elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Azpi-ordezkatuak

2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Google-k partitzen duen albiste mazedonia zaharminduan iritsi zitzaidan hauxe telefonora, joan den astelehenean: «Piden a los vecinos de Olite que falseen conocer villancicos en euskera para grabar un programa de ETB». Alegia, euskal telebistak Erriberrin grabatuko duela gabon gauerako saioa, eta herriko udalak biztanleei dei egin diela, gabon kantak ez jakin arren ere, grabazioan egon daitezen. Agrupemos Olite-Erriberri Elkartuk gobernatzen du herria 2015etik; Maite Garbayo alkateak zabaldutako gutunean, elkarteak, merkatariak eta herritarrak oro animatzen ditu saioan parte hartzera «ikusleria oso ugariko erakusleiho horretan, herriaren idiosinkrasia islatuko delako»; eta horrek hedapena izango duelako espazio zabal batean, «hainbat autonomia-erkidegotan eta baita Euskal Herri frantsesean ere». Alkateak herriaren nortasuna azaltzeko modua ikusten duen tokian, El Español-en adarra den navarra.com-ek iruzurra ikusten du.

Coral Olitensek ETB1eko Ahotsak saioan izan berri duen arrakastak jarri du nonbait telebista Erriberrira begira. Astelehenean bertan, Sartagudako abesbatza zen lehiakideetako bat. Kantoreek ez zuten aurrera egin, makal aritu ziren, baina Sartagudako abesbatza bertako Memoriaren Parkean kantuan ikusteak zirrara eragiten zuen. (Beste mokadu bat El Español-eko haginkarientzat). Ahotsak saioak —reality show osagaiak alde batera utzita— badu azpimarratzekoa den ezaugarri bat: abesbatzen bidez, herriak erakusten ditu, pasadizoan besterik ez bada ere, eta ezagutarazten ditu herritar batzuk behintzat, taldean kantatzera zaletuak. Abesbatzak herriaren ordezkari modura jokatzen du. Asteleheneko saio horretan bertan arabarrak ziren beste bi taldeak: Zigoitiakoa bata, Erribera Beitiakoa bestea. (Eskurtsioa zor diot azken herri horri, ez baitut ezagutzen).

Kontua da herriek apenas dutela tokirik telebistan, bereziki albistegietan; ezbeharren bat gertatzen denean atera ohi dira: suteak, uholdeak, istripuak, hilketak... El Caso-ko materiala, alegia. Zorte pixka batekin, azoka famaturen bat egiten bada, orduan izango dute Telebistan aurpegi erdia behintzat erakusteko tartea herriek: Ordizia, Gernika, Ezpeleta, Agurain, Elizondo... horiek tokia ziurtatua duten klasikoetako batzuk. Eta jan kontuetatik kanpora, kulturan, salbuespenetan salbuespen, Durangoko Azoka, urtean egun jakin batzutan Guggenheim-Kursaal eta enparauen monopolioari koxka bat jateko gai.

Aurten Durangon estreinatu den liburuetako bat hauxe izan da: Ez gara neutralak. Izenburu probokatzaile horren azpian, garai bateko eliz liburuen estiloan dator esplikazioa: Argia-ren kazetaritza zenbait historia, ideia eta praktikaren bidez azaldua. Gorka Bereziartuak idatzi du liburua, Argia-ren mendeurrenari azken puntua jarriz. Argia-tik abiatuta egungo hedabide sistemaren eta kazetagintzaren analisia egiten du kazetariak, hausnarketa sozio-politikoari helduz. Eztabaidarako gai ugari eskaintzen du lanak; egileak berak aitortzen du: «Argia-n islatzen dugun Euskal Herria ez da dagoen Euskal Herri bakarra, dauden aukeren artean posible bat besterik ez». Hori onartuta, diagnostikoak ituan jotzen du hainbatetan, esaterako, honetan: «Euskal Herrian badaukagu gizarte zibil bat (...) hedabide askotan azpi-ordezkatua dagoena». Eta aurrerago: «Nahiko ziurra zera da: ordezkaritza edo suplantazioa bizibide duten agenteak egoera horrekin gustura daudela, denen izenean hitz egiteko euren planetan ez baita sartzen gizartetik bestelako ahotsak sortzea, euren kontroletik kanpo».

Herriek —eta herritarrek— telebistako albistegietan daukaten presentziaeskasa zentzu kuantitatiboan nahiz kualitatiboan- jokabide horren metaforatzat har daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.