elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Maskara profilaktikoen garaia

2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Maskarak derrigorrezko moda izatera iritsi dira aurtengo neguan. Koronabirusaren izurritea dela-eta, Wuhanetik eta Txinako beste toki batzuetatik iritsi zaizkigun irudietan, maskara jantzita ageri ziren kalera irtetera ausartzen zirenak. Aireportuetako kontroletan-eta herritarrak txekeatzen zituzten funtzionarioak maskararekin ez ezik, soina osorik estaltzen zien babes buzoarekin zeuden jantzita. Fikzioa balitz, eszena futuristaren bat dela pentsatuko genukeen. Maskarak eta buzoak anonimizatu eta mozorrotu egiten dute pertsona, mozorro-ren zentzurik oinarrizkoenean.

Txinatik zetozen irudiek kontrol gehiegizkoa eta aldi berean kaosa, dena batera transmititzen zuten eta, batez ere, beldurra. Estigma. Gaitza Europara iritsi denean, aldiz, «zibilizatu» egin da koronabirusaren inguruko afera. Tartean telebistek eman dute Irango osasun ministrorde kutsatua prentsaurrekoan, aurpegiko izerdia behin eta berriz lehortzen... Iran Trumpen etsaia da; Irango ministrordeak ez du merezi errespeturik bere ondoezean.

Hemen, Zaldibarko hondakindegian erreskate lanetan dabiltzan langileek daramatzate soinean babes buzoak. Maskarak, berriz, dioxina eta furanoen kontra jantzi dituzte Ermua, Eibar eta inguruetako herritarrek. Beste esanahi bat ere hartu du, ordea, maskarak: protestaren ikur bihurtu da, Zaldibarko deskalabruaren ondoren; maskarak, ahoa estali arren, ezin du isildu hondakinen kudeaketa ereduaren inguruan piztu den harrabotsa.

Gaur, martxoak 1, itxiko omen ditu ateak Mutiloako Lurpe isurtegiak, topera beteta dagoelako. Estatu guztian hondakinak tratatzeko hainbat planta dauzkan CESPA enpresa da jabea 1998tik; lau urte lehenago zabaldu zen, industriatik zetozen hondakinak jasotzeko. 2016.aren bukaeran jakinarazi zuen Gipuzkoako Diputazioak hara eramango zituztela lurraldeko hiri hondakinak, Zubietako erraustegia ireki bitartean. 2017an hasi eta bi urtez, egunean ehunen bat kamioitzar ibili dira Ormaiztegiko herriaren erdi-erditik pasaz, Mutiloako eremura Gipuzkoa osoko zaborra garraiatzen. Hondakindegiak zernahitarako balio izan du.

Osatu den zabor-mendi grisa Goierriko hainbat gainetatik ikus daiteke. Ikusi ez ezik, usaindu ere egiten da, bertatik bertara, Ormaiztegi-Lierni-Mutiloabide berdetik; kiratsa, maskara jazteko modukoa. Urteak beharko omen ditu enpresak isurtegia zigilatzeko. Tarteka suteak piztu izan dira, baina herritarrei ez zaie inolako informaziorik eman. Zabortegia beteta dagoela, bistakoa da.Hala ere, «itxieraren iragarpenak ezustean harrapatu ditu bezero gehienak (publikoak eta pribatuak)» (Diario de Noticias, 2020-02-13). Lehenengoa Gipuzkoako Ingurumen diputatua, Jose Ignacio Asensio, aurreko astean Mutiloako planta Zaldibarko soberakinak jasotzeko aukeren artean jarri baitzuen.

Susmoa eragiten du, nolanahi ere, hondamendia gertatu eta astebete eskasera jarri izanak data itxierari. Verter Recycling-en kasuan Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak kontrolerako erabili izan dituen irizpide eta praktikak ezagututa, galdera ikurrak areagotu egin dira Lurperen inguruan: zer dago hor? Jakinekoa da amiantoa, behintzat, badagoela, material hori biltzeko baimena eduki baitu isurtegiak. Nola dago jasota eta tratatuta amiantoa? Agian, oraingo egoeran, dagokion azterketa gainditzeko gai ez Mutiloako planta?

Enpresa berak, CESPAk, dauka Zallako zabortegia. Zalla Bai plataformako kideek esandakotik («Zaldibarren ispilua Zallan», BERRIA, 2020-02-26) bi aipu: «Herri txikietan egiten dituzte (zabortegiak), udalek baliabide tekniko gutxi dituztenetan». «Lurralde handia dugu, baina jende gutxi gara». Lurperen inguruko herriek —Mutiloak, Gabiriak eta Ormaiztegik— ez dute lurralde handirik, baina bai biztanle gutxi; herri txikiak dira. Boto kalkuluetan, zakurraren putza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.