Erlijio-gizon, hizkuntzalari, idazle, irratilari nekaezina

Zalgize-Doneztebe
2015eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Pierra Lhande (1877-1957) —benetako izenez Pierre Basagaitz— zalgizar apaiz eta hizkuntzalariaren figura aski ezagutua da euskaltzaleen munduan, baina ospe hau gehienik lotua da Parisen, 1926. urtean, argitara eman zuten bere Euskara/Fransesa hiztegi famatuari. Obra eskerga hau Resurreccion Maria Azkueren hiztegiaren ostetik egindako osatuena izan da luzaz, eta oraindik ere erreferentzia da. Haatik, Pierra Lhandek beste idazlan ugari sortu ditu, gehienak frantsesez; guztira, berrogeita hamar bat zenbatu daitezke. Lan horietan oihartzun handienak izan zutenak dira: Autour d'un foyer basque (1908), L'Émigration basque (1910), Les mouettes (1920), Le Christ dans la banlieue (1927). Bestalde, irratietan erlijio saio egile aurrendari izan zen, eta Radio Pariseko uhinetan horretan jardun zuen 1927. urtetik haste.

Gizagaixoen mundukoei laguntza ekartzean, halaber, aitzindari izan zen Parisko hiri inguru pobreetan. Erlijioaren alorrean, berriz, Jesusen lagundiko kide hau munduan zehar zabaldutako misioen bisitari ibili zen, hala nola Amerika Latinoan, Indian eta Madagaskarren.

Zalgizeko Aphatia etxe aberatseko idazle, kazetari, misiolari, irrati predikari, giza laguntzaile zena oholtza gainean birbiziaraziko duena Beñat Larrori gaztea izango da. Izan ere, Iruriko seme hau du Pierra Lhande pastoraleko sujet edo pertsonaia nagusia izateko aukeratu, Jean-Pierra Rekalt errejentak. Gaztea izanagatik, Zuberoako kultura ikuskizunetara trebatutakoa da. Hala, 2014an Iruri eta Zalgize-Doneztebe herriek eman zituzten maskaradetako Pitxu kautera zirto egilea izan zen. Xiberotarrak kantu tradizional taldeko kideetarik ere bada. Lanbidez, Xiberoko Botza euskal irratian kazetari gisa dihardu.

Pastoraleko beste kargu nagusiak aipatzearren, jakitekoa da Petti Etxegoien izango dela lehen peredikuaren emaile, Pierra Lhande gaztaroan jokatuko duela Xabi Arhiek, eta Maialen Larrori eta Elodie Arrosagarai neskek abestuko dutela azken peredikua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.