ATZEKOZ AURRERA

Elkartasunaren indarra lagun

'Star Wars' filmen sagako pertsonaien erakusketa eta desfilea egin dituzte Donostian. Zaleen Pink Force fundazioak antolatu ditu, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen alde.

Darth Vader eta haren soldaduak, Antiguatik udaletxera bidean. BERRIA.
jakes goikoetxea
Donostia
2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Donostiak ez zirudien Donostia, eta Miramar jauregiak ez zirudien Miramar jauregia. Bertako antigoaleko gela eta pasabide dotoreetan, garaiz eta lekuz kanpoko pertsonaiak topa zitezkeen atzo goizean. Ewok bat hemen, Yoda harago, har erraldoi itxurako Jabba the Hut gela baten erdian, R2-D2 ezaguna txoko batean —robot horia gela batean, larrosa bestean—, Han Solo garraiorako erabilitako tauntaun baten gainean... eta uniforme zuri eta beltzekostormtroopers soldadu klasikoak aurrera eta atzera.

Star Wars filmen sagako pertsonaiak Donostiako eraikin eta ikono klasikoenetakoan. George Lucas AEBetako zinemagileak 1977an abiatutako unibertsoari egindako keinuak jendearen janzkeran: I am a real Yoda (benetako Yoda bat naiz) edota May the force be with you (indarra lagun izan dezazula) lelo ezaguna jakei itsatsitako petatxuetan.

Ilara etengabea izan zen Miramar jauregira sartzeko. Jendeak, baina, laser ezpata ez baizik aterkia zuen eskuan, indarra lagun, boladakako euriari aurre egiteko.

Barruan, jendea aurrera eta atzera zebilen. Gehienak geletan banatutako pertsonaien aurrean argazkiak ateratzen, bai haurrak, bai helduak. Tartean zen Gorka Urzelai, Star Wars-en zale amorratua: «Sekulakoa da horrelako ekitaldi bat Donostian izatea». Gogoan du oraindik sagako lehen filma ikusteak eragin zion zirrara: «Mundu berri bat aurkitu nuen». Pertsonaia gustukoenen artean, bi klasiko: R2-D2 eta C-3PO bereizezinak.

Kolore arrosa asko ikus zitekeen Miramarren. Pink Force fundazioak antolatu baitzituen herenegungo eta atzoko ekitaldiak, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen alde, odol emaile gazteak erakartzeko asmoz.

Pink Force fundazioa 501 Legioko kidea da, Star Wars-ekiko zaletasuna eta grina bizitzeko eta erakusteko elkartea. 501 Legioak 14.000 kide baino gehiago ditu munduan. Alemaniatik, Italiatik, Herbehereetatik, Herrialde Katalanetatik, Espainiatik, Erresuma Batutik... joan ziren atzoko ekitaldian parte hartzera.

'Gaiztoen' elkartasuna

Berez, filmetan, 501 Legiokoak gaiztoak dira, Darth Vaderren legioa, inperioa. «Errealitatean, ordea, elkarte guztiok elkartasun ekintzak egiten ditugu», zehaztu zuen Kristina Urtiagak, Pink Force fundazioko idazkariak. «Guk ospitaleetan laguntzeko bokazioa dugu, umeekin bereziki».

Pasabideetan, argazki ehiztariez gain, bisitariak maletekin. Maleta gogorrak, edukiak ondo babesteko. Barruan, Star Wars-eko pertsonaien jantzien erreplikak, arratsaldean desfilatzeko. «Erreplikak, ez mozorroak», zehaztu zuen Francisco Arroyok. Madrildik joan zen Donostiako desfilean parte hartzera. «Jantziak filmetakoen berdin-berdinak dira: xehetasun guztiak dituzte». Biker scout-ez jantzita atera zen arratsaldean, hau da, motor gidariz.

Eduardo Ramos malagarrak kolore arrosaz tindatua zuen bizarra.Inperioko ofizial gisa desfilatu zuen arratsaldean, militarren uniforme berdearekin.

Espainiako 501 Legioko edo Batailoiko kideak dira biak. Beren poltsikotik ordaindu dituzte Donostiara joateko gastu guztiak, atzokoa elkartasun ekintza bat baitzen.

Ramos 8 urte zituela egin zen Star Wars-en zale, 1977an gurasoek filma ikustera eraman zutenean. «Mugarria» izan zen, eta, zaleen halako elkarteak zeudela jakin zuenean, nahitaez kide izan behar zuela pentsatu zuen.

50 urtetik gora ditu, beraz. Ez zaio batere axola besteek zer esango duten: «Haurrek eta helduek argazkiren bat ateratzeko eskatzen dizutenean, sekulako bizipoza ematen dizu. Ospitaleetara ere joaten gara, haurrekin egotera eta animatzera. Asko estimatzen gaituzte, eta horrek indarra ematen digu».

Batzuetan erdeinuz ere hitz egin izan diete haien zaletasunaz, frikiak direla esanez. «Baina egiten dugun elkartasun lana eta sentitzen duguna azaltzen diegunean, galdetzen digute ea nola parte har dezaketen», Ramosen arabera. Kide batzuk Star Wars-eko film bakar bat ikusi gabe sartzen dira elkartean.

Haiek egiten dituzte jantziak. Erreplika zehatzak. «Pentsa», azaldu zuen Ramosek, «The Mandalorian telesaileko inperioko soldaduak AEBetako zaleen talde bateko kideak dira, filmaren egileentzat askoz ere merkeagoa baitzen haiek erabiltzea, jantziak berriro egitea baino».

Arratsaldean, eguraldi kaskarragatik atera edo ez atera zalantza izan eta gero, desfilea egin zuten Miramar jauregitik udaletxeraino, John Williamsen musikak lagunduta. Darth Vader izan zen izarra. Han ziren Arroyo biker scout-a eta Ramos inperioko ofiziala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.