hainbaten, erantzunak bilatu beharko genituzke elkarrekin, euskararen merkatuak bere bidea egin dezan.

Merkatuaren ekonomiako definizioetara jotzen badugu (Wikipediara, adibidez), ikus dezakegu merkatua dela hainbat aldek trukea egiteko erabiltzen dituzten erakunde, prozedura, azpiegitura, teknologia eta gizarte harremanen bilduma. Aldeek ondasunak edota zerbitzuak trukearen bidez eskura ditzaketen arren, gehienetan saltzaileek ondasunak edo zerbitzuak (eskulana barne) eroslearen diruaren truke eskaintzen dituzte. Hala, ondasun eta zerbitzuen salneurria ezartzen duen prozesua da merkatua. Merkatuek salerosketa eta banaketa ahalbidetu, eta baliabideak banatu eta kokatzeko bidea errazten dute. Era berean, merkatu bat sor daiteke berez, espontaneo, edota giza elkarrekintzaren bidez.

Alabaina, denboran aurrera, soziologia, psikologia, marketina, historia ekonomikoa, geografia ekonomikoa… bezalako jakintza arloen bidez, merkatu errealak eta bertako pertsonen eta ondasunen zein zerbitzuen arteko elkarreraginak ikertu dira eta ikuspegia zabaldu egin da. Era horretara, merkatua bi modutara begira daiteke adituen arabera, orokorki: A) Merkatuak mekanismo abstraktuak ditu (sentimenduak, harremanak, nahiak, beharrak, esperientziak, lekuak, segmentuak, komunikazioa…), eta horiek tarteko, eskariaren eta eskaintzaren arteko topaketa gertatu eta itunak gauzatzen dira;. B) Merkatua da mundu mailako ekonomia kapitalista integratua, orokorra eta kohesionatua.

Lehen merkatu ikuspegian, kolaborazioak, gizarte ekoizpenak, politika ekonomikoak eta ondasun komunak zentzua dute; era berean, elkarri eragiten diote. Bigarren ikuspegiarekin lotuta dago merkantilismoa, hala nola irabaziak beste helburu edo funtzioen aurretik jartzen dituen prozesua eta ondasunak zein baliabideak merkantzia huts bihurtzen dituena.

Euskararen merkatuan produktu nagusia kultura eta hizkuntza dira, ondare komunak biak ere. Baina euskararen eta euskal kulturaren merkatuak merkantilismoaren eta hizkuntza hegemonikoko merkatuen mehatxuei eta lehiari aurre eginez dirau ahal duen eran. Aurrera egiteko, ondorengo faktoreek berealdiko eragina izan dute euskararen merkatuan: militantziak, lankidetzaren eta lehiaren arteko oreka bilaketak, konpromisoak, irabazi asmorik gabeko jarduera ekonomikoak, sustatze eta babes politikek eta herri gogoak. Leku bat egin nahirik garatu du bere jarduera komertziala euskarak, eta horrek eraman du nagusiki ekonomia sozialeko ezaugarriak izatera, hizkuntza ondasun komun gisa tratatuz.

Hala eta guztiz ere, euskararen merkatua txalupa txiki bat da, kultura hegemonikoko merkatuen itsasontziak ez bezala. Eta denboraleek beste inori baino gehiago eragiten diote, uretatik gertuago baitago, beti urperatzeko arriskuarekin.

Horiek horrela, euskararen merkatuak gobernantzan aurkituko du lur sendoa; gainera, merkatu babestua izan behar du ezinbestean, berariaz landutako hizkuntza, kultura eta teknologia politiken bidez. Horretarako, berrikuntza mekanismoak barneratu behar ditu, atal guztietan: politikak diseinatzeko prozesuetan, kontsumoa ulertzeko eta egiteko eran, burujabetza teknologikoan, gizartearekiko atxikimenduan, hizkuntza eskubideetan… 2008ko uztailean eskaria handitzen lagunduko zuen dekretua onartu zen: Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzkoa. Bide laburra egin zuen jatorrizkoak. Saltoki handietako euskara erabilera erruz handituko zen, baina derrigorrez betetzeko atala kendu zioten hurrengo legealdian, eta kamuts geratu da.

Bitarte honetan guztian, aro digitalak merkatu digitalak sortu ditu, eta teknologiak bide desberdinak hartu ditu. Zatarrenak sistema kapitalistaren logika merkantilistan dihardu, eta denon erabileraren bidez eskuratzen dituen datuak bihurtu ditu negozio, norberaren bizitzak merkantzia bihurtzeraino. Horregatik da hain garrantzitsua burujabetza teknologikoaren bidean sakontzea, ondare komuna eta pribatutasuna babestu egin behar direlako.

Euskal liburu eta diskoen merkatuarentzat garrantzitsua den hilabetean gaude, Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka izan berri (urteko salmenten %20 bertan gertatzen da). Aurtengo azoka egokituan —era digitalean soilik antolatua eta azoka biltegi bihurtuta— parte hartu duten argitaletxeetako arduradunek euren lehen balorazioetan egin izanaren garrantzia azpimarratu eta salmentak espero baino hobeak izan direla adierazi dute; baina asko jaitsi dira eta ziurgabetasuna inoiz baino handiagoa izan da. Kultura eta hizkuntza ekonomiaren bihotza direla uste badugu, merkatua, azoka zein plaza aldarrikatu eta hori guztia eskuratzea dagokigu; eta, benetakoa izateko, ezin du hondar gainean eraikitako merkatua izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.