COVID pasaportea: egitekoa egin nahi ez denerako neurria

Asier Muñoz, Jon Hernandez
2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
SARS-CoV-2arekin kontaktuan urte eta erdi daramagun honetan, eta kontuan izanik ehunka ikerlan argitaratu direla tarte honetan, harrigarria da Lehendakariak nahiago izatea zientziaren arabera eragin dudazkoa duten neurriak aplikatu, funtsatuago daudela dirudien neurriak hartu baino. COVID pasaporteak du, ezbairik gabe, proposamen guztietan eraginkortasun txikiena. Alde batetik, segurtasun faltsu bat sentiarazten die pasaportedunei, txertatuta egoteak ez baitu esan nahi ezin kutsa gaitezkeenik eta birusa ezin heda dezakegunik. Hau da: nahiz eta txertoaren pauta osoa hartua izan (hirugarren dosia barne), kutsatu egin gaitezke, arinago baldin bada ere, eta beste batzuk ere kutsa ditzakegu. Bestetik, arazo larriak sortu daitezke txertatu gabekoekin; horretaz ohartarazia dute Osasun Ministerioko zenbait teknikarik eta aldizkari espezializatu batzuetako epidemiologo prestigiotsuek.

Gurean, %98 baino handiagoa zen haurren txertaketaren indizea 2019an; horrek esan nahi du gure inguruan ez dagoela zabalduta txertoen aurkako jarreraren arazoa. Hori, osasun arlo publikoan urte askoan egin den lanaren eta hezteko ahaleginaren bidez lortu da. Lehen, osasun etxe bakoitzean eta pediatria kontsulta bakoitzean informazioa ematen zitzaien herritarrei, baita haien dudak argitu ere; gaur egun, berriz, tertuliakideak eta blogariak aritzen dira horretan. Txertatzen ez direnak ez daude txertoen kontra: besterik gabe, gaizki informatuta daude. Haien konfiantza berritu behar dugu, eta, horretarako, Lehen Arretako plantilla indartu beharra dago, ezen ez 4.000 osasun langile kaleratu, Sagarduik urrian egin zuen bezala.

Alternatiba gisa, badira ezartzen errazak diren zenbait neurri, oso eraginkorrak liratekeenak olatu hau eteteko, beste zenbait lekutan aplikatu direnak eta Osakidetzako ospitaleetan aurrez ezarri izan direnak, arrakastaz ezarri ere: Zero COVID plana. Ikuspegi horren helburua birusa transmititzeko bideei erasotzea da batez ere.

Adibide bat jartzearren, demagun herri batean jendea gaixotzen hasten dela ur kutsatua edateagatik. Orain arte erabili den bidea hautatuko bagenu, segurtatuko genuke nahikoa ohe egongo liratekeela tratamendua emateko, botikak eskura edukiko genituzke, eta baita txertoak ere, baina ur kutsatua edaten segituko genuke. Zero planarekin, berriz, edateko on bihurtuko litzateke ura, eta kutsatuta leudekeenak bakartu egingo lirateke, beste inor ez kutsatzeko.

Orain arte eskura daukagun jakintza zientifikoari kasu eginez gero, hauek behar lukete gure ahaleginen ardatz: kutsatzeak ahalik eta goizen detektatzea, transmisioa gertatzen den lekuak gutxitzea, esposizioa saihestu ezin denean gutxienez murriztea, eta kutsatuta daudenak bakartzea. Kutsatzeak goiz detektatzeko neurriak aski ezagunak dira: aztarnari lana areagotzea, langile gehiago kontratatzea, Lehen Arretako baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak modu intentsiboan indartzea, eta, jakina, aurrez aurreko kontsultak berriz ere martxan jartzea, garaiz detektatu ahal izateko hala paziente kronikoen desorekak nola COVID iraunkorraren zantzuak.

Birusa transmititzen den lekuak gutxitzeari dagokionez, badakigu koronabirusa airetik transmititzen dela batez ere, ondo aireztatu gabe dauden eta botatzen dugun airea pilatzen den tokietan. Hortaz, leku itxiak ondo aireztatu besterik ez dugu egin behar, eta erraza da hori egitea; arnastean CO2a botatzen dugu, eta, hura neurtuz, modua dugu jakiteko leku bat ondo edo gaizki aireztatuta dagoen. Lantoki, garraiobide, ostalaritza, kiroldegi, eskola eta abarretan CO2 neurgailuak jarriz gero, jakingo dugu ea transmisio ingurune batean gauden edo ez.

Horrekin batera, ikastetxeetan modu sistematikoan aireztatzeko, edukiera kontrolatzeko eta maskara erabiltzeko protokoloak aplikatu besterik ez genuke egin behar. Eta badira beste neurri sinple batzuk ere, hala nola ahalik eta jarduera gehienak aire zabalean egitea eta HEPA iragazkiak jartzea aireztatu ezin diren lekuetan.

Eta, azkenik, neurri segur aski ohikoena: kutsatutakoak bakartzeko erraztasunak ematea, bereziki haurrak tartean direnean. Horretarako, egia da ezinbestekoa dela Gobernua nabarmen inplikatzea, zeren instituzioek ekonomian, lan arloan eta esparru sozialean lagunduz gero baino ez baita neurri hori benetan eraginkorra izango. Eta, hala ere, inbertitutako diru horri esker, ehunka mila euro aurreztuko lirateke tratamendu medikoetan, laneko gaixoaldietan eta erialdiaren osteko ezintasun laguntzetan.

Hobe COVID pasaportea ezer ez baino? Dudarik gabe, bai. Beti da hobe zerbait egitea ezer ez egitea baino, baina COVID pasaporteak, berez, ez du balio gaixotasuna heda ez dadin; hori txertoen funtzioa da. Pasaportearen neurriak, beharrezko neurriak hartzen ez diren bitartean zerbait egiten delako itxurak egiteko balio du.

Hilabete zaila datorkigu: kutsatzeek gora egingo dute izugarri, eta jendeak oro har sentituko du datuak txarrak direla baina ez dela neurri egokirik hartzen. Azken burutazioa: Osakidetzako langileak oporrik gabe uztea (leher eginda eta neurriz gain zamatuta dauden langile horiek), eta aurrez aurreko kontsultak urritzea, kontratazio publikorik ez dagoela kamuflatzeko. Dena atzekoz aurrera.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.