Itziar Diez de Ultzurrun Sagala.
ARKUPEAN

Normaltasuna

2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Maiz entzun eta esaten da jada ez dela euskaldun elebakarrik. Euskararen patu beltzaren erakusgarri zaigu datu hori, baina ez da egia. Izan badira euskaldun elebakarrak. Anitz dira, baina oso talde aldabera osatzen dute, taldean hiztun berriak sartu ahala beste batzuk elebinduntzen joaten direlako. Hagitz trebeak eta ausartak dira euskararen hiztegia zabaltzen, konplexurik gabe erabiltzen dutelako eratorpena eta hitz-elkarketa. Besoa ekzematzen zaie eta tristuragura sentitzen dute. Badakite hizkuntzaren tresneria lotsagabe baliatzen eta neologismogintza hain arbuiatua dagoen honetan «-garri», «-zale»,«-kor», «-tsu» eta «-dun» atzizkiek ez dute emankortasunik galdu haien mihietan.

Euskaldun elebakar horiei eta euskaldun desorekatuei sarri sentiarazten zaie erdaraz ez jakitea (edo behar bezala ez jakitea) arazoa dela, lotsaizun, adibidez topo egiten dutenean profesional elebidunek bete beharko lituzketen lanpostuetan diharduten erdaldun elebakarrekin; Osakidetzan edo Osasunbidean esaterako. Zenbaitetan, ni lekuko, profesional erdaldun horiek bekozko iluna paratzen diete. Zenbaitetan, beren harridura sumindua eta/edo mespretxuzkoa erakusten digute ume euskaldun horien gurasoei, ardurabako hutsak garela senti dezagun. Eta gurasook gure amorrua erakutsi edo gordetzen dugu halakoetan, baina, arruntean, itzultzaile lanak egiten ditugu. Guk konpontzen dugu profesional horien ezina eta hori hartzen da normaltzat.

Euskaldun elebakar txiki horiek ez ditugu, nik uste, behar bezala zaintzen. Haien hizkuntza eskubideen alde indar berezia egin beharko genuke, helduok garelako adingabekoen eskubideen jagole eta betearazle. Justiziakoa delako. Egoki zaintzen eta ahalduntzen ez ditugunez, haien hizkuntza ahalmen normal horiek apaldu egiten dira adinean goiti egin ahala; inguruak apalarazten die bai erdalguneetan, bai arnasguneetan, zorigaitzez. Elebidundu ahala, eta/edo beren elebitasuna orekatu ahala, herdoildu egiten zaie dohaina. Nagusitu ahala jabetzen dira zilegi dela euskara nolanahi lardaskatzea, baina zuzendu beharreko akats larria dela «la pijama» esatea edo «bolber» idaztea. Gaztelania batu estandarraren lilura D ereduetan arnasten dute askotan, gaur inoiz ez bezala, egungo hezkuntza metodologia batzuetan irakasleak behatzaile baitira gehienbat eta, gainera, umeak gero eta gutxiago behartzen baitira euskaraz aritzera (eta ni ezin ulertu nabil nola euskaldunduko diren eremu eta familia erdaldunetako haurrak ikastoletan hizkuntzaz blaitzen ez badira...). Hala, ume euskaldunak babesgabe uzten ditugu, bizirauteko eta onik ateratzeko ahalik eta azkarren erdaran murgildu beste aukerarik ez dutela. Gero izutu egiten gara kontatzen digutenean Nafarroako Unibertsitateko Irakasleen Gradua euskaraz ikasten ari diren ikasleek ez dutela beren artean euskaraz egiten. Baina, bestetik, nola ez larritu jakinik haiek izanen direla D ereduetako etorkizuneko irakasleak...

Ume euskaldun horiek babestu eta ahalduntzeko, urrats asko ditugu emateko, baina ezinbestekoa da, hasteko, ahalik eta gehien orokortzea euskaldunen (edo/eta euskaldun hartzaileen) kopurua. Normala izatea euskara ulertzea bederen. Pellokeria dirudi eta, halere, hauteskundeen ondoko egun hauetan on da oroitzea Nafarroan horren kontrako erabaki tamalgarriak hartu izan ditugula iraganean, zeren izenean eta euskaldunen eskubideen izenean. Aipagarrienak, nire ustez, hauexek: A eredua prestigiatzen batere saiatu ez izana (eta are erdeinatu izana) eta 1995ean D eredua Nafarroa osora zabaltzeko aukera zapuztu izana.

Maiak esan du iruindarrok jende normala nahi dugula alkatetzan (agintean). Normaltasuna zer den oso da aldakor eta subjektiboa, eta nago ezen A eredua indar handiagoz bultzatu izan bagenu, normalduagoa legokeela D eredurako urratsa egin nahi ez duten askok Aren alde egitea. Nago eredu euskaldunak orain ez bezalako harrera beroa jaso izanen zuela orain 25 urte Erriberan, normalagotzat joko litzatekeela euskara orain gure hegoalde horretan, eta guztiz anomaliatzat joko Osasunbidearen lan-deialdietan alemana baloratzea eremu horretan eta euskara, aldiz, ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.