LAUHAZKA

Kraak!

Amsterdamgo Spuistraateko Vrankrijk okupa etxea. Oraindik bizi da.
Amsterdamgo Spuistraateko Vrankrijk okupa etxea. Oraindik bizi da. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Maite Larburu -

2018ko urriak 21

Ez da ohikoa. Baina 24 gradu egiten ditu Herbehereetan oraintxe bertan. Kamiseta hutsean abiatu naiz, eskaileretan behera. Eskulekua eskuarekin agurtu dut. Eta pedalak, kraak! erantzun dit. Hiria bera da nire helmuga, bide gorri hau, kanal baten albotik iragaten da, eta erdialdean, uretatik, etxe bat sortzen: txirula luze leihodun bat. Etxe baten hezurdura ematen duen eskultura estu bat. Etxetik ala hezurduratik, zertatik gehiago duen galdetzen diot neure buruari, hemendik pasatzen naizen bakoitzean. «Bertan inor bizi ez delako da etxe hau hezurdura», izaten da nire epaia. Baina gaur oker nago. Gerturatzen hasi orduko konturatu bainaiz dozena bat uso daudela etxe hutsaren leihoetan pausaturik.

Etxe huts bat hezurdura bat da, usoek okupatzen ez duten bitartean (herbeheretar okupazio legeak zioen mahaia, aulkia eta koltxoia ezarrita kontsideratuko zela etxe bat okupatua; ekarri ote dituzte usoek altzari horiek guztiak?).

Esaldi hori buru barruan kateatu zait, behin eta berriro, buklean. Baina zuretzat besterik ez dago irakurgai. Kanpotik begiratzen didanak hauxe ikusiko baitu: emakumezko arrunt bat, bizikleta gainean, Amsterdamen.

Kamiseta beltza.

Okupazioaren eta okupen jantzien ohiko kolorea.

Bikoitz ikusi ere. Kanalek errealitatea islatzen baitute.

Ispilu bat da, Amsterdam.

Eraikinak, eta uretan islatutako eraikin gehiago.

ARKITEKT URA.

Konbinazio horixe, forma eta kolore guztietan.

Amstel dam: Amstel ibaiaren inguruan ezarritako dam edo dikeari esker sortutako hiria, itsasoari zati bat lapurtuta okupatutako lurraldean.

Okupazioaren hiriburua beraz?

Mede mogelijk gemaakt door de kraakbeweging.

Okupen mugimenduak posible egina.

Aspaldian ez nuen irakurri esaldi hori. Eraikin baten fatxada gainean dago. Guk ere, gure etxe zaharrean, bagenuen bat. Kartel hori handi bat, letra beltzekin. Gure bizilekua zena okupazioari esker etxebizitza sozial bihurturiko horietako bat baitzen.

Eta guztia, 1914. urtean, epaimahai gorenak hala erabaki zuelako: okupatzea legezkoa zela. Etxe-bakea deritzona haustea etxearen erabilera babestearekin lotuagoa dagoelako Herbehereetan, etxearen beraren babesarekin baino.

2010az geroztik, ordea, okupazioa ilegala da.

Ika-mika ugariz betetako historia, Amsterdamgo okupazioarena.

60ko hamarkadan hasi zen indarra hartzen mugimendu hau, eta 80koan ukitu zuen tontorra. Gizarteak orokorrean onartu eta babesten duen ekimena izan den arren, Poliziarekin eta Udalarekin izandako iskanbilak etengabeak izan dira. Eraikin zaharkituak hutsik mantendu eta eraispena nahiago izan den garaietan, alokatzeak edota saltzeak diru gutxi ematen duelako, hauetako ugari suntsitzea galarazi izan dute okupek. Baita zentroko auzoetan proiektu itzelak geldiaraztea ere: errepideak eta metro lineak egiteko etxe antzinakoak bota nahi zirenean, bizilagunak eta okupak elkartu, eta telefono-irrati-sirena-komunikazio-bide piratei esker, asmo horiek bertan behera uztea lortu izan dute, zenbaitetan.

Asko zor zaio okupazioaren mugimenduari Amsterdamen. Eraikin okupatu hauetako askotan, Udalarekin akordio batera iritsi ondoren eta alokairu duin baten trukean, bizi ahal izateko aukera sortu duelako. Zentroko auzo ederretan, gainera.

Nire kasua hauxe zen.

Mugimendu kultural handia eragin izan da eraikin hauetan, gainera: sukalde, sauna, kontzertu-areto, liburu-denda sozial eta alternatiboekin. Atelierrak. Bizitza artistiko eskuragarri eta ez-elitista, hirigune erdian.

2010era arte.

Oraindik ere zenbait eraikin okupa enblematiko geratzen diren arren, gehienak ez direlako jada existitzen. Okupatzea oso zaila delako oraintxe bertan (nahiz eta oraindik ere egiten den!). Alokatzea bera ere ia ezinezkoa. Luxuzko apartamentu eta kafetegiak nonahi. Hotelak. Okupak ziren lokaletan, zinema areto hipsterrak eta denda-konplexuak, okupazioaren garaian izan zuten izenarekin. Zein absurdoa.

Munduko hiriburu guztietan gertatu dena gertatu dela esan beharko dut.

Zentroetan ezin da bizi, aberatsa ez bazara.

Kraker okupa da nederlanderaz. Kraken, okupatzea. Kraak ateak bortxatzerakoan egiten duen hotsa delako. Nire pedalak ere horixe dio bultzada bakoitzean: kraak eta kraak. Okupa eta okupa.

Okupak besterik ez garelako. Eta ez gara ohartzen geure burua bera dela legez kanpo jartzen ari garena.

Mundua okupatu genuen lehendabizi: kraak. Eta orain puskatzen ari gara: kraak eta kraak eta kraak.

Okupak besterik ez gara bizitza honetan, berriz ere joateko etorriak.

Baina, hala ere, ezin propietate pribatuaren ideia zikin hori burutik kendu.

Zer da gurea, baina?

Gure gorpu huts bera ere hezurdura bat besterik ez da eta, okupatzen ez den bitartean...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

‘Gauzak direna balira’ Habanako gaukariaren hirugarren alea

‘Gauzak direna balira’ liburua aurkeztu du Joseba Sarrionandiak Kubatik

Mikel Lizarralde - Amagoia Gurrutxaga Uranga

Habanako gaukariaren hirugarren liburukia gaur aurkeztu dute, Donostian, eta idazleak bidalitako bideoa eman dute bertan.

 ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

«Honek aukera eman digu, nahitaez, bide berriak probatzeko»

Iñigo Astiz

Lehendakaritzan diharduen hamasei urteetan eraldatzen ikusi du Durangoko Azoka Mujikak, baina sekula ez aurten bezainbeste. Onartu duenez, ilusioz eta beldurrez dago etziko irekiera heltzeko.
 ©JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU

Beltzaren azpiko tonuak

Ainhoa Sarasola

Habi musika taldeak 'Koloreak' bigarren diskoa plazaratu du. Aurreko lanaren ia segidatzat du bikoteak, eta zuzenean aurkeztuko dute orain
Bi bisitari Bilboko Guggenheim museoari begira ©Marisol Ramirez/Foku

Iazko bisitarien %26 hartu ditu aurten Bilboko Guggenheimek

Iñigo Astiz

Fundazioaren patronatuak 24 milioi euroko aurrekontua onartu du hurrengo urterako, iazko kopurua bosten bat murriztuz. Euskal artistei buruzko erakusketa bat eta abstrakzioari emakumezkoek egindako ekarpenari buruzko bat izango dituen programa bat ere adostu dute. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna