LAUHAZKA

Noiz bukatuko da?

Shenzhen hiriko (Txina) karaoke batean, aurtengo urrian.
Shenzhen hiriko (Txina) karaoke batean, aurtengo urrian. ZIGOR ALDAMA

Xabier Gantzarain Etxaniz -

2018ko abenduak 2
Gaur bukatuko da, Laboa gertutik erakusketaren itxierarekin, Azpeitian antolatu dugun Laboaldia. Lankide eta konplize dudan Aitorri aitortu nion, hasi aurretik: Mikel Laboa berriz aditzera jarri nau, eta horrexegatik bakarrik bada ere balio izan du.

Asko gozatu dut, kantuan aritu naiz aspaldiko partez, haurtzaroa ekarri dit, anaiaren diskoak bere lehen soldatarekin erosi zuen musika ekipoan bueltaka, ama leihotik begira lurruna kendu gabe, ni landura hartan marrazkiak egiten, ur tantak behera nola egiten duen ikusten, zirrikitu estu hartatik parkera begira, denok mahaira bildu aurretik.

Baina Ana Gandarak Azpeitiko hitzaldian esan zuen bezala, gazi-gozoa egin zait Lekeitioak entzutea, mingarria ere bai batzuetan, eta batik bat Gernika. Eta konturatu naiz edozein koadrok baino hobeto irudikatzen duela Gernikako bonbardaketaren horrorea Mikel Laboaren oihuak.

Hala ere, aitortuko dut, itzela iruditzen zait Picassoren Guernica. Beharbada horregatik ematen dit hainbesteko pena eta amorrua zer bilakatu den ikusteak. Arrazoi du seguru asko John Bergerrek: Guernica koadroa Picassok sufrimendua nola imajinatzen zuen erakusteko ariketa bat da, ez besterik. Baina hala ere.

Karmen Zabaletak argazki bat jarri zuen joan den ostegunean Twitterren. Picassoren Guernica ageri da hondoan, lurra egurrezkoa da, banku batzuk daude, jendea dago eserita koadroari begira. Isiltasuna. Hitz bakar hori jarri zuen Karmen Zabaletak argazkiarekin batera. Eta bikaina iruditu zitzaidan. Eta pentsatu nuen zer izango ote zen Guernica ikustea 1937an Pariseko Nazioarteko Erakusketan. Edo handik gutxira Inglaterran erakutsi zutenean.

Asier Mendizabalen Balio faziala lan zorrotza aipatu nuen aurrekoan, eta hau ere badio artistak han: «Alcazar sutan, Toledoko paisaia heroikoa-k nazioarteko biurtekoan izan zuen agerpena bitarteko, Picassoren Guernica-ren ifrentzua, borondatez ala nahi gabe, irudikatzen zuela proposatzea ariketa erretoriko hutsa lirudike. Azken finean, eta Sertek Parisen urtebete lehenago itxuratutako Santa Teresaren eskuhartze militarrarekin gertatu bezala, hogeigarren mendeko pintura famatuenari kontrajartzen zaiona hemen, arte historiaren kanonean ia azaldu ere egiten ez den margo bat da. Baina beste behin, kanon historiko horixe idatzi aurretiko momentura ekartzen badugu gure ikuspuntua, imajinatu ahal dugu bestelako etorkizun nahasgarri bat: Biennale-a oraindik irekia zela, 38ko urriaren 4an, Londresko Burlington Galleries-etan erakutsi zuten Guernica, Picassoren zirriborro guztiekin, urriaren 29ra arte luzatuko zen erakusketa batean. Horren segidan, abenduaren 9an, Lady Ivy Chamberlain, atzerri ministro britainiar izandakoaren alargunak egindako bitartekaritzari esker, Zuloagaren erakusketa asmo handiko batek hartzen zuen txanda Burlington Galleries haren gela berberetan. Lan aukeraketan Veneziatik zetozen asko gehitu ziren. Tartean, Ciano kontearen Requete zaharra eta, agian halako mendeku historiko izateko asmoarekin, Alcazar sutan, Toledoko paisaia heroikoa».

Etorkizunak bazeukan diferentea izatea, ahaztu egiten dugu. Okerrago ere izan zitekeen, egia da, askoz hobeto ere bai.

Izan diren iragan guztiak daude gure baitan, harri, zauri, zama, baina gugan daude izan ez diren etorkizun guztiak ere, aire, arnas, arma.

Mikel Laboak 3 urte bete gabe zeuzkan 1937ko apirilaren 26an, Gardatan bizi zenean familiarekin. Gernika kantuari buruz galdetu zioten batean, etxean entzundakoak ekarri zituen, abioien burrunba, baina baita beste gertaera bat ere, askoz geroagokoa, kantua egin zuen garaikoa: Joseba Elosegi sutan bildua Anoetako frontoian goitik behera jauzi egiten Gora Euskadi Askatuta! oihukatuz, Franco diktadorea han zela(ko), 1970eko irailaren 18an. Nire anaiak bost urte bete zituen egun berean.

«Esan liteke kantariek badaukatela hilezkortasunarekin tratu faustiko bat beste inork ez daukana, kanta barruan denak daudela bizirik edo, beste era batera esanda, denak hilik hasiera-hasieratik: zer kontenplatzen du kantariak bere ahotsa grabaturik entzuten duen bakoitzean, bere heriotzaren aurrerapena ez bada?. Hildako lagunen ahotsa ahanzturak irensten duen lehen gauza izan arren, salbuespenaren pribilegioa dute kantariek».

Harkaitz Canok Fakirraren ahotsa nobelan idatzitako hitzak dira, eta bueltaka ari natzaie egunotan, Laboaren diskoei nola. Bere kantuak jarri eta Laboa bizirik da, kantuan ari da barren. Ifrentzua ere badu ordea: Gernika abesten duen bakoitzean Gernikako horrorea berritu egiten da gure gogoan, berriro bonbardatu balute bezala.

Gernikako horrorea are jasangaitzagoa da ordea artelanak eta, haien bitartez, bonbardaketa bera banalizatzen direnean. Edozeinek edozertarako erabiltzen duenean. Zigor Aldamak Twitterren jarri zuen argazki hau urrian. Galdetu egin nion. Shenzhen hiriko karaoke batean atera zuela, ez dakiela txinatarrek zer ikusten duten koadro horretan, ziur aski ez guk interpretatzen duguna. Argazkian ageri direnak ez dira, begiratu batera behintzat, txinatarrak; gehiago dirudite turista europarrak.

Noiz bukatuko da Gernika?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna