Itziar Diez de Ultzurrun Sagala.
ARKUPEAN

Mahai gainera

2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Adam Smithek XVIII. mendean idatzi zuen ez dela harakinaren, garagardogilearen eta okinaren borondate onari esker jakiak mahai gainera etortzen zaizkigula, baizik eta langile horiek beren onurari begiratzen diotelako. Jatekoak nola eskuratzen ditugun gai ekonomiko funtsezkoa denez, horretaz arduratu zen ekonomia modernoaren aitatzat jotzen den hori, eta bere onura baizik axola ez zaion gizon ekonomikoaren eredua ekarri zigun. Gizaki hori asmatzearekin batera, merkatuaren esku ikusezinaren metafora ahaltsua ere moldatu zuen.

Margaret Douglasek idatzirik utzi ez bazuen ere, berak bazekien, ederki eta ezinbestean jakin ere, Smithek ez zuela jakiei buruzko gorabehera guztiez hitz egiten egungo kapitalismoaren oinarri diren kontakizun horietan, bere semeak ez zuelako aipatzen, adibidez, bi eskuk (ikusteko moduko hezur-haragizko bi eskuk) prestatzen zizkiotela mahai gainean aurkitu ohi zituen janari haiek. Margaretek, ordea, bazekien, besteak beste, bereak zirelako eta egunero erabiltzen zituelako harategian erositako okela gisatu bihurtzeko, semea zaintzeko eta haren ongizateaz arduratzeko, Adamek Nazioen Aberastasuna idazten zuen bitartean. Nolanahi ere, Smith ez zen gai izan esku hurbil eta lanpetu horiek ikusteko eta zaintzak ahantzi zituen bere teoria ekonomikoa eraikitzean, zaintzak eta merkatutik at dauden hartu-eman guztiak.

Karl Polanyik XX. mendean ondorioztatu zuen sistema kapitalista anomalia historiko bat zela eta kapitalismorik gabeko gizarteetan, merkatua egonik ere, indar handiko arauak zirela elkarrekikotasunean oinarrituriko harremanak, elkartasunak bideraturiko birbanaketak eta auzolanaren gisako betebeharrak. Hartu-eman horiek funtsezkoak jotzen zituen bizitzarako, baita gizarte kapitalistetan ere.

Amaia Pérez Orozco XXI. mendean ohartarazten ari zaigu bizitzaren iraunkortasuna jarri behar dela erdigunean eta, horretarako, ikuspegiak aldatu behar ditugula. Ulertu behar dugula ekonomia diruaz haratago doala, merkatutik at ere badela ekonomia. Gezurra dela ongizatea lortzeko modu bakarra kontsumitzea dela eta denok ongi bizitzeko oinarrizko baldintzak ziurtatuko dituzten gizarteak eraiki behar ditugula. Norbanako buru askia mito bat dela, elkarren mendeko garela. Zaintzaileak behar izan genituela haurtzaroan. Nork zainduko behar izaten dugula eritzen garenean eta nork zainduko beharko dugula zahartzaroan. Ekonomia sozial eta solidarioak bultzatzen dituen balioak ere bat datoz Pérez Orozcok lantzen duen ekonomia feminista horretako gogoeta eta proposamen anitzekin: justizia soziala, jasangarritasuna, demokrazia, elkartasuna, elkarlana, gizartea eraldatzeko nahia... Eta errentagarritasun ekonomikoaren gainetik bizitza jartzearen beharraz hausnarketa joriak egin dira ekofeminismoaren esparrutik ere.

Ez ikusiarena egiten zaien heinean garrantzia kentzen zaie, eta prestigioa ukatzen zaintza-lanei, eta ogibide direnean errazago prekarizatzen dira. Ikusezinarena egiten zaien heinean gutxiesten segitzen dugu bizitzari eusteko balio duten lanak eta zaintzarekin lotutako eginkizunak.

Heldu den Martxoaren 8ko greba feministak, besteak beste, zaintzak erdigunean jartzeko garaia dela aldarrikatu nahi du, eta argitara ekarri behar direla, fokupean jarri. Eta niri, zientzia ekonomikoaz askorik ez dakidan arren, bizitzaz dakidantxoak erakusten dit zuhurragoak eta egiazkoagoak direla Polanyiren, Pérez Orozcoren eta ekonomialari feministen hausnarketak Smithen egia herren haiek baino; eta, gainera, niretako onuragarriagoak direla bai norbanako naizen aldetik, bai erkidego bateko partaide naizenetik. Horregatik guztiagatik, eta kapitalismoaren logikatik at dauden hartu-emanak erdian jarri gabe ez dagoelako utopia berririk ontzerik, aurten greba eginen dut berriro Martxoaren 8an, jakien prestalanez arduratzen diren eskuak ere mahai gainera ekar ditzagun behingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.