Albistea entzun

LAUHAZKA

Joko eta jolas

Kostis Velonis artistaren <em>Sheltered</em> lana, 2013koa.
Kostis Velonis artistaren Sheltered lana, 2013koa. KOSTIS VELONIS Tamaina handiagoan ikusi

Oier Iruretagoiena -

2022ko urriak 2

Maiz jo ditugu sinonimotzat joko eta jolas, baina ez dute gauza bera izendatzen. Arautua da jokoa, lehia dakar, eta baita irabazle eta galtzaileak ere, dirua ere tartean dela sarri. Egon liteke zoriaren esku utzitako parteren bat, eta trebezia behar izaten da arerioei eta zirkunstantziei aurre egiteko. Halakoak dira karta-jokoak, futbola edo esku-pilota, esaterako. Jolasari begiratzen badiogu, berriz, araurik, lehiarik, garailerik eta dirurik gabeko eginkizuna da, momentuko behar espontaneoari jarraitzen diona. Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, atsegin hartzen da jokoarekin, eta atsegin eta atseden jolasarekin. Definitzeko modu bat da atsedenaren aipamen hori, baina jolasak ere izan ditzake bere buruhausteak, beste era batekoak. Egia da jokoak piztu ohi dituela gehien tentsioa eta adrenalina, baina horrek ez du esan nahi jolasa hala moduz edo arretarik eta ahaleginik gabe egin beharreko kontua denik.

Konparazio —behartu— bat egingo bagenu egunerokotasuneko jarduerekin, soldatapeko lanpostuak badu jokoarekin zerikusirik. Aurrez ezarritako arauen barruan, eta dirua tartean dela, espero denari eta ez denari aurre egiteko gaitasunak erakutsi beharrak bat egiten du postfordismoaren funtzionamenduarekin. Beste aldean, emaitza arrakastatsu baten antsiarik gabe eta guk hala nahita egiten duguna izan daiteke jolasa. Jakitun naiz bizitza ez dela benetan partetan erraz banatzekoa, eta sailkapen horretatik kanpo geratzen direla ekintza asko —ordainsaririk gabeko lanak, eta abar—, baina hurrengo paragrafoetan zerbait esatea ahalbidetuko didan sinpletze ariketa egiten ari naiz.

2020ko udaberriko itxialdiaren inguruetan, kulturaren ustezko balioespen mezuak zabaldu ziren, ez omen genuelako izango bestela etxean zerekin entretenitu. Baina entretenimenduarekin lotzeak, goretsi ordez, gutxietsi egiten du kultura benetan. Gainera, denbora-pasagarri izan zen kultura hori, industriak sortutako ikus-entzunezkoak izango ziren gehienbat —nire inpresiotik diot, daturik gabe—. Enpresa handiek prestatutako produktuak dira horiek, non askotan dena oso ondo diseinatuta dagoen hartzaileak esfortzurik gabe arretarik gal ez dezan, eta beti ikusten jarraitu nahi izan dezan. Hain justu, nire inguruan bati baino gehiagori entzun izan diot hori dela telesail edo film bati eskatzen diona; eguneko kezken ondoren tarte batez dena ahaztu ahal izatea, edo «entzefalograma lau» jartzea, esaera hori ere erabiltzen da. Entretenimenduarekiko loturaren atzean sakoneko zer ikuskera dagoen pentsatzen jarrita, esan daiteke produktibitatea —jokoa— kontsideratzen dela inportantea, eta, beste aldean, jokoarekin jarraitzeko beharrezkoa den atsedengarri arintzat —eta batzuetan narkotikotzat— hartzen dela jolasa, kultur sorkuntzak ere tartean sartuta.

Interesgarri deritzot Carl Gustav Jung psikologoaren autobiografian datorren pasarte bati. Kontatzen duenez, galduta eta trabatuta ikusi zuen bere burua denboraldi batez, eta ez zekien zer gertatzen zitzaion, ezta hortik nola atera zitekeen ere. Amore emanda, kontzienteki libratu zituen inkontzienteko bulkadak, eta hamar-hamaika urte zitueneko oroitzapena etorri zitzaion: harri eta lokatzezko eraikuntzatxoak egiten ikusi zuen bere burua. Helduak falta zuen lilura ezagutu zuen haurrarengan, eta ekintza hartara itzuli beharko zuela pentsatu zuen. Erresistentziaz eta umiliazio sentsazioz bizi izan zuen haur jolasetan hasi beharra, baina ez zuen beste irtenbiderik aurkitu. Ahal zuen guztietan harrizko etxetxoak egiten hasi zen orduan, bazkalostean nagusiki, eta arratsean ere bai, pazienteekin goiz amaitzen bazuen. Kontatzen duenez, huraxe izan zen aurreranzko bidea topatzeko modua, aurretik ez zituen bestelako pentsamendu batzuk sortu zitzaizkiolako ekintza horren bidez. Eta gerora inoiz berriz ere trabatzen bazen, pintatu edo harri bat lantzen zuen.

Hori irakurtzen diodanean, arretatsuki jarduten irudikatzen dut nik, dela pazienteekin kontsultan edo harriekin jolasean. Oso astuna eta probetxurik gabekoa izan daitekeelako erdizka edo arreta eta ahalegin gutxieneko bat gabe egiten dena, ez bada espresuki esfortzurik batere gabekoa izateko diseinatutako zerbait, lehen aipatutako ikus-entzunezkoak bezala. Jolasa bera ere aspergarria izan daiteke arretarik jarri gabe. Bestalde, aipatzekoa da egilearen ikuspuntutik bizitako esperientzia bat dela kontatutako Jungen hori, baina eraldatzaileak izan daitezkeela hartzailearen lekutik bizitakoak ere. Eta pertsona jakin baten kasu zehatz bat da, ez duena zertan denentzat eredu izan. Artea bizitzeko modu asko daude, eta ez da dena umetako jarduera atseginetan ibiltzea. Hori baino askoz gehiago dago, eta buruhauste dezentez gehiagotan sartu ohi gara honetan denbora asko ematen dugunak —profesionalizatu nahi izatekotan, gainera, neurri batean joko ere bihurtzen zaigu lehen jolas soila zena, jolasaren kaltetan—. Baina, dena dela, jolasa denbora-pasagarri hutsa ez delako adibide ona da Jungena. Eman daitezkeen askoren arteko bat; bere burua bide ezberdinetatik sakonki ezagutzen saiatu zen norbaitena, kasu honetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten. ©AZKUNA ZENTROA

Zortzi erakusketa hartuko ditu aurten Bilboko Azkuna zentroak

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte.

Asier Olabarrieta (erdian), Islabaten emanaldi batean, Gasteizen. ©NURIA GONZALEZ / ISLABAT

«Kontsumo ereduak kaleratzen den musika baldintzatzen du»

Iraia Vieira Gil

Islabat izenpean, bere burua onartzeko prozesuan oinarritutako rock diskoa kaleratu du Olabarrietak. «Lasaia» izan da diskoaren bidea; egungo abesti «azkarrak» ez bezala, poliki sortu du musikariak lana.
Maria Elorzaren eta Iñigo Salaberriaren 'Al borde del agua' filmeko irudi bat. ©Ikuspuntu jaialdia

Hamalau herrialdetako hemezortzi film ikusgai Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofizialean

Andoni Imaz

Hamar film luzerekin eta zortzi laburrekin osatu dituzte lehiaketako hamar programak. Sei lan lehenengoz erakutsiko dituzte jendaurrean.

Testuaren zama

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.