ATZEKOZ AURRERA

Eta 'Bizi!' bedi

'Bizi!' mugimendu ekologista hamargarren urteurrena ospatzen ari da asteburuan, Baionan. Hogei lagunek piztu zuten 2009an, eta gaur hogei talde baino gehiago biltzen ditu.

Euskoa da Bizi!-ren urteurren jaiko moneta. Bizi! mugimenduko taldeek euren lana erakutsi zuten atzo, Baionan. BOB EDME.
Edu Lartzanguren.
Baiona
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Klimarena da gure erronka nagusia, baina Burujabe egitasmoa garatu nahi dugu, herri hau izan dadin bideragarria ekonomikoki eta ekologikoki. Euskal Herri hori eraikiko dugu», esan du Barth Camdescassek, talo bat jaten duen bitartean. Bizi! mugimenduko koordinatzailetako bat da. Hogei lagunek hasi zuten taldea, 2009an, eta, hamargarren urteurrena ospatzeko, jendez bete dituzte Baionako Patxa plaza eta inguruko kaleak.

«Barazkiduna nahi duzu, ala oilaskoarekin?», galdetu du taloak betetzen dabilen sukaldarietako batek. Etorkinen aldeko txosnan ari da, Ongi etorri errefuxiatuak afixen artean. Bazkaltzeko ordua da, eta hamar bizizaletik zortzik talo bat du eskuetan, balio estatistikorik ez duen bistadizo azkar batean kalkulatuta.

Bizi! mugimendua oso plurala dela azaldu du Camdescassek, «iparraldeko geografiari, adinari eta generoari dagokienez». Belarriprest txapa darama paparrean, eta euskara eta frantsesa tartekatzen ditu.

Hamar urteko historia duBizi!-k, baina dagoeneko bere museoa dauka. Patxokiaren ondoko etxepean antolatu dute mugimenduaren ekintzak eta horretarako erabilitako tresneria gordetzen dituen erakusketa.

Han daude, esaterako, Baionan goiz batean dozenaka kilometro bidegorri egiteko erabili zituzten txantiloiak. Autoentzako errailetan ikurrak margotuta, hirian bizikleta erabiltzeko kanpaina egin zuten. Euskal Herrian urre meategiak egitearen aurkako protesta ikusgarriaren argazkia dago museoan: Sudmine enpresaren presidentearen etxera joan ziren, Orleans aldera (Frantzia), eta haren belardian zulo bat egin zuten indusketa makina batekin. [Emmanuel] Macron kutsatzaileen presidentea testua duen afixa handia dago, kaskoak, gas maskarak, protesta garaiak egiteko eskalatzeko materiala...

«Gaurko lehenengo borroka ekologikoa da, planetan bizitzeko baldintzak baitaude jokoan», esan du Nicola Balerdi Bizi!-ko Larrun taldeko koordinatzaileak. «Baina ekiteko, lurralde bat behar duzu, eta hori, hemen, Euskal Herria da».

Burujabetza

Euskoa da Bizi! mugimenduaren jaiaren moneta ofiziala eta ia bakarra. Izan ere, txosnetako batean Euroak ere onartzen ditugu afixa jarri behar izan dute. Euskoa Europan gehien erabiltzen den tokiko moneta bihurtu zen iaz.

Enargia kooperatibak mahaia du jaialdian. Bakarrik energia berriztagarria erabiltzen du argindar hornitzaile berriak, eta bi aste barru hasiko da zerbitzua ematen. «Orain energia hidraulikoa erabiltzen dugu, batez ere Biarnokoa [Okzitania], baina benetan tokian tokiko bihurtu nahi dugu, eguzki plaken bidez», esan du Laura Dubernet eledunak. 372 kooperatibista dira dagoeneko, eta 250.000 euroko kapitala lortu dute.

Bizi! mugimendua hainbat egituren parte da, besteak beste Enargiarena berarena, Euskal Herriko Laborantza Ganberarena, Euskoarena, Otsokop kontsumo kooperatibarena... Bizitzaren alor asko ukitzen ditu taldearen filosofiak, eta, harago eramateko, Burujabe egitasmoa lantzen ari da iaztik. Horren liburu berdea aztertzen ari da familia bat. Gure bizi baldintzak berreskuratuz azpititulua du liburuak. «Horrekin zentzu orokor bat eman nahi diogu borrokari, erabakitzeko ahala ukaiteko», azaldu du Dominika DurrutiBizi!-ko kideak. Euskaraz Bizi eta beste zenbait taldetan zebilen, eta duela bizpahiru urte hasi zen Bizi!-n. «Zerbait egin behar zela iruditu zitzaidan, eta Bizi!-koen ekintzak interesgarriak iruditu zitzaizkidan, erradikalak zirelako, baina bortizkeriarik gabekoak eta umoretsuak». Irribarre batekin gogoratzen du mugimendukoek Miarritzen marka bat jarri zutenekoa (Lapurdi), klima aldaketarekin itsasoa noraino helduko den ohartarazteko. Gai larria izan arren, «ekologia umorez eta pozez ospa daitekeela erakusten du gaurko jaialdiak».

Bizi!-k eragin handia lortu du gizartean hamar urteotan. Desobedientziarako materialen artean ibili zen atzo Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako alkatea. Txetx Etxeberri, Lucien Betbeder eta Xipri Alberbiderekin mintzatu zen, besteak beste.

Gaur ere jarraituko du jaiak. «Desobedientzia zibileko ekintza alai eta aldarrikatzailea» egingo dute 10:00etan. Eguerdian, mutxikoak dantzatuko dituzte, eta herri bazkaria egingo dute.

Espiritu matxinoa dario Patxa plazari. Bi haur Bizi!-koen txarteletan itsasgarriak jartzen hasi dira. «Ez egin hori: ez da polita geratuko», esan die heldu batek. «Badakigu», erantzun dio haurretako batek, irribarre bihurri eta bizi batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.