Albistea entzun

Sexua euskaraz kontatzea

Egon badaude sexu pasarteak euskal letretan, baina Katixa Agirre eta Edorta Jimenez idazleek «umezurtz» ikusten dute euskarazko literatura alor horretan, eta Irati Majuelo kritikariak sentsazioa du azken urteotan joera dagoela «bikote heterosexual aspertuak» irudikatzeko.

Irudirako baliatutako testuak: Axularren <em>Gero</em>, Edorta Jimenezen <em>Speed gauak</em>, Uxue Alberdiren <em>Jenisjoplin</em> eta Miren Agur Meaberen <em>Ituna</em>.
Irudirako baliatutako testuak: Axularren Gero, Edorta Jimenezen Speed gauak, Uxue Alberdiren Jenisjoplin eta Miren Agur Meaberen Ituna. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko maiatzak 8

«Eleberrian sexuak pisu garrantzitsua du. Uste duzu euskarazko literaturan hori dela alorrik ahulenetako bat? Umezurtz eta erreferenterik gabe sentitu zara gaia lantzean?». 2020ko azaroan zuzeneko irrati programa bat antolatu zuen Bilboko Consonni argitaletxeak Uxue Alberdi idazlearen Jenisjoplin liburuaren gaztelerazko itzulpena aurkezteko, eta galdera hori egin zion egileari Katixa Agirre idazleak publiko artetik. Urte luzez halakoak idazteko beldurra izan zuela aitortu zion Alberdik, eta bere buruari debeku antzeko bat ezarri ziola, liburu horretara arte. «Pentsatu nahi dut», amaitu zuen azalpena idazleak, barrez, «kontatzen dugun baino gehiago egiten dugula, hutsune handi bat dago-eta hor». Berez, Bernart Etxeparek 1545ean argitaratutako Linguae Vasconum Primitiae liburutik bertatik hasita topa daitezke sexu eszenak euskal literatura idatziaren historian, baina nahikoa al zaie iruditeria hori egungo idazleei? Zer-nolakoak dira euskal letretan topa daitezkeen sexu erreferenteak? Zer kontsiderazio izan du gaiak orain arte? Aldatzen ari da hori? Katixa Agirre eta Edorta Jimenez idazleekin eta Irati Majuelo literatur ikerlari eta kritikariarekin aritu da BERRIA gaiaz, Agirrek galdetu bezala, umezurtz izan ote diren jakiteko, eta, hala bada, zertan eta zergatik.

Eta baietz berriz Agirrek orain ere, umezurtz dela euskal literatura: «Umezurtz da, hain zuzen ere, arreta pizten dutelako alor hori lantzen duten liburuek, zeren eta salbuespena direlako deitzen dute arreta». Edonola ere, haren hitzetan, azken urteetan geroz eta gehiago ikusten da sexua euskal letretan; «batez ere emakumeek egindako literaturan». Hor ikusten du aurrerapena. «Uxueren [Alberdiren] liburua irakurtzean, hori etorri zitzaidan burura, edo Miren Agur Meaberen literaturan ere presente dago, bai poesian bai prosan; Eider Rodriguezek ere egiten ditu eszena nahiko gordinak... Burura etortzen bazait zerbait esanguratsua alor horretan, gehienbat emakumeen eskutik izaten da, baina euskal literaturako beste aita horiek ez ditugu lotzen erotismoarekin, normalean».

Agirrek onartu duenez, berak ez du sexu eszena askorik idatzi bere ibilbidean. Baina nahita bilatutakoa da absentzia hori, esaterako, Amek ez dute nobelan; azaldu duenez, ama bihurtu ostean sexuari uko egin samarra dagoen pertsonaia bat deskribatu nahi izan baitzuen kasu horretan. Eta Atertu arte itxaron nobelan egon badaude pasarte batzuk, baina halako «gutxi» idatzi dituela dio idazleak. Ez berak, eta, orokorrean, ezta idazle gehientsuenek ere, dioenez.

Zailtasuna aipatu du horretarako motiboen artean. «Oso idazle onak ikusi ditut hor kale egiten oso modu agerikoan, eta, horregatik, beldurra ematen dit niri ere. Oso erraza da hanka sartzea, ze, edo joaten zara genitaltasun kutre batera, zeinak ia porno estereotipatu batera eramaten zaituen, edo, bestela, kurtsikeriara jotzen duzu. Niri oso zaila egiten zait erdibidea topatzea: zerbait autentikoa izatea, klixetik aldendua, eta aldi berean irakurlea berotzeko gauza dena».

Ez da Agirreren iritzia soilik. Literary Review aldizkaria 1993an hasi zen Bad Sex in Fiction Award izeneko «sariak» banatzen. Gainerakoan txukuntzat jotzen dituzten ingelesezko eleberrietako sexu eszenarik txarrenak hautatzen ditu epaimahaiak, eta haietako bat nabarmentzen dute urtero. Julian Barnes eta John Banville hautagai izanak dira, esaterako, eta Tom Wolfe saritu zuten 2004an. Antolatzaileen hitzetan, halako pasarte «gordin, gustu txarreko eta erredundanteak» desagerrarazten laguntzen saiatzea dute helburu nagusi, baina kritikak ere eragin ditu sariak, idazleak publikoki lotsarazten dituela argudiatuta. Edonola ere, kasuak balio dezake sexu jarduna literatura bilakatzeko zailtasunez ohartzeko.

Eta, euskararen kasu partikularrean, gainera, idazleak eskura duen terminologiaraino heltzen da zailtasun hori, Agirrek dioenez. Diglosiagatik. «Ez dakigu biologia liburuetan agertzen diren izenak erabili behar ditugun, edo umeekin hitz egiteko erabiltzen den hizkuntza: zer esan behar da, 'Potota'? 'Pitilina'?».

Munduaren zama

Idazlea ez baitago bakartuta. Sexuak gizartean duen lekuak eragin zuzenekoa du sexuari buruz idaztean. Eta 2009ko Eako Poesia Egunetan Laura Mintegi idazleak egindako gogoeta bat erreskatatu zuen Amaia Alvarez ikertzaileak hori erakusteko, Emakundek argitaratutako Gorputza eta generoa euskal kulturan eta literaturan ikerketa lanean. Mintegiren orduko hitzek argi erakusten baitute zeinen estu lotuta dagoen sorkuntza testuinguru sozial, historiko eta politikoarekin. «Sexuaz gozatzeko, lehenago urteetako errepresioa kendu behar izan dugu aldetik, espatulaz, zarraska-zarraska eginda, aurreiritziak itsatsita baikenituen larruazalean. Urteetako ikasprozesua izan da sexua normaltasunez bizi ahal izatea, aurreiritzirik gabe gozatzea, arauetatik eta konbentzioetatik alde egitea».

Berez, euskal literatura idatziaren hastapenetan bertan dator lehen sexu pasartea, Etxeparek idatzitako Emazteen fabore poeman deskribatzen den eszenan. Gizona gainean, emakumea azpian, biak biluzik. «Munduan ez da gauzarik hain eder ez plazentik/ nola emaztea gizonaren petik buluzkorririk;/ beso biak zabaldurik dago errendaturik,/ gizon horrek dagiela hartzaz nahi duienik». Erotismo aleak topatuko ditu euskal irakurleak gerora ere literaturaren historian, baina, adituek diotenez, Joanes Barolo ezizenaren maskarapean argitaratutako Falo zantarra (Elkar, 1988) da euskarazko lehen liburu espresuki erotikoa. Urteekin nabarmen luzatuz joan da zerrenda, eta bereziki aipagarria da Txalaparta argitaletxeak egindako ahalegina. Literoturia bilduma jarri zuen abian, literatura erotikoa plazaratzeko, eta hainbat antologia ere kaleratu zituen, espresuki erotismoari eskainiak. Basauriko Udalak hainbat urtez izan du martxan euskarazko ipuin erotikoak saritzeko lehiaketa bat, eta, duela hilabete eskas jakinarazi dituzte Elkar argitaletxeak eta Kaixomaitiak narrazio erotikoen lehiaketako irabazleen izenak. Oihane Iguaranek irabazi du sari nagusia, eta Irati Goikoetxea eta Ernesto Prat ere saritu dituzte.

