Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Betiko txistorra ematen du ba!

Beganismoari ikusgarritasuna ematen dion jaialdia egiten ari dira asteburuan Irunen, Ficoban: Be Veggie. Askotariko produktu eta zerbitzuak daude 70 erakusmahaitan.
Kataluniako Heura enpresaren haragi tankerako pintxo beganoak jateko aukera dago azokan, Irunen.
Kataluniako Heura enpresaren haragi tankerako pintxo beganoak jateko aukera dago azokan, Irunen. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko abenduak 5 - Irun

Antzuolatik (Gipuzkoa) joan da azokara Nerea Irizar begetarianoa. Iruditzen zaio egungo mundua ez dela jasangarria: «7.000 milioi biztanle gara, eta animaliak halako hamar. Beste mundu bat egin daiteke animaliak jan gabe». Ainhoa Etxezarreta alaba ere begetarianoa da: «Ni begetarianoa egin nintzenetik inguruko jende gehiago ere egin da. Poliki-poliki lortuko dugu; bestela, ez dago konponbiderik». Be Veggie beganismoari buruzko jaialdi eta azoka egiten ari dira Irunen (Gipuzkoa); bihar amaituko da, 16:00etan. Askotariko produktu eta zerbitzuak daude 70 erakusmahaitan. Sarrera doakoa da.

Bisitarien artean, Tolosako (Gipuzkoa) Anjel Aranalde: Parkinsonen gaitza du, eta elikadura aldatu nahiko luke. «Aurreneko aldia da halako azoka batera etortzen naizena. Baina iruditzen zait beganismoaren kontua gehiagora joango dela etorkizunean».

Jatekoa erosteko ilara batean, Andoaingo (Gipuzkoa) emakume batek hala esan du: «Sasi-txorizoa oso ongi egina dagoela iruditu zait». Kataluniako Heura enpresaren pintxoaz ari da. Txorizoa dastatzeko zain daude Maria Gonzalez eta Maria Sanz —Madrilgoa bata, Zaragozakoa (Espainia) bestea—. «Betiko txistorra ematen du ba!», esan dute, dastatu berritan. «Oso-oso goxoa dago». Haragia ematen duen arren, animaliarik ez daramaten produktuen sortzailea da Marc Coloma: «Mende honetako erronka nagusietako bat da planetako herritar guztiek haragia jan ahal izatea modu jasangarrian. Guk abeltzaintza deskarbonizatu egiten dugu, eta zuzenean produktu begetaletara jotzen dugu haragi jakiak egiteko. Energia berriztagarriak bagina bezala gara , baina gu haragiarekin». Oilaskoaren ordezkoarekin hasi ziren, gero txahala eta haragi bola begetalak atera zituzten, eta Irunen txerri ordezkoa txorizoarekin eta saltxitxekin ari dira aurkezten. Jasoak dituzte zenbait sari.

Izan ere, produktu begano sarituak ez dira falta erakusmahaietan. Elxeko (Herrialde Katalanak) Denatura enpresa txikiak Sri Lankatik inportatutako yaka fruitua erabiltzen du bere elikagaiak prestatzeko. Kozinatzen ari da Isidro Rellero: «Egiten dugun saltsa bolognesak produktu ekologiko berritzaileenaren saria irabazi du Madrilgo Organic Food azokan». Pastari bota ohi zaion saltsa da, eta algak erabiltzen ditu atunaren zaporea emateko.

Oso bestelako algak erabiltzen ditu Nicolas Mazurier Tourseko (Frantzia) artisauak: ecospirulina. «Mikroalgak oso interesgarriak dira gaur egungo elikadura erronkei aurre egiteko. Valentziako Serra herrian [Herrialde Katalanak] egiten dut lan, eta goi mailako produktua egiten saiatzen gara». Ecospirulinak gorputzari zer onura ekartzen dizkion azaldu du: «Gorputza nekatua dagoenean, orekatu egiten du. Sistema immunologikoa indartu egiten du, gainera».

Hazi hidratatuak

Duela hilabete gutxi produktu berriak merkaturatzen hasiak diren ekoizleak aurkitu daitezke erakusmahaietan. Miarritzeko (Lapurdi) Mikel Abeberri, esate baterako, Aberyne enpresaren sortzailea da, eta foie beganoa egiten du. «Gure foie plantxan presta daiteke. Hotza zein beroa jan daiteke». Iazko Gabonetan hasi ziren saltzen, eta kontsumitzaileak «pozik» gelditu ziren. Abeberrik ohartarazi du ez dela oliorik jarri behar zartaginera botatzean. Internet bidez ere ari dira foie berdea saltzen. «Niretzat, garrantzitsuena produktu on bat eskaintzea da», gaineratu du Miarritzeko ekoizleak.

Jaki begano berezi gehiago ere badira: Olga Carrasco hazi hidratatuak ari da saltzen bere erakusmahaian —Ecoriginal izena du enpresak, eta Bartzelonan dago—. «Haziak ezin dira gordinik jan. Baina guk hidratatu egiten ditugu, panelarekin gozatu eta fruituak zein barazkiak gaineratzen dizkiogu. Azkenerako, hazia erakargarri bilakatzen dugu». Makina bat hazi barietate dute. Egokiak dira entsaladetarako, barazki kremetarako, arrozetarako, pastarako, barazkietarako, bai eta jogurtentzat ere. Abisua eman du Carrascok: «Baina bota haziak azken-azkenean, justu jan aurretik. Ukitu berezia ematez gain, propietate kopuru oso handia eskaintzen dute hazi hauek».

Badira gazta artisau beganoak ere. Kantitate txikian dastatzeko: trufazkoak, ketuak, piper zaporekoak, currya dutenak... Enpresa baten saltzailea gaizki esaka ari da beste ekoizle batengatik, beste horrek enpresa utzita gazta bera saltzen duelakoan. Ez da erraza bien arteko zaporea bereiztea.

Kafean, bai, askotan erraz antzematen da zein den hobea eta zein den kaskarragoa. Azukrerik eta esnerik bota gabe, kafe berezia eskaini dio Antzuolako Irizarri Santiagoko (Galizia) Javier Castiñerirasek. «Espezialitatea kafea da, Brasilen lan egin genuen toki batetik ekarria». Irizarrek kafe poltsatxoa erosi du, eta Castiñeirak prezioa euskaraz ikasi. «Zortzi euro. Ederra da euskara».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Consonni kreatura mutante bat da»

Amaia Igartua Aristondo

Consonnik 25 urte bete berri ditu. 2012tik argitaletxea ere bada, eta Murrek dio horrek «autonomia» eman diela. Andrazko idazle euskaldunak eta zientzia fikzio feminista itzuli dituzte, besteak beste.
 ©BERRIA / HISTOLABET

Gizakiak, txerri organoak amets

Jakes Goikoetxea

David Bennettek astebete baino gehiago darama bizirik txerri baten bihotzarekin. Transplante hori mugarria izan da, baina ikerketa asko falta da prozedura orokortzeko.
Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Alda dira <em>Pressumptes culpables. Els altres Altsasu</em> dokumentaleko gidariak. ©TV3

Errepresioari pultsua TV3en

Urtzi Urkizu

'Pressumtes culpables. Els altres Altsasu' dokumentala 345.000 herritarrek ikusi dute TV3en. 'Altsasu auziko' bi gaztek Kataluniako errepresio kasuak ezagutzen dituzte hartan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.