Gerraosteko poemak eta aldarri kantak

Harriet Anena eta Tanure Ojaide poetek irabazi dute Wole Soyinka saria. Ugandako gerra garaiko haurtzaroaz ari da lehena 'A Nation in Labour' lanean; Nigerren deltako hotsez bigarrena 'Song of Myself'-en.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Gaur zortzi banatu zuten Wole Soyinka saria, Lagosen. Lumina fundazioak ematen du, eta, erakunde horren beraren hitzetan, saria «panafrikarra» da, eta «Afrikako Nobel sariaren pareko» gisa hartu behar da. Bi urtean behin eman ohi dute, «afrikarrak batzeko, Afrikan dauden adimen handiak ospatzeko», eta aurtengoa Harriet Anena ugandarrak eta Tanure Ojaide nigeriarrak jaso dute, ex aequo.

Poeta gaztea da Anena —urte kopuru zehatza ez du inon eman—, acholi etniakoa; Ojaide, berriz, kontsakratua—1948an jaio zen—, eta urhobo herrikoa. Biak ala biak 2015ean argitaratutako poema bilduma banagatik saritu dituzte: A Nation in Labour (Nazio bat lantzen) eta Songs of Myself. Quartet (Neure kantak. Kuartetoa), hurrenez hurren. Biek ala biek beren minak eta borrokak kontatzen dituzte lanotan, eta baita euren herrienak ere.

LRAkoen menpe

Anenaren lanean, zehazki, nabaria da Ugandako gerraren zama. Gulun jaio eta hazi zen, bi hamarkada luzez Jainkoaren Erresistentzia Armadaren [LRA] eremu izan zen barruti batean. «Izugarrikeria anitz nozitu genuen. Nire bizitza, epe horretan, beldurrez eta ezinegonez betea egon zen. Ipar Ugandako biztanleok orduan sentitu genuena baino beldur handiagorik ezin liteke sentitu. Gertatu zitzaiguna ulertzeko eta sendatzeko bidean gaude oraindik ere», adierazi zuen liburua aurkeztu berritan, 2015ean.

Duela hilabete eskas egin zuen beste elkarrizketa batean, poesiaren ahal sendagarriaz mintzatu zen idazlea: «Zenbait poema idatzitakoan, garbituta, arinduta sentitu izan naiz». Adibiderik argiena: idatzi zuen lehen poemak, The Plight of the Acholi Child izenekoak (Acholi haurraren estutasuna), «sendatze nabarmena» eragin omen zion. «Gerra egoeran hazitako haurra izaki, banituen irudipen batzuk, eta benetakoak ote ziren jakin nahi nuen; argitu beharreko zalantzak eta kanporatu beharreko samina sentitzen nituen. Poema hura idazteak hori dena bideratzeko aukera ekarri zidan».

Ez hori bakarrik. Lehen literatur saria ere ekarri zion poema hark: sari gisa, Bigarren Hezkuntza jasotzeko aukera eman zion ARLPI erakundeak (Acholi Buruzagi Erlijiosoen Bake Ekinaldiak). «Horregatik, olerki hori lehenengotzat daukat». A Nation in Labour liburuan, Scratching Destiny (Harramazka patuari) izenburupean argitaratu du Anenak lehen poema hori.

Lau zatitan banatuta dago Wole Soyinka saria jaso duenA Nation in Labour. Bertan bildu dituen testu guztiei darie bere herriaren iragana eta orainaldia ulertzeko ahalegina, kezka soziala. Liburuaren izenburuak berak bildumako beste poema bati egiten dio aipamen: «A Nation in Labour olerkia 2012an jaio zen, Ugandaren independentziaren 50 urteen ospakizun garaian. Gobernuaren propaganda aparatu guztia hor ari zen, mende erdian herria zenbat aurreratu den errepikatzen, eta, nire ustez, zenbait arlotan, Uganda oraindik ez da jaio ere egin». Nazioarteko diru funtsen eta erakunde pribatu zein publiko handien laguntzaren menpeko dakusa ugandar idazleak bere herria, izan ere. Eta Afrika, familiako kide ez beti atseginaren pare: «Gainetik kendu ezin duzun senide horri nola, hala saiatzen zara Afrikari bere alderik onena aurkitzen. Afrika etxea da, hala ere, bere akats guztiekin».

Nigerren deltako hotsak

Tanure Ojaidek ere Soyinka saria jaso du aurten. Anenak ez bezala, nigeriarrak dozenaka liburu ditu argitaratuak jada: hamazazpi poesia lan, lau nobela eta zazpi saiakera. Saritu dioten Songs of Myself. Quartet lanean, aurreko hainbatetan bezala, bere bizipenetatik abiatutako aldarrikapen kantak poematu ditu: urhobo herriaren tradizioak blaitutako haurtzaroa, maitasuna, Nigeriaren egoera politikoa eta ekologikoki suntsituta dagoen bere sehaskako, Nigerren deltako oihartzunak batu ditu. Naturak bere identitatea azaltzeko irudi ederrak eskaintzen dizkio beti Ojaideri; baita bere herrialdeko klase politikoaren ustelkeria salatzeko eta kontzientzia ekologikoa aldarrikatzeko ere. «Gizarte gizatiarrago bati begira sortzen dut, horregatik egiten dut baztertuenen, gutxituenen alde; horregatik idazten dut diktadura militarraren, ustelkeria politikoaren eta patriarkatu jazarlearen aurka», esana dauka. Nigerren deltatik abiatuta, betiere. «Idazlea ez da airean aldatutako landarea; nonbait hartu behar du lur, eta oso lotua sentitzen naizen Nigerren delta ere bada munduaren eta pertsona izaeraren sehaska».

Sehaska horretan bakarrik ez, Ojaideren beraren idazkeran ere utzi du arrastoa Mendebaldeak:«Nire urhobo herriko kantu eta hotsak entzutearen poderioz ikasi nuen poesia idazten; baita mendebaldeko poetak eskolan irakurriz ere. Bi tradiziook dute eragina nire idazkeran». Idazkera horretan, sarritan nabarmendu izan duenez, ahozko tradizioan hazia izateak beste pisu daukate Syracusako (New York, AEB) unibertsitatean egindako literatur ikasketek eta Mendebaldean bizi izanak. Egun, afrikar ikerketen irakaslea da Ipar Carolinako (Charlotte) unibertsitatean. «Egia da urhobo, nigeriar eta afrikarra naizena, baina, gauza guztien gainetik, pertsona bat naiz». Ojaideren poesia, besteak beste, txinerara, nederlanderara, alemanera, frantsesera eta gaztelaniara itzulita dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.