Gizartea eraldatzeko aktoreak

2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Dagoeneko askok jakingo duzuen bezala, irakaslea naiz Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko graduan. Lau urtean ikasleekin asko hitz egin eta eztabaidatzen dugu gure ongizate ereduaz, horretarako ditugun tresnez eta bertan izan behar dugun rolaz. Egun hauetan eztabaidak urruneko gailuen bitartez izaten ari bagara ere, pasio berarekin ikusten ditut etorkizuneko gizarte langileak gizarte aldaketaren aldeko jarreran. Ez daudelako konforme inguruan ikusten duten horrekin. Eta konforme ez egote horrek ekintzara eraman nahi dituelako. Lehen, orain, eta, batez ere, etorkizunean, ekintza hori zein baldintzatan gauzatuko den eta zein galderari erantzun beharko dioten asmatzea da kontua.

Ongizatearen arloan, osasun publikoaren defentsa izan da agerian geratu den lehen elementua. Agerikoa da gure osasun sistemek (Osakidetzak zein Osasunbideak) aspaldi irabazia dutela gizartearen babes eta legitimitate handia. Deustobarometroak sei hilabetero egindako galderan, politika publiko guztietatik osasun sistemak lortzen du notarik onena. Eta hori ez da kasualitatea. Arretaren unibertsalizazioak eta ezagutzak populazioaren atxikitze maila handitzea dakar. Eta, krisi honetan, balkoietako txaloek, eta, batez ere, sistema lortzen ari den emaitzek datorren urteetako eztabaidaren erdian jarriko dute osasun publikoaren sistema indartzearen afera, inongo zalantzarik gabe.

Adineko pertsonen egoitzen inguruan sortutako eztabaida da bigarren elementua. Zaurgarritasunik handieneko pertsonak daude egoitzetan; mendekotasun mailarik handiena dutenak, gure gizartean, maila handi batean, zaintza, oraindik, etxean egiten baita, familia oinarri hartuta. Egun oraindik entzuten ari garen datuek titularretara eraman dituzte egoitzak, eta eztabaidaren erdigunean jarri dute horien eredua, etorkizunera begira ere. Hausnarketa horretarako, bi xehetasun: lehenik, egoitzak ez dira ospitaleak, etxeak dira. Nagusiek euren etxea dute bertan, eta hala ulertu behar ditugu, behar dituzten bisita eta elkarrekintza guztiekin. Ez ditzagun sanitarizatu. Eta, bigarrenik, duintasuna. Adineko pertsonena, eta baita horiek artatzen dituzten profesionalena ere. Orain dela gutxi Arartekoak gogoratzen zuen bezala, gako horien gainean eraikiko da ereduak behar duen eztabaida.

Etxerik gabekoei emandako arretak ere bete ditu hainbat orrialde azken egunotan. Azken bi hilabeteetan urgentziazko hainbat errekurtso ireki dira aterpetxe, kiroldegi, frontoi eta beste hainbat eraikinetan, pertsona horiek kalean egon ez zitezen. Profesional asko laguntzaile lana egiten. Baina galdera bat sor daiteke errealitate horri begira: ezohiko egoera honetatik ateratzen garenean, nork emango die erantzuna egoera horiei? Eta, batez ere, nola?

Laugarren eta azken erronka bat ere marraztu dute egun hauek: diru sarrerak bermatzeko sistemarena. Espainiako Gobernuak onartu nahi duen diru laguntzaren oihartzunarekin ia ahaztu dugu legegintzaldia amaitu aurretik Eusko Legebiltzarra ere Dirusarrerak Bermatzeko Errenta erreformatzeko bidean zebilela. Ezinbestekoa da erreforma. Baina krisi honek bidean utziko dituen pertsonarik zaurgarrienak ere kontuan hartuta. Emakumeek pairatzen duten arrakala kontuan hartuta. Espainiako Estatuak arautuko duen gutxieneko errentaz harago, geure eredua ere agerian utziko duena.

Eta lau erronka horien erdigunean, eztabaida nagusi eta transbertsal bat: zaintzarena. Nola artikulatu nahi dugu zaintza hori? Nola erantzun behar dio gure ongizate sistemak? Nola, gure zerbitzuek? Hori da lau erronka horien gainetik oso presente egongo den izendatzaile komuna. Hori da epe motzeko erantzunak zerrendatzean luzera izan beharreko itsasargia.

Gaindegiak lehengo astean aurkeztutako ikerketa baten arabera, Euskal Herriak ongizate politikei eskaintzen dien diru inbertsioa Europako Batasuneko beste estatu batzuetakoa baino txikiagoa da. Antzeko alderaketak ikus ditzakegu Orkestrak egiten duen lehiakortasun txostenean edo OCDE-k lantzen dituenetan, kasu horretan erregio ezberdinekin alderatuta. Hurrengo bi urteetan diru sarrera publikoek behera egingo dutela kontuan izanda, inbertsio publikoen mailak erakutsiko du norainoko apustua egiten dugun gure ongizate sistemaren inguruan. Eta, oraingoan, 2008an emandako erantzunaren gainetik egon beharko du apustu horrek, erronkek ere hala eskatzen baitute.

Koronabirusak sortutako krisiak elementu asko utzi ditu agerian. Gizakiak animalia sozialak garela, eta gure arteko aurrez aurreko elkarrekintzak faltan botatzen ditugula. Kulturak eraiki duela gizartea, eta antzerkia, musika, dantza, literatura, zinema eta beste adierazpide guztiak ezinbestexkoak ditugula gure izanaren eraikuntzan. Gure industria zuntza indartu beharra dugula. Eta, biziraun behar badute, etxe inguruko denda txikietan erostea orain inoiz baino garrantzitsuagoa izango dela, tabernetan poteatzea izango den bezala.

Ongizateari dagokionez, marraztuak ditugun erronkek elkartasunaren eraikuntza komuna eskatuko dute, aktore guztien lankidetza sendoarekin, eta inbertsio publikoen apustu argi bat oinarrian izanda. Krisi garaietan ezinbestekoa baita gizartea eraldatzeko grina mantentzea. Hala aztertzen dugu ikasle direnekin, eta hala egiten dute orain gizarte zerbitzuen hainbat esparrutan lanean diharduten ikasle izandakoek. Bihoazkie beraiei eta gainontzeko profesional guztiei txaloak eta eskertza, erronka hauei aurre egiteko ezinbestekoak izango baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.