Pornografia iraultzailea

Tradizioa badago, beraz, baina galdera da ea egungo euskal idazleei nahikoa zaien tradizio hori.

Edorta Jimenezen literaturan, esaterako, beti egon da presente gaia, eta baietz dio berak ere, ez dela sekula erabat bakarrik aritu, baina umezurtz dela euskal literatura alor horretan. «Nire mundu ikuskeran hiru osagarri dira erabatekoak: politika edo borroka politikoa; harremanak, eta horren barruan sartzen da haragia; eta, azkenik, literatura. Eta nik beti uste izan dut nik egindako literaturan beste bi alor horiek sartu behar zirela, eta sartu ditut, ze nire sakon-sakoneko pentsaera da hori».

Eta Jimenezen produkzio guztia zeharkatzen du hiru ertzeko ikuspegi horrek: Omar Nabarro ezizenez argitaratutako sei poema liburuak, zazpi eleberriak, zazpi narrazio liburuak, saiakerak, eta, are, baita Sabin Aranaren emazte izandako Nikolasa Atxikallenderi eskainitako Nikole bijotzekua izeneko erdi kronika erdi biografia lana ere, non sexuak presentzia handia baitu.

Georges Bataille, Michel Foucault eta Guillame Apollinaire aipatu ditu erreferente nagusien artean. «Beti pentsatu dut pornografia, idazle horiek darabilten zentzuan, iraultzailea dela, eta euskararen kasuan, esate baterako, kontua ez da sexurik ez dagoela, baizik eta ez dagoela pornografiarik, zentzu zabalean, eta, beraz, herrenak gara». Eta historiaren zama aipatu du idazleak motiboen artean. «Espainian ere ez dabiltza askoz hobeki. Francoren diktadura izan zen 40 urteetan, Frantzian, esaterako, erotismoaren gaia ikaragarri zabaldu zen. Beraz, frankismoa uste dugun baino askoz ere kriminalagoa izan zen, eta, Apollinaireren Les 10.000 verges eleberriaren itzulpenaren hitzaurrean aipatzen zenez, hiztegi aldetik ere gaztelanian ez zegoen garaturik frantsesez dagoen hizkera hori guztia». Eta zama beraren menpe irudikatu du euskara ere Jimenezek.

Iturri bila ere ibili behar izan du horregatik. Berak gidatu zuen, esaterako, Txalaparta argitaletxearen Literoturia bilduma, eta Desira plazer 68-08 izeneko bilduma ere kaleratu zuen 2010ean, Igor Estankonarekin eta Josune Muñozekin batera, 1968tik hasi eta 2008ra arteko euskal poesiagintzan topatutako ale erotikoak bilduz. «Corpus bat egitea zen ideia», azaldu du. Aurrez, ikusiak zituen antzeko batzuk hala Galizian nola Kuban ere. Eta, besteak beste, antologia horretan agertzen direnengatik dio Jimenezek sekula ez dela bakarrik aritu.

Eta, Agirrek egin bezala, emakumezko bat nabarmendu du Jimenezek ere euskal literatura eta sexuaren alorraren buru: Miren Agur Meabe, eta haren Azalaren kodea poema bilduma, bereziki. «Muga bat da liburu hori; haragiaren aldetik, Mississippi bat da hori. Hor dagoenak markatzen du gorputzaren agerrera euskal literaturan. Emakumearen gorputza hor agertzen da, eta gorputz hori haragizkoa da». Eta aipatu du Itxaro Borda ere. Amaia Lasa. Arantxa Urretabizkaia... «Kostatu egin da, baina bidea egin da».

