ATZEKOZ AURRERA

Bertakoen bilgunea

Errotzen hasia da Ekoazoka, hilean behin Iruñeko Geltokin egiten dutena. Bertako produktu ekologikoak zuzenean erosteko tokia ez ezik, iruindarrak elkartzeko gune ere bada.

Asier Iribarren, barazki ekologikoen postua zaintzen, atzo, Iruñeko Geltokin egindako Ekoazokan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Topagune zen, eta topagune da orain ere. Autobusak joan-etorrian ibiltzen ziren lekuan salgaiak dira orain joan-etorrian. Aspaldi ikusi gabeko hari ongietorria eman eta solas txiki bat egiten zen tokian, ukondoarekin egindako agurrak eta hitz-aspertuak dira orain. Iruñeko autobus geltoki zaharrak jendea konektatzen zuen garai batean, eta bere nasatan antolatzen den Ekomerkatua da orain jendearen eta hiriaren eta herrien arteko konexioa ahalbidetzen dituena. Hilero egiten da produktu ekologikoen azoka, lehenbiziko larunbatarekin, eta, saltzaileen arabera, errotzen hasia da dagoeneko.

Eguerdi partean hasi da jende gehiago sartzen Iruñeko Geltokin. Atarian eskuak garbitu, eta noranzko bakarrean joan dira denak, seinaleei jarraikiz. Hala ere, ez dabiltza japoniar jatetxeetako platerak bezala. Patxadaz begiratu dituzte hemezortzi postuak, ezagunak agurtzeko aprobetxatu dute, baita batzuekin solasean aritzeko ere. Urrunean musika aditu arren, nabarmenagoa da bertaratu direnen marmarra. Bertako produktu ekologikoak erostera ez ezik, bertako jendearekin egotera ere joan dira. Ezin da bestela izan, azoka bat baita.

Sara Ziordia da azokari itzulia eman ondoren poltsak ongi beteta atera diren erosleetako bat. Zabalguneko merkatuan egiten ditu erosketak, baina, hilean behin Geltokin paratzen duten azokara joaten da. «Pozten nau garai hauetan horrelako tokietara etortzerik izatea», azaldu du. Elikagai ekologikoak kontsumitzen ditu berak, osasunarentzat hobeak direlakoan. Kontent agertu da, geroz eta jende gehiagok egiten duelako hautu hori. «Urte asko daramat janari ekologikoa kontsumitzen, eta, hasieran, arraroa nintzen. Baina ez zidan inporta».

Ez da soilik produktua Ziordiak estimatzen duena: «Zuzenean ekoizleari erostea gustuko dut; ez naiz saltoki handietara joaten». Izan ere, Ekoazokan izen-abizenak dituzte ekoizleek, eta aurpegia. Esaterako, Ziordiari barazkiak saldu dizkionak Asier Iribarren du izena. Caparrosokoa da(Nafarroa) eta El Puente Viejo barazki dendan aritzen da. Hark ere nahiago du bezeroarekin hartu-emanean aritzea. «Gure barazkiak bezeroari saltzea maite dugu, eta harreman pertsonala izatea. Horrela atseginagoa da bientzat», azaldu du. Bera kontent da azokarekin: «Esker oneko azoka da, eta poztekoa da ikustea jendeak ongi erantzuten duela. Asko dira hurrengo hilabetean bueltatzen direnak».

Miriam Otxotorenak antzeko ikuspegia du. Iturgoiengo (Nafarroa) Axuribeltz gaztandegiko produktuak saltzen aritu da martxoan egindako lehenbiziko azokatik. «Hiriaren eta herrien arteko harremanak lantzea garrantzitsua da, guk hiriko bizitza ezagutzeko, eta haiek elikagai osasuntsuagoak izateko». Gainera, azokan egoten den giroa goraipatu du: «Ezagunekin egoteko balio du. Azkenean, harremanetarako toki bat da».

Barazkiekin batera, ogia da gehien saldu dena eguerdi partean. Lakabetik (Nafarroa) eraman dute, eta 13:00etarako deus gabe geratu dira. Hala ere, jendeak gailetak erosi ditu. «Espazio hau finkatzen ari da, jendeak badaki hau dagoela, eta prest etortzen dira etxetik poltsak edo erosketa gurdiak ekarrita», azaldu du Josu Ortigosak. Iruñeko Udalak jarritako baldintza batzuk «zailak» badira ere, hiriburuan horrelako gune bat aldarrikatzea garrantzitsua dela uste du.

Denek dute tokia

Askotariko jendea aritu da noranzkoa ongi markaturik duen ibilbidean barrena. Batzuk begira, baina gehienek erosi dute zerbait. «Batzuek erosten dute bertako proiektu txikiak babesteko, beste batzuek, osasunerako ona delako. Beraz, denetariko jendea etortzen da azokara», esan du Ortigosak. Hark ere jendearekin duten harremana nabarmendu du: «Horrela, eskaria egin dezakete, eta errazagoa da ekarri beharreko ogi kopurua kalkulatzea». Ez horregatik bakarrik: «Sesamoa edo mitxoleta oso goxoak dira, baina urrutitik ekarri behar dira, eta guk bertako produktuekin aritu nahi dugu. Horretarako, bezeroaren laguntza behar dugu, ohitura berria biek hartu behar baitugu».

Txapela buruan duen gizon zaharra, haurrak ekarri dituen bikotea, bikoteka zein talde txikian doazen adiskide gazteak... denetarik pasatu da Geltokitik. Batzuk nahita, besteak nahi gabe. «Ze, aurkitu al duk zerbait interesgarria?», bota dio gizon batek beste bati. «Kasualitatez sartu nauk, dendarako bidean».

Salmahaietan olioa, gazta, txorizoa, eztia, arrautzak, ardoa... dena ekologikoa. Dastatzeko aukera da haurrak gehien erakarri dituena: «Aski duzu, ez da abusatu behar», esan dio aitak olio gehiago jan nahi zuenari. «Goxoa dago? Erosiko dugu», beste batek gazta dastatu duen semeari. Ia dena itxita, eta, leku sobera itxien arriskua kontuan izanda, plan egokia izan da azokara joatea. Bertako produktuen azokan aurkitu dute bertakoek bilgunea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.