Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Ziurgabetasuna

2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Badira hitz batzuk pandemia aurretik beharbada gutxiegi generabiltzanak eta orain nahi baino gehiago darabiltzagunak. Ziurgabetasuna da horietako bat. Orain dena da ziurgabetasun. Badirudi lehen dena zela ziurra, lehen bagenekiela zer etorriko zitzaigun bihar, etzi, urte batzuk barru. Orain ez, orain ez dakigu. Hori ere nahi baino gehiago ari gara entzun eta esaten azken boladan «ez dakigu, ezin dugu jakin».

Baina kontuz ibili behar genuke, ez baitira gauza bera ez jakitea eta jakin ezin izatea. Bi gauza oso ezberdin dira. Zientzialari batentzat, esaterako, ez dakien hura da aztergai. Jakin behar du zer ez dakien, zer ez dakigun, eta jakiten saiatu. Baina zientzialari batek baldin baleki zerbait ezingo duela jakin, ez luke energia eta denborarik xahutuko horretan. Alferrik ariko litzatekeelako jakin ezin den horren bila. Horregatik da garrantzitsua bi horiek bereiztea. Horma baten kontra alferrik ez jarduteko. Baina nola jakin zerbait ezin daitekeela jakin?

Zientzia duela gutxi arte ez da horretaz askorik kezkatu. Edo beharbada kezkatu da, baina zerbait jakin ezingo zuela onartu nahi ezak eraman du ez formulatzera, ez oso serio gutxienez. Orain dela mende bat, ordea, aldi berean alor ezberdinetan egin zuten topo zientzialariek horma horrekin. Eta formalki planteatzea beste erremediorik ez zitzaien geratu: «Eta jakin ezin ditzakegun gauzak baldin badaude?»

Matematikan denbora finituan erabakiezinak diren problemak existitzen direla ulertu zuten garai bertsuan ulertu zuten fisikan ziurgabetasunarekin bizitzen ikasi behar zutela. Izen hori darama hain zuzen ere hori formalizatzen duen printzipioak: Heisenbergen ziurgabetasunaren printzipioak.

Baina zer dio ziurgabetasunaren printzipioak? Askotan partikula baten posizioa eta abiadura aldi berean zehaztasunez jakitea ezinezkoa dela ziurtatzen duen printzipio gisa aurkezten da. Eta hori ere badio, baina hori baino askoz gehiago ere bai.

Heisenbergen ikuspuntu teorikotik, esperimentutan erabiltzen diren neurgailuak (observable ingelesez) operadore edo matrize batzuk dira. Adibidez, posizioa operadore bat litzateke, abiadura beste bat. Maiz esaten da biderkagaien ordenak ez duela emaitza aldatzen. Bada Heisenbergek diona justu kontrakoa da. Ziurgabetasunaren printzipioak dio ez dela gauza bera lehenik partikula baten posizioa neurtzea eta gero abiadura, ala alderantziz egitea. Bidean informazioa galtzen dugu batari eta besteari buruz. Eta hori elkartrukatzen ez diren edozein operadorerentzat. A bider B berdin B bider A ez den matrize guztientzat.

Alegia, badirela neurtu nahiko genituzkeen gauza batzuk, ezin ditugunak aldi berean ziurtasunez neurtu. Partikula baten posizioa zein den zehatz jakin nahi badugu, erabateko ziurgabetasuna izango dugu bere abiadurari buruz. Posizioan errore bat onartzen badugu, abiadura ere jakin dezakegu errore batekin. Baina biak zehaztasunez sekula ez.

Ziurgabetasunaren printzipioak zerbait berria dakar zientziaren mundura. Ez jakitearen eta jakin ezin izatearen arteko marra marrazten du. Ezintasun bat onartzen du, formalizatzen du. Guk ere jakin nahi dugu zein posizio eta abiadurarekin goazen pandemiaren bide honetan. Baina gauza asko dira ez dakizkigunak. Beste asko sekula jakin ezingo ditugunak. Arazoa da ez daukagula Heisenbergen printzipio bat, zer jakin dezakegun eta zer ez ziurtatuko diguna.

Bada hala ere beste marra bat, egunerokoan ulertzen errezagoa dena. Ziurgabetasuna adieraztearekin lotura estua duena. Hizkuntzak ere hutsune soil batez bereizten diguna: ezjakin, ez jakin. Eta sinestuidazue, gehiago daki ez dakiela dakienak, dakiela uste eta ez dakienak baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.