Donostiako Aste Nagusia

«Ahituta amaitzen dugu, baina zoriontsu»

Klasikoetan klasikoena da Arnoldo izozkitegia Donostian. 1935ean hasi ziren, eta laugarren belaunaldiko kidea da Alustiza: «Hauxe da txikitatik edoski duguna; gure odola da, eta ezin genuen hiltzen utzi».

ANDONI CANELLADA / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2022ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Ez dago Donostian surik gabeko festarik eta izozkirik gabeko surik. Horren jakitun dago Marta Alustiza Arnoldo (Donostia, 1981). Izan ere, horixe dute izozkiek: freskatzen dutela gorputza eta goxatzen dutela arima —limoi zaporekoa aparta dago—.

«Nolako bero sapa, goazen izozki bat jatera». Aurtengo udako esaldia da hori.

Bai, inondik ere. Donostiak tropikala dirudi, ezin sinetsita gaude.

Batek baino gehiagok pentsatuko zuen honezkero: «Izozkigileak aberasten ari dira»

Ez da horrela [barrez]. Pandemiatik bizirik ateratzea lortu dugu, baina murrizketa asko eginda. Ongi egin dugu lana, baina probintziako jendea etorri delako. Horrek salbatu gaitu: jende leiala izateak.

Baina beroak lagundu egin dizue?

Dudarik gabe. Berriro igo egin dira salmentak, maila onean gaude, baina ez da ezer eskandalagarria ere.

Arnoldotarrak nongoak dira?

Italiako Longaronekoak, Venetto eskualdeko herri txiki batekoak —Veneziatik ordubetera dago—. Argazki horretan agertzen dira [izozki saltzaile familia bat ageri da zuri-beltzeko argazki batean, horman]. Birraitona eta birramona dira helduenak, eta mutiko ilehori txiki hori nire aitona da. Birraitona eta birramona hasi ziren izozkigintzan Austriara migratu zutenean; Italiara bueltatu ziren, eta aitona eta amona Cervian hasi ziren izozkigintzan; handik etorri ziren gero Donostiara, 1935ean. Ondarretako gasolindegian ireki zuten lehen denda, Miramar kalera aldatu ziren 1938an, eta Garibai kalera 1948an. Eta hemen jarraitzen dugu guk.

Italia da izozkien sorlekua?

Baietz esango nuke. Kontua da gure familia bizi zen lekuan Dolomitak gertu zituztela, eta izotza ere bai, horrenbestez. Eta hori behar zuten izozkiak mantentzeko.

Orduko formulei eusten diezue?

Ia erabat. Teknologiak lagundu digu zenbait testura hobetzen, baina oinarria orduko berbera da.

Donostia, negozio historikoa eta familiarra... Formula horrek azken boladan ez du funtzionatzen.

Asko desagertzen ari dira, bai.

Zergatik?

Gauza asko daude: lokalen alokairuak garestitu egin dira, jendea nekatu egin da, gazteek mugitu egin nahi dute... Baina alokairuen igoera sekulakoa da. Lokal hau familiarena da, eta hor nonbait. Atera kontuak: Donostian kafetegiak desagertzen ari dira. Lau kaferekin eta goiz guztia han pasatzen duen bezero heldu horrekin... ez da errentagarria.

Noiz erabaki zenuten zuk, senarrak eta ahizpak negozioari heltzea?

Senide guztiok gure ikasketak egin ditugu. Senarra eta ni nutrizionistak gara, baina, garaia iritsi zenean, gurasoak nekatuta ikusi genituenean, honi heltzea erabaki genuen. Nik ez nuen inoiz izan halako asmorik, baina egia da txikitatik edoski dugula hau, gure odola dela, eta ezin genuela hiltzen utzi.

Garestiak dira izozkiak?

Izozkiari gertatzen zaiona da lehengaiak garestiak direla eta hura hotz mantentzea asko kostatzen dela. Hotzaren industria oso garestia da, eta energia asko kontsumitzen du.

Eta zuenak etxean eginak dira.

Hori da. Ez dute gehigarririk eta kontserbagarririk; ez dute hainbeste irauten, eta hasierako estruktura mantentzea nahi dugu.

Asko aldatu da Donostia?

Bai. Turismoak nabarmen egin du gora, eta turismo mota ere aldatu egin da. Bolumena sekulakoa da.

Suak eta izozkia, ala izozkia eta suak. Zein da ordena?

Hasiera hartan, suak eta izozkia zen, baina aspaldian joera aldatzen ari da, eta suen aurretik hasten da jendea izozkiak erosten.

Jende oldea izango da, ezta?

Sekulakoa. Egun horiek ongi prestatu behar izaten ditugu. Eguraldiak asko baldintzatzen du, baina jendeak eutsi egiten dio tradizioari. Oso dibertigarria da. Ahituta bukatzen dugu, baina zoriontsu. Barraren alde honetan egotea dibertigarriagoa da halakoetan, zeren jende asko haserre ere etortzen baita ilaran egon behar izan duelako ogitartekoak hartzeko, edaria hartzeko, eta orain izozkiak hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.