Miren Josune Ariztondo Akarregi.

Hezkuntzaldia, hezkuntzaroa, betiko jardun berria

2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Garrantzi handikoak dira egungo euskaldunoi ardura eta konpromisoa eskatzen diguten erronkak, konplexuak denak, mundu oso bat barnean dutenak.COVID-19ak ekarri digun osasun, gizarte eta ekonomia krisia eta, aldi berean, politika ekonomiko murriztaileak baztertuz, Europako Batzordearen zein euskal erakundeen erabakiak aurrekontu hedakorren alde; Estatu espainiarreko gorteetan ageri den eztabaida-maila narrasa; Euskaraldiaren itxaropenezko mezuarekin batera abenduaren 4tik aurrerako eginkizunen gaineko gogoeta; Durangoko Azoka, bere lehen helburua, topagune izatea, murriztua izanik bigarrena, euskal kultura hedatzea, gure arretaren zain.

COVID-19a, Euskaraldia, Durangoko Azkoa… denak biltzen ditu euskal hezkuntzak; denok, adituak zein ezjakinak, lotzen gaitu gure hezkuntza sistemaren hobekuntza desioak.

Espainiako Kongresuak onartu berri du LOMLOE izeneko bere 8. hezkuntza legea, 2006koa moldatzera datorrena. Espainiako Gobernuak bide hori hautatu du 2006ko legearen filosofiaberreskuratzeko, 2013ko (Wert) legearen edukinagusiak ezabatzeko eta Unescoren 2030 Agendaren hezkuntza alorreko edukiak txertatzeko.

Luzea da LOMLOEren testua, zehaztu beharraren beharrak luzeegia eta zurrunegia bihurtu du. Testu urria duten legeen aldekoa naiz ni, legegaiari dagozkion printzipioak eta irizpide nagusiak jasoz, garapen desberdinak gauzatzeko aukera zabalik uzten dutenen aldekoa. Horrela, erakunde bakoitzak, administrazio bakoitzak arautu, zehaztu eta egokitu ditzake, ikastetxeekin elkarlanean, legearen edukiak.

Hezkuntza alorrean egiten diren lege luze eta malgutasunik gabeko horiek gizarte anitzari zuzendutako alderdi bakarreko ikuspegiz eginak dira eta ezin izaten dute adostasunerako biderik asmatu, oinarrian baitaramate adostasunaren ukazioa. Eta estatu mailako alderdi nagusia aldatzen den bakoitzean goitik behera aldatzen da hezkuntza-politika edota sistema bera, hezkuntzaridakarkion kaltearekin.

Ikuspegi praktikotik ere, xehetasun guztiak bildu nahian egiten diren legeek beti uzten dute zerbait kanpoan, bizitza, hezkuntza bizitza kasu, askoz aberatsagoa baita lege batek jaso dezaken kasuistika guztia baino. Hezkuntzan ez ezik beste arloetan ere, dena ezin denez jaso, egoera bertsuen interpretazioek aurkako emaitzak jasotzeko arriskua izaten dute.

Alde honetatik lege eredugarri bat 1982ko Euskararen Legea da. Inon lege laburrik bada, berau da bat. Ia 40 urteren ondoren agortuta ez ezik hainbat garapen egiteko gaitasuna erakusten jarraitzen du. Eztabaidatu izan dira neurriak, jardun politikoak, sustapen moduak, ikas metodologiak… baina orain arte planteatu diren aukerak, denak kabitu izan dira legearen baitan.

Maila goreneko arau demokratikoak dira legeak eta iraupenaren mesedetan laburrak eta adostuak behar dute, aurrera egitekotan. Adostasunerako bidea askoz eraginkorragoa da legegaiaren printzipio eta irizpide nagusiak azaltzera mugatzen denean. Ezin uler daiteke, beraz, zergatik diren legeok gero eta luzeagoak, zurrunagoak eta xehetasunez beteagoak.

Lehen hurbilketa batez, hona hemen LOMLOEren hiru atal.

Desgaitasunak dituzten ikasleak.Legeak bi erabaki azaltzen ditu, betiere eskola barneratzaile edo inklusiboaren markoan. Alde batetik, plan bat osatuko dela iragartzen da ohiko ikastetxeek desgaitasunak dituzten ikasleak modu egokian hartzeko bitartekoez hornitu daitezen; bestetik, hezkuntza berezituen ikastetxeek jarraituko dute ikasleak eskolaratzen, eta aldi berean ohiko ikastetxeentzako erreferentzia-gune izango dira.

Hezkuntza komunitatearen kohesioa lehenesten da ikasleok ohiko ikastetxeetan integratzeko orduan eta, gainera, ikastetxe berezien balio erantsia ugaltzen da.

Orain artekoa sistematizatzeko bokazioa adierazten da puntu honetan, egia baita estatu zabalean dauden errealitateak oso desberdinak direla. Hego Euskal Herriko erkidego bietan badugu elkarlanez etengabeko hobekuntza bilatzeko aukera, betiere eskola inklusiboa helburu, ikastetxe guztiek ikas-irakats material egokituak eskura ditzaten erreferentziazko zentro horien laguntzaz.

Ikas/Irakats hizkuntza. Gaztelania eta hizkuntza koofizialak aitortzen diraikas/irakats hizkuntza gisa. Noiz-nola-noraino erabili hizkuntza biak barne akordioen pentsura geratzen da; gure kasuan bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta baita Nafarroan ere, elkarrizketak egingo du bidea. Orain artekoa ebaluatu eta etorkizuna adostea da erronka, lortutakoak azaldu eta falta direnak zehaztu eta hedatzea, horixe da jarduna. Euskal Autonomia Erkidegoan orain arte egindakoak erakusten du etorkizunerako bidea. Nafarroa hainbat urtetan galdutakoa irabazte bidean jarria da azken urteotan. Eremu honetan erkidego bien etengabeko elkarlanari eutsi eta areagotzea da bidea. Betiko bidea, bestalde.

Itunpeko ikastetxeak. Hezkuntza administrazioek arautuko dute ikasleen sarrera ikastetxe publiko zein itunpekoetan, betiere ikasle guztien hezkuntza-eskubidea bermatuz. Legeak berak adierazten ditu baldintzak, 2006aren antzera. Zerbait berri izatekotan ikasleen segregazioa ekiditea eskatzen da eta zoru publikoen lagapena debekatzen. Alde honetatik, gurean ia berririk ez.

Honaino gaurkoa. Izango dugu astirik lasaiago aztertu eta (des)ados jartzeko. Bitartean, izurritea eta guzti, aro hau ezer bada, hezkuntzaroa da, edo nahi bada hezkuntzaldia, gaurko eta beti(ra)ko euskaldun guztion ardura eta lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.