KRITIKA. Dantza

Aukeran, biak nahiago!

Dantzariak, ikuskizunaren une batean. RUBEN VILANOVA / MATARILE.
Agus Perez.
2019ko abenduaren 18a
00:00
Entzun

'Los limones, la nievey todo lo demás'



Konpainia: Matarile. Sorkuntzaeta interpretazioa: Monica Garcia, Ana Valles. Eremu eszenikoa, argiak eta zuzeneko soinu-edizioa: Baltasar Patiño. Lekua: Donostiako Gazteszena aretoa. Eguna: Abenduak 14.

Sweet Dreams kanta ezagunarekin (Eurythmics, Annie Lennox abeslari) sartu dira eremu eszeniko zurira bi dantzariak, energiaz beteta eta asmo koreografiko zehatzik gabe. Hala ere, sarrera horrekin beren jarrera eta gorputzekin transmititu dizkigute abestiaren indarrak emandako poztasuna eta probokazio leunerako gogoa.

Lehen eszena horretan, bota laburrak, praka estuak eta alkandora zuria jantzi dituzte biek, eta emanaldian zehar arropa-aldaketa esanguratsu batzuk gertatu dira —betiere artifizio gutxiko edertasun soila azpimarratuz—, gorputz femeninoei dien miresmena konstante bat delako Ana Vallesen lanetan.

Dantza izan litekeenaren parodia kutsu subliminala hartu dute lehen une horiek, eta, horretan geundela, ia trantsiziorik gabe aurkitu gara beste egoera batean, non bi gorputzak elkarren kontra jarri, eta jarrera kordegabetu bezain desegituratuetan agertzen ziren, trapuzkoak balira bezala. Horrela zabaldu diote geure baitako sarbidea gero etorriko zenaren diskurtso mentalari, gorputzen eskortzo geldoen bidez, eta oreka zailean lurretik botatako limoiak tentuz zapaltzean.

Xede horri begira, ezin egokiagoak izan dira Monica Garciak eskaini dizkigun solo indartsuak, haietariko bat isiltasun erabatekoan eta guztiak ere dantzarako daukan gaitasunaren erakustaldi betean. Haietan, energia-kolpe bortitzek unean uneko desesperazioa azaleratzen zuten, eta batzuetan —Arvo Parten musika sublimearekin— bere burua askatu nahi duen arimaren desioa etortzen zitzaigun gogora. Halako batean etorri da Ana Vallesen lehen gogoeta, hitzaren eta isiltasunaren esangura aletuz, eta geroago izpirituen ustelkeriaz hausnartu dugu —zuhaitzen sustrai-ustelduraren metafora polita lagun—, baita ihesaldiaren utopiaz eta hura irtenbide bakarra izatearen posibilitateaz ere. Eta konpainiaren ironia finari fidel izanik, bat-bateko erregistro aldaketak etorri dira emakume bien arteko dialogo filosofikoetan, errealitatera kolpe batez itzul gintezen.

Anartean, hainbat irudi artegagarri —azeri disekatuarekin egindako paralelismoa, adibidez— eta metafora bisual asko tartekatu dira. Bereziki sakona iruditu zait Monica Garciaren gorputz abandonatua aulki segida batetik zeharkaldi estrainio batean desplazatzen zenekoa, Ana Vallesek hurrengo aulkiak prestatzen zizkion bitartean, jarduera horretan batere emoziorik agertu gabe. Laguntza ematen ote zion, ala tranpak paratu? Beste batzuk ere izan dira, hala nola ke-laino batean bilduta eta beroki gorriak jantzita izan duten hitz aspertua, eta emanaldia Pixies taldearen Where is my Mind? kultu-kantarekin amaitu baino lehen, Vallesek ikusleei elur-apurrak banatu, eta edertasuna ala eromena aukeratzeko eskatzen zien, azkenean bere buruari esateko: «Zergatik hautatu?», «aukeran, biak nahiago» esango balu bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.