Asperdura heterosexuala

«Esanguratsua da gure garaia islatzean zenbat jotzen den asperdurara azkenaldian, bikote heterosexual nekatuz beteta baitago azken urteotako euskal literatura. Orokorrean jolasa sumatzen da faltan». Ana Malagon idazlearen Ez dakit zertaz ari zaren ipuin bildumari buruzko ohar partikular bat egiten hasi arren, azkenaldiko euskal literaturaren parte handi bat hartzeraino zabaldu zuen iruzkina Irati Majuelo kritikariak BERRIA egunkarirako iazko ekainean idatzitako testuan. Harreman afektiboak eta sexualak murritz antzeko ikusten zituen kritikariak, testu hartan esan zuenez, eta ñabardura gehitu dio orain, berriz ere sentsazio horri buruz sakonago aritzeko eskatuta. «Ez dut uste euskal literaturan egiten diren sexuaren irudikapenak asperdurara mugatzen direnik, ez da hori», hasi du azalpena; «sentsazioa gehiago da gaur egungo garaiaren argazki bat egin nahi denean edo irudikatu nahi denean sasoi hiperazkar eta hipersaturatu honek sortzen duen nahigabea, hori erakusteko maiz jotzen dela harreman agortuetara, eta klase ertaineko bikote heterosexual aspertuak direla harreman agortu horien argazkirik argiena, elkarrekin oso ongi ez daudenak baina halere elkarrekin jarraitzen dutenak. Sentsazioa izan nuen irudi horrekin deskribatzen dela sasoiari dagokion aseezintasun hori».

Edonola ere, dioenez, ez da euskal literaturari soilik dagokion zerbait, joera bera igarri baitu hala sarean zabaltzen diren serieetan nola filmetan ere.

«Lotsa». Hitz hori ere hartu du ahotan Agirrek, dioenez, azken urteetan geroz eta zabalduago dagoelako liburuko fikziozko pertsonaiak euren idazleekin identifikatzeko joera. «Hori da gure gaitzetako bat. Harrigarria da nola pentsatzen duen jendeak nik idazten dudan guztia niri gertatu zaidala. Eta pentsatzen baduzu idazten duzun edozein sexu eszenari jendeak zure aurpegia jarriko diola... Hor daude oraindik tabua eta lotsa, eta ez da horren esparru askea».

Eta literatur gomendio bat ere utzi du, azkenik, solasaldia amaitu aurretik. Idoia Garcesen Mendiko gaitza. Motibo hauek eman ditu: «Duela urtebete inguru irakurri nuen, eta bereziki deigarria egin zitzaidan sexu eszenak zeinen ongi idatzita dauden. Oso ondo daude, oso naturalak dira, oso sinesgarriak, oso autentikoak, eta, gainera, hizkuntza aldetik ere oso aberasgarria da egin duen ekarpena».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Neil Tennant, Pet Shop Boys taldeko abeslaria, 2017an. ©M.SAYAO / EFE

Albait uhin gehien

Itziar Ugarte Irizar

The Killers, Pet Shop Boys, LCD Soundsystem, Nathy Peluso eta J Balvin izango dira Bilboko BBK Live jaialdiaren izarretako batzuk. Bihar hasi eta igandera bitarte, ehun artistatik gora igaroko dira hamabi agertokitatik, askotariko proposamenekin
Maialen Berasategi itzultzailea, Clara Zetkinen <em>Faxismoaren aurka borrokan</em> liburua eskuetan duela. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Faxismoa ulertu, aurre egiteko

Andoni Imaz

Katakrak argitaletxeak Clara Zetkinen testu batzuk bildu ditu 'Faxismoaren aurka borrokan' liburuan, Maialen Berasategik euskaratuta. Testu nagusiak 1923ko bi txosten dira

Antxon Ezeiaza zinemagilea, artxiboko irudi batean. ©Gari Garaialde / Foku

Euskadiko Filmategiak Antxon Ezeiza zinemagilearen lana katalogatu du

Leire Perlines Apalategi

Zinemagilearen funts dokumentala, bibliografikoa eta grafikoa gorde dituzte Euskadiko Filmategiaren artxiboan. 2020an, Errenteriako, Pasaiako, Hernaniko eta Andoaingo Udalek Ezeizaren ondarea filmategian uztea erabaki zuten.

Turistak, Bilboko Guggenheim museoko atarian, Jeff Koons artistaren <em>Puppy</em> eskulturaren aurrean argazkiak ateratzen. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Inork ikusten al du 'Puppy'?

Iñigo Astiz

1997an jarri zuten Jeff Koons artistaren txakur erraldoia Bilboko Guggenheim museoko atarian, eta paisaiaren parte bihurtua da dagoeneko. Ez guztiz, ordea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.