Itzulezina

2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Enegarrenez, ikasleek itzultzaile neuronal batean euskaratutako lan bat irakurtzen ari naizela bururatu zait Amanda Gormanen bertsoak horrela itzultzea. Emaitzaez da oso pozgarria izan, egilearen eta poemaren zerbait galdu da itzulian. Lola Flores berpiztuak eman dit galdutakoaren pista, beharbada, galdu dena poderĂ­o delakoa da. Baina zer ote da hori? Nola definitu? Ahots artean sortu eta birsortzen den adierazmen singularra? Gogoak eta gorputzak josten dituzten mintzoen sentikortasuna?

Mintzoetatik hizkuntza edo lengoaia deritzon kodera igarotzeko, hitz egitearen sormen singularrak mugatu behar dira, berbaroaren ahotsen adierazkortasun nahasiaren ordez arauen ordena lehenetsiz. Ahozko hitza izkribu, gramatika eta hiztegietan arautu behar da. Hala izan da mintzo guztietan; lehendabizi, noski, idazketa ibili zuten zibilizazioetan, estatu eta eliz hizkuntza idatziak izan zituzten haietan. Beraiek zabaldu ahala, zabaldu zen hizkuntza, gorputz arteko praktika izan beharrean, adimen hutsezko kodea zelako ideia; eta, halaber, kode horien artean homologazio eta baliokidetza unibertsala ezartzeko xedea.

Aski beteta dago xedea. Europako hizkuntzak, esaterako, zibilizazio eta hizkuntza konbergentzia larri baten emaitzak dira; gehienean latin kristauaren araupean egindako konbergentzia. Legegile eta dotrinagileen lan zailduetan bezala, mintzo arteko harreman arruntetan ere emeki egosi zen hizkuntzen arteko homologazioa eta hitzen eta esaldien baliokidetza. Eta Europatik mundura hedatu zen, inperio kolonialek hizkuntzen arteko ekibalentziak behar dituztelako, baita, ahal dela, hizkuntza edo kode translinguistiko bakarra ere. Biblia eta legea berdin irakurri behar dute mihi guztiek, berdin aditu gogoek.

Konbergentziak, beraz, bi efektu ditu: hizkuntzak solasetik askatzen dira, hitz egitetik aldendu, eta sentimena dena erreala adierazteko tresna bezala agertzen zaigu, eta horrela, hizkuntzak errealitatea biltzeko azal homologatuak bilakaturik, erraz ordeztu ditzakegu. Konbergentzia ez da eten. Itxura batean, globalizazioak mintzairen eta kodeen nahasmena ekarri digu; urte hasieran zendu zen Jan Blommaert soziolinguistaren hitzetan: superdiversity egoera bat. Ez da, inolaz ere, gatazka eta bortxa barik gertatzen ari den nahaspila, ezta sormenik gabe ere. Sarritan, itzultzaileen ardurak eta buruhausteak itsumustuan konpontzen dizkizute kaleko ahots nahasiek.

Hala ere, uste dut oraingo konbergentziaren protagonistak batera astintzen gaituzten bi erauntsi oldarkor direla: lehenengoa, estatu eta elizen gainetik, gure gogoa eta berba mamitzen dituzten plataforma globalena; bigarrena, mintzairen eta kodeen arteko arrakalak aise gainditzeko baliabideak eskura jarriko dizkiguten hizkuntza teknologia digitalena. Lotu ditzadan biak galdera batean: plataformen kapitalismo globalaren testuinguruan, zer dira hizkuntza teknologiak hizkuntza gutxituentzat, aukera edo arrisku? Aukera, maite dugun mintzoa bizi praktiketan susper dadin? Ala karga astuna egiten zaigun mintzoa dispositiboek arindu diezaguten aukera?

Nire hipotesi ezkorrena: globalizazioak eta hizkuntza teknologiek, hizkuntzak merkantzia eta jabego pribatua bilakatzeko joera bizkortzeaz gain, hizkuntza gutxituak sozialki eta psikologikoki baliogabetuko dituzte. Ezkorregia? Uste dut mintzairek bizi praktiketan dutela balio, haietatik at hizkuntzak gordailu zenbaitetan gorde ahal dira corpus eta gorpu, baina baliorik izan dezaten bizi praktiketara itzuli behar dute. Itzulbide teknologikoei esker, gorpu diren hizkuntzek bizi berri bat izan dezakete, zenbait bizi praktikatan berpiztuta, baina alderantzizko efektua ere gerta daiteke, eta bizi balio apurrik duten hizkuntzak menu digitaletan ehortzi. Gauza bera esateko, zertan hautatu azala baino ez den mintzaira? Alegia, nekez itzuliko dugu bizi-praktiketara, aho-belarrietara, sentimen eta adimenera, orotan ordeztu ahal den mintzo erdi hila, eta horrela, nekez lortuko ditu itzulerako beharko lituzkeen adierazpide bizigarriak.

Hala balitz, gurpil zoro hartatik ihes egiteko ataka Roman Jakobson linguistak teorizatu zuen hizkuntzen funtzio poetikoa izan liteke. Hitz egite poetikoan esana eta esangura bat bera dira, banaezinak forma eta edukia. Poesian hitzak ez dira ostentzen esanguren atzean, esateko erak berak hunkitzen eta ukitzen gaitu, laztu eta poztu; hala eragiten diguten hitzok sentitzen ditugu. Alegia, praktika poetikoan hitzek kasik itzulezina den materialtasun sentigarria hartzen dute. Ba al dugu euskaraz halako gaitasunik nahikoa? Ba al dugu sormen poetikorik, hots, poderiorik aski?

Nire hipotesi ezkorrari topatu diodan ataka balekoa balitz, bizimodu global eta teknologikoetan euskararen politikek begi eta gogo eman beharko liokete euskararen funtzio poetikoari, bai eta hura ahalbidetzen eta sendotzen duten praktikei ere. Eta, hala izan ala ez izan, edonola ere, bistan da serio pentsatu beharko dugula hizkuntzen teknologizazioak zer ekarriko digun botere globalen garai honetan eta nola jokatuko dugun haren ondorio anbiguoen aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.