JIRA
Dama ganbitoa
Toki askotatik iritsia zitzaidan Queen's Ganbit telesaila ikusteko gonbita. Minisail moduan sailkatu dute, ordubeteko zazpi atal baditu ere. Baina beharbada laburtzat jo daiteke egiazki, telesailek azkenaldian pairatu duten hipertrofia orokortua aintzat hartuta. Ikusi dut, ia aho batezko oniritziarekin bat egiteko gogoz. Aitortu behar dut gustatu zaidala, bai, baina susmoa hartu dut telesailak hartu duen fama gehienbat zor diola gizonen mundu itxi batean emakumezko xakelari zirt edo zarteko batek joan den mende erdialdean aurrera nola egiten duen, noiz hauskor noiz hotz. Menpekotasun nagusiak kimikoak dira bertan, eta ez psikologikoak. Mezu garrantzitsua, beharrezkoa, baina ez erabat berria.
Ez zait argitu telesailaren ospearen zergatia. Ezin da xakearen hainbeste zale ezkutuko egon. Berriz diot, ongi dago telesaila, baina harritu nau zer baliabide narratibo gutxi dituen. Istorioak lineal korritzen du ia guztiz. Zerikusirik ez azkenaldian arreta eta miresmen gehiena lortu duten beste telesailekin. Telesailek eleberrien konplexutasuna bereganatu izana goraipatu da askotan generoaren loraldiaz mintzo. Moda hori pasatu da? Telesailak ere (eleberriekin gertatu bezala) irakurterraz hobesten hasiko dira?
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.