Barbaroen zain

Edu Apodaka - EHUko irakaslea

2019ko apirilak 14
Zioen Laclauk Zizeki jarraituz gero martetarren esperoan geratuko ginela, Zizekek amesten zuen berezko klase subjektu iraultzailea ez zela munduan eta ez zela izango. Zioen Laclauk aukeran, aukera populistan, baliokide izan zitezkeen borrokak antagonismo baten bidez artikulatu behar zirela populu izeneko kate batean. Zioen Zizekek arrazoi populistak kapitalismoaren izaera bera ukatzen zuela, klase arteko gerra sistemikoaren ordez, jende on eta txarren arteko herra ezarriz, protofaxismoaren bidetik nonbait.

Ika-mika hori izan zenetik hona izan diren erreboltetan estrategia horiek eta beste zenbait entseatu dira, guztietan kale egin dutela salatu dute kontrakoek. Baina, historiaren ironiak, kapitalismo neoliberal eta demokrazia burgesaren aurkako fronte intelektualean martziano leninisten eta populu artikulatuen estrategiak larrutzen genbiltzala, barbaroak datozela deiadarka hasi ziren alarma hotsak. Orain, Kavafisen poeman bezala, barbaroen zain gaude, laster izango ditugu hemen, oldar bizian omen datoz mendeku gose. Hedabide, sare, kale eta erakundeetan ari dira hedatzen, hala jarraituz gero laster gure gogo eta gorputzaren jabe izango dira eta haien erresumin eta gorrotoak gureak izango dira.

Barbaroak, ordea, gu gara; datozenak legio inperialak dira. Nazio-estatuen mito inperial neofaxistak astinduz ari dira zehazten nor den nazioaren jabe eta nor arerio: txiroak eta migratzaileak, mairuak eta komunistak, feminista asaldariak eta herri matxinatuak, sindikalista eta langile erreboltariak, genero eta sexu nahastaileak edota ateo fedegabeak. Horien guztien kontra datoz, gurutzada hitza ez dute oraindik erabili, errekonkista txiki geratuko zaie laster.

Baina hori dena, larria izanagatik ere, mundu zabalean gertatzen ari denaren bertsio lokala baino ez da. Kapitalismo neoliberalari demokrazia formala gehiegizko egin zaio. «Kapitalismoan izan diren demokrazia apurrek, dio Maurizio Lazzaratok, ez zuten liberalismoarekin edo kapitalarekin zerikusirik: gobernatuen borroken eta erresistentzien ondorio ziren». Apur horien bila datoz, lehengo borrokek eta erresistentziek utzitako lorpenen bila. Bukatu da demokrazia liberal eta estatu sozialaren fartsa. Irabazien tasa handitzen jarraitzeko, kapital neoliberalak nonahi behar du estatu autoritario bat, estatu ilun, itxi eta urrun bat, interferentzia demokratiko eta popularrik gabekoa. Badakite estatu opako horri kalte egin ahal diotela estatu azalean dauden demokrazia hondarrek. Hortik dator eskuinaren obsesioa hauteskunde eta botere instituzionalekin. Hara, hutsaren hurrenak izango balira botere horiek aspaldi izango ziren alkate eta presidente guztiak ezker muturrekoak, nahigabean izan ere.

Klase ertainen kapitalismotik goi klaseen kapitalismo basatira itzultze aldera estatua kapitalaren monopolioa izan behar da, hau da, goi klaseek estuki kontrolatu behar dituzte estatu erakunde eta aparatu guztiak. Eta horretarako, hain zuzen, berreskuratu dute menderatze tresna bat, faxismoa. Kontsumo masiboaren antzera, neofaxismoa masei egindako salbazio promesa bat da: batzuk, estatu jabe gorenak, kapitalismo neoliberalaren basakeriatik, proletarizaziotik, libratuko direla. Promesa faltsua izanagatik ere, pribilegiatuen supremazismo aldera lerratzen ari dira arraza, genero, hizkuntza edo zernahi dela eta klase goreneko kide izatea merezi dutela uste duten asko eta asko. Trumpen hitzak erabiltzera, bi jende mota daude: jendea eta axola ez duten beste jendeak, «the other people (who) don't mean anything». Hurrenez hurren, nazio-estatuen jabeak eta barbaroak.

Joseba Gabilondoren esanean unibertsaltasun moderno kapitalista eta homogeneizatzaileari aurre egin eta diferentzia eta partikulartasunei eutsiz iraun duten guztiak dira barbaroak. Kondizio hori dute komun, beste guztian diferente eta anitz izanda ere. Arrazoi modernoaren aurka, bere unibertsaltasun faltsuei aurre eginez aritu eta autodeterminatu diren barbariei anomalia deitu diet nik, finean, estatu eta kapitalismoaren makina sozialean mendeko izatea onartu ez duten dibertso erreboltariei. Baita gure euskalduntasunari ere, horrela aritu den aldetik.

Supremazismo neofaxistak ukazioa gure harreman guztietara eraman nahiko luke, kondizio barbaroa edonori egotzi, kapitalak bere etekinekin jarrai dezan. Antagonismoa hor dago, beraz, zein herri, nolako gutasuna nahi dugun, nola antolatua: demokrazia edo neoliberalismo autoritarioa. Nolakoak izango eta nola biziko garen erabakitzeko borroka bera dago arriskuan.

Uste dut, halere, ezkerreko indar antolatuen eginkizuna ez dela antagonismo hutsak antolatzea, ezta barbaroen gidaritza izatea ere. Ezkerreko indarrek promesa bat egin behar diete barbaroei: lortutako demokrazia apurretan atzerapausorik ez dela egongo eta aukerak sortuko dituztela barbaroen borrokek eta bizitzek aurrera egin dezaten demokrazia integral eta materiala gauzatzeko bidean. Oraingo abagune honetan premiazkoa dira promesa horri eusteko maila guztietako ezker politika multiformeak, muga eta dogmarik gabe. Estatu-kapitalismoa, bere forma neoliberal autoritarioaz, edonora eta edonorengana zabaltzen ari den honetan, absurdoa iruditzen zait aliantza bizkor eta malguak, pragmatismoa eta interesen defentsa, botoak eta estatu-erakundeak eskuin neoliberal eta neofaxistari uztea, borroka gune eta aukerak nahita galtzea bezain absurdoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna