Euskaldunon telelana

2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
«Hegazti errariak pausatu dira leihoan,argia eta itzala bereizten diren lekuan,argia eta itzala leihoan pausatu dira hegazti errariak...»

Joseba Sarrionandia

Geratzeko asmoz, telelana etxeko leihotik sartu zaigu. Argi-ilunak arakatu beharrean gaude euskaldunok.

Hizkuntzen atzean mundu bat dago, eta, era berean, mundu hori deskribatzeko hizkuntza dugu. Gizarte-antolaketan telelana izaten ari den eragina neurtzen zaila da, baita hizkuntzan eta bere teknologian izango diren ondorioak ere.

Euskaltzaindiak argitaratutako glosario honek telelanaren fenomenoak dituen ezaugarriak bistaratzen dizkigu: atzeko plano birtual; aurrez aurreko lan edo lan presentzial; bideodei; bideokonferentzia; bilera birtual edo telematiko; deskonexiorako eskubide; groupware edo elkarlanerako software; kontziliazio edo lana eta bizitza pertsonala bateragarri egite; lanaldiaren malgutasun; sare pribatu birtual; telelan; telelangile; teknoestres edo estres teknologiko; urrutiko lan; web-kamera... Telelanaren etorrera masiboarekin kontzeptu berriak bereganatu ditu euskarak.

Garai berri hauetan, lan-mundua buru-belarri murgilduta dago araudi, espazio, teknologia eta pertsonen prestakuntzaren itsasoan. Telelana geratzeko etorri denez, lan-munduko euskalduntzeak, alfabetatzeak eta alfabetatze teknologikoak ere erronka berriak dituzte.

Telelana: itxaropenak eta errealitatea

Gizartea goitik behera eraldatu zuen duela 19 hilabete COVID-19ak, eta lan-arloan eragin nabarmena izan du birusak. Etxeratze-aginduak langile asko behartu zituen lehen aldiz etxetik lan egitera, eta enpresek ere lana antolatzeko molde berrira egokitu behar izan zuten bat-batean.

Zirimiriaren erritmoan zetozen fenomeno teknologiko batzuek zaparrada eta ekaitzaren itxura hartu dute birusaren ondorioz, dena blai-blai eginda utziz.

Aurrekarietara jotzen badugu, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egin nahian, Europa iparraldean topatuko ditugu adibiderik garatuenak. Horiez gain, lan-merkatua ingurune digitalera moldatzeko asmoz, Alemania eta Frantzia ere aipatzekoak dira. Herrialde horien lan-erreformako legeetan langileen deskonektatzeko eskubidea aitortzen da duela hamarkada batetik; Alemanian 2011tik (Volskwagenen kasua zela medio) eta Frantzian 2016tik (Loi El Khomri legearekin).

Bat-bateko fenomeno masibo honek, argiak eta itzalak, gaitasunak eta gabeziak utzi ditu agerian. Gaitasuna izan du gizarteak egun batetik bestera antolatu eta lanean jarraitzeko, zeuzkan bitartekoekin, hala nola etxea lantoki bihurtzeko eta zaintzari eutsi ahal izateko. Bat-batekotasun horretan ezin zela denbora gehiegi iraun ikusi da; izan ere, desberdintasunak (belaunaldikoak, ekonomikoak, hizkuntzakoak, kulturalak...) areagotu ditu. Izan ere, emakumeak kaltetu, lan kolektiboa trabatu eta laneko harreman informalak eragotzi baititu.

Abantailak hor daude, noski: lanerako joan-etorriak laburtzea, aurrez aurreko bilerak eta bideokonferentziak uztartzea, malgutasuna, osasuna zaintzea...

Indarrean dagoen 2020ko iraileko telelanaren legedian, esate baterako, Hego Euskal Herrian eragiten duena, hainbat zehaztapen egin dira: urruneko lana eta telelanaren definizioak, deskonexiorako eskubidea, enpresak bitartekoak jartzeko betebeharra, langilearen eta enpresaren arteko akordioaren beharra... Borondateak salbuespen egoeran balio du, baina, gauzak ongi pentsatzeko unea iritsi da.

Telelana eta euskalduntzea: erremintak zorroztuz

Telelanak erronka berriak ekarri dizkio Lan-munduko Euskalduntze eta Alfabetatzeari. Irakaskuntzak erabilpenak bezainbesteko arreta behar duenez, Lan-munduko Euskalduntze eta Alfabetatzeaz gain, Alfabetatze Teknologikoa erabiltzeko garaian gaudela iragarri digu fenomenoak.

Arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko ahaleginak garaian garaiko beharretara egokitzen joan dira: lehenik, alfabetatze teknikoa edo laneko alfabetatzeko ikastaroak izan ziren; ondoren, lan-munduko euskara-planetan txertatu ziren. EAEn eta Nafarroan enpresak, erakundeak eta langileak lana euskalduntzeko egitasmo integraletan murgilduta daude. Egitasmo estrategikoak dira, hezkuntzatik lanerako saltoan etenik izan ez dadin euskararen erabileran. Egitasmo horietan, ezinbestean, metodologia eta baliabide berrituak garatzen joan behar da.

Mezu ezkorrik zabaldu nahi izan gabe, eta errealismotik begiratuta, nola harrapatu du telelanak euskalgintza? Ahul.

Telelaneko legeek lan-esparruko zati bat hartzen dute nagusiki, 50 langiletik gorako enpresak, eta sindikatuak dituztenak, alegia. Kanpo geratzen ari dira, lege babesik gabe, enpresa txikiak, norbere konturako langileak, prekaritatean dauden sektoreak... baita euskalgintzako langile, enpresa eta elkarteen gehiengoa ere.

AEK-ko albisteak harri eta zur utzi gintuen aurtengo apirilean. Asko poztu ginen aurrerapausoa ikusi genuelako akordioan. Halere, berri ona zenak hutsune larriak ezkutatzen ditu sakonean. Nola da posible bestela % 39ko igoera behar izatea soldatatan eta lan-jardunaren % 24ko jaitsierarekin lan-baldintzak normalizatzeko urrun egotea oraindik? Izan ere, arduradunek adierazi zutenez, inbertsioetarako, azpiegituratako eta hobekuntzatarako arazoek hor darraite; langileen lan-baldintzen hobekuntzarekin batera ezinbestekoa horiek ere.

Lan-munduko Euskalduntze, Alfabetatze eta Alfabetatze Teknologikoari behar den tamainan erantzuteko euskalgintzako erakundeek prestatuta egon behar dute, bai pertsonen gaitasunen aldetik, teknologian, eta baita inbertsioak egiteko gaitasunaren aldetik ere. Halaber, fenomeno horrek euskararen beraren garapena dakar; eta terminologia berriarekin batera, hizkuntza-teknologiaren garapen irmoan jarraitzea eskatzen du. Azken batean, sendo eta irmo erakundeen arteko lankidetzan, Euskaraldian ikusi dugun eran eta hurrengo Korrikan beste behin erakutsiko den moduan.

Hegazti errariak badaki leku batetik bestera igarotzen, ekaitzak bustitako hegoak astindu eta bidaiari behin eta berriz ekiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.