Ane Labaka Mayoz.

Gure aitak

2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Gure kulturaren transmisioa etenez josita dago. Aitak hil ditugu orain arte, orain ama batzuk ere bai. Baina aita edo ama hiltzea beraien bideari jarraipena emateko modu bat ere bada».

Lorea Agirrek Elgoibarren antolatu ziren Euskara ala ezkara jardunaldietan esandakoen oihartzuna dakart orriotara. Haren arabera, kultur transmisioa ez da goitik behera datorkiguna bere horretan hartzea. Aitzitik, aurreko belaunaldiari arrazoi ezberdinak medio kontra egitea ere bada; jasotakoa bide berrietarantz eramatea. Hala egiten ez dugunean, iragana existituko ez balitz bezala dena hutsetik behin eta berriz asmatzen gabiltzala dirudi, azken finean aita bera edo ama bera behin eta berriro hiltzen, eztabaida berdinetan gotortuta.

Hitzaldietan hitz bakar bati ere ihes egiten utzi nahi ez eta koadernotik burua altxatu gabe idazten ditudanek zer hausnartua eman ohi didate. Eta, hain zuzen ere, burua altxatzeko keinu horretaz hitz egitera nator. Ostruka izateari utzi, eta euskal kultur mugimenduaren baitako panoraman «hemen nago» nerabe (eta askotan herabe) samar bat ahoskatzean gertatzen denaz, gerta daitekeenaz, edo, agian hobe, pertsonalki gertatu zaidanaz, bizi dudanaz, eta sistemikoki zaigunaz edo dugunaz. Aita biologikoez baino, aita kulturalez hitz egitera nator.

Igaro da denbora bat gure mundutxo honetan gure lekutxoa egin nahian hasi ginenetik. Denbora hau, kalkulatzekotan, denbora unitateekin baino gure bizipenen intentsitatea neurtuz kalkulatu beharko litzateke. Ohartzerako, aspalditik miresten genituen izen handiak, hedabideetan nahiz pasioz irentsi genituen liburu, film eta diskoetan agertzen ziren dinosauro erraldoiak, gure ondoan egon zitezkeen edozein testuingurutan; barra baten ertzean tripak nahastuta zeuzkatelako kamamila bero bat hartzen edo komuneko ilara batean zain. Ohartzerako, gu bezain humano bihurtu ziren, gu bezain hezur-haragizko, ile urdinen bat gorabehera.

Guk, bitartean, nahiko lan genuen izen handi horiekin izandako lehen elkarrizketetan ahotsaren dardara disimulatzen, behetik gorako angeluari esker, beste norbaiten ahotan hutsalak irudituko litzaizkigukeen hitzek diskurtso interesgarri eta egoki egituratuen enkantua izango zuten haienetan. Posible da monosilaboekin erantzutera mugatu izana, buruarekin haien esaldi bakoitza baieztatzera.

Ez dakit beraiek ohartuko ziren gure arteko parez parekotasunik ezaz, hankapeko aldareez eta hara iristeko bideko eskailera pikoez. Esango nuke batzuk behintzat baietz, are gehiago, batzuen gozagarri ere izango zirela. Zenbaitek gomendio zerrenda eternoak kateatuko zituzten elkarren jarraian; «kantatu ezan ozenago!»-tik hasi eta «zure azken artikuluan...»-era, alorrez alor.

Geroago etorriko ziren inork eskatu gabeko aholku orokorragoak ere. «Ondo ari zarete, baina...», «potentzial handia daukazuela nabari da, baina...». Eta, nola ez, baina horien atzean ezkutatzen den guztia. Pentsa, entzundakoak entzunda, zeintzuk esango zituzten gure bizkarrera, edo are, zeintzuk utziko zituzten pentsatu arren esan gabe. Pentsatu eta esaten ez diren gauzak, badakizue.

Gerta liteke norabait batera joateko edozein parkinetan hitzordua jarritakoan sekula gidari joaten ez uztea: ez zaie burutik pasatu ere egingo zure kotxean, zure ondoan esertzea. Eta zer esan beraien aurrean kontsumitutako pintxo-garagardo-mentapoleoei buruz? Zu egoskortu ezean, ezin izango duzu bat bera ere ordaindu, diruzorroa ateratzerako aurreratuko baitzaizkizu, presaka. Edo autonomo egitean hilabete bukaerako diru kontuak nola egin azalduko dizute, edo zure manager edo ordezkariaren rola hartu eta zure ordainsariak antolatzaileekin negoziatzeko zilegitasuna sentituko dute... Laguntzeko prest beti, susmagarria suerta daitekeen gehiegizko aitakeriaz.

Jende interesgarri gehiago aurkeztuko dizute gero, kultur programatzaileak, idazle kontsakratuak, editore zorrotzak... hortxe dituzu, gurtu beharreko aita gehiago zure bildumarako. «Horrelako espazioetan zaudenean aprobetxatu jendearekin hitz egiteko, jendea ezagutzeko...» esango dizute, «garrantzitsua da, etorkizuneko proiektuetarako zurekin konta dezaten». Aldiro bi musu eman beharrak gogaituko zaitu, edo bi musu jaso beharrak, gehienetan guztiz protokolario eta kasu bakan batzuetan oraindik orain likitsegi suertatzen zaizkizun bi musu horiek.

Gogorra da beste norbaitekin horrela jokatuko ez luketela ohartu eta onartzea: beste norbaiti hitz egingo ez lioketen bezala hitz egiten dizutela, begiratu... Mutil gazteekin nola jokatzen duten aztertzen hasiko zara orduan, edo beraien adin bueltako gizonekin zein jokabide dituzten, bestela. Hasteko eta behin, eskua luzatuko diete aurkezpen gisa, ilustreei lustrea eman, koipeak irrist egiteraino, edo, batek daki, parez parekoago sentitzen dituztenei egurra banatu, agian.

Esker txarrekoa izan naiteke, eta barkatuko didazue, edo ez. Neska gazte sortzaileak ez gatoz baimen eske. Bide berriak trazatu nahi ditugu, eta erratzeko, hanka sartzeko, aukera nahiz arriskua nahi dugu, merezi dugu, bere garaian zuek izan zenuten moduan.

Kariñoz, errespetuz eta miresmen osoz, baina... Baina horren atzean ezkutatzen den guztiarekin, hil ditzagun aitak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.