ATZEKOZ AURRERA

Euskara, itzalaren bila

Karrikaluze elkarteak lehen Euskarazoka antolatu du Atarrabiako udal plazan, herritarrek artisauekin harremanetan euskara erabil dezaten. Hemeretzi postu hurreratu dira.

Ibon Ollo ardogilea, bezero batekin tratuan, atzo, Atarrabian egindako Euskarazokan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Atarrabia
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Euskal Herriko beste bazter askotan bezala, eguzkiak gogor jo du Atarrabiako udal plazan. Errukirik gabe, argi itsugarriak kontraste handiko bi eremu markatzen ditu: udaletxe plazako hormigoiak islatutako beroaren gordina; oihalezko sabaien eta inguruko eraikinen itzalaren lasaitasuna. Sendiarekin batera postuz postu dabilen Iker Etxeberria atarrabiarra hitzen bi norabideko zentzuari buruz mintzo da: «Euriari eguraldi txar deitzen zaio, baina hau ere txartzat jo daiteke».Berdin, itzalak alde negatiboa azpimarratu ohi du maiz, baina babesa eta arnasa ere adieraz dezake. Hain zuzen ere, itzalaren arnasa bila dabil euskara.

Karrikaluze elkarteak Atarrabian euskararekin erlazionatutako kultur ekitaldiak egin ohi ditu, eta aurten lehen aldiz Euskarazoka antolatu du. «Saiatu gara egiten azoka bat euskaraz, jendeak euskal giroan egoteko aukera izan dezan goiz osoan», aipatu du Antonio Iriarte elkarteko kideak. Hemeretzi artisau izan dira, eta euren postuetan askotariko produktuak salgai daude. Guztiek euskara dute amankomunean.

Izan ere, Karrikaluzek asmo argia izan du: saltzaileekin tratua egiteko orduan herritarrek euskaraz aritzea, baita hizkuntzaren ezagutza urria dutenak ere. Horretarako, ele bitan, eskuorria banatu du Karrikaluzek, ohiko agurrez gain, salerosketarako esaldiak ikas eta erabil ditzaten: «Honek zenbat balio du? Hau dasta dezaket? Neurri txikiagorik badaukazu? Beste kolore batean badaukazu? Zenbatean dago gazta kiloa?...»

Azken esaldi hori erabil dezake bere hiru semeekin Gorka Floresen postura gerturatu den ama batek. Zaharrenak euskaraz badaki, baina, lotsati, kosta zaio ezer esatea. Hitz egiten ez duenez, umore puntuarekin, Arbizuko (Nafarroa) Poxtinekoa etxeko Floresek arrapostu egin dio Sakanako herrietako euskara «itxiagoa» delako izango dela. Ama-semeak aldenduta, goiza «eskas» doala onartu du Floresek. 27 urte daramatza artzain eta gaztagile. Etxarri Aranatzen burdinetan lanean izan zen gaztetan, baina Fabricados Andia lantokia itxita, erretiroa hartzear zen osabari ardiak erosi zizkion, eta ogibide gogor horretan dihardu geroztik. «Euskal Herrian zehar ibili ohi gara gazta saltzen». Gaur, Dimako eta Urkiolako (Bizkaia) azoketan ibiliko dira bera eta arreba.

Amaia Armendariz Irotzen (Nafarroa) bizi da, eta duela bi hilabete hasi zen artisau lanetan. Buztinarekin bitxiak egiten ditu, forma emanez eta gero hainbat koloretan margotuz. Eugin estreinatu zen, eta Atarrabiakoa du azokan aritzen den bigarren aldia. Instagrameko Malen Bitxiak kontua berritasunak azaltzeko, produktuak saltzeko eta bestelako bitxitasunak kontatzeko baliatzen du.

Alboan Ibon Ollo dago: duela 27 urte Irunberrin (Nafarroa) sortutako upategi ekologikoaz arduratzen da. «Duela sei urte hartu nuen upategiko lema. 11 ardo mota egiten ditugu, beltzak, gorriak eta zuriak». Gaineratu duenez, ardo fruitutsuak dira, berriak, «jende gazteari zuzenduak».

Jende gutxi dabil eguerdian plazan. Irene Narbarte eta Leire Leza postuak begiratzen dabiltza, igerilekura joan aurretik. Handik gertu, itzalaren babesean eserita, Saioa Bildarratzek espero du bermutaren orduan jende gehiago gerturatuko dela. Amarekin batera, ehunak eta artileak saltzen dituzte duela sei urtetik hona. Euskal Herri osoan ibiltzen dira azokaz azoka. Merkatu fisikoez gain, birtualek ere gero eta garrantzi handiagoa dute, eta Instagramen Artisai Handmade kontuan ematen dituzten berritasunen berri. A Mano artisau elkarteko kide da Bildarratz. «Hona etorri garen gehienak elkarteko kideak gara. Hamar inguru gaude».

Ana Urteagak Iraizotzen (Nafarroa) dauka tailerra, eta han osatzen ditu egurrezko eskulturak. «Txikitan hasi nintzen. Aita abeltzaina zen, baina egurra lantzen zuen, eta hura ikusita zaletu nintzen». Urteagak irmo dio zaletasuna duela: «Nahiko nuke honetatik bizi, baina ez du ematen. Desagertzeko joera du. Azkenekoak gara». Azokak baliagarri zaizkio jendeak bere produktuak ikus ditzan eta harremanetan jar daitezen. Whatsappeko irudiak ere nahiko eraginkorrak dira: «Irudiren bat jarri, eta jendeak atsegin duela esan ohi dizu».

Euskara ikaslea

Kaleko artista da Trip, eta, hormetan grafitiak margotzeaz gain, serigrafiak egiten ditu. «Arteak kalera itzuli behar du», dio irmo. Margoan urtzen den metraileta bat da kamisetetako irudietako bat eta Artea da nire arma dio ingelesez. New Yorkeko artista bati eskatu zion erabiltzeko baimena. Euskara ikasten ari da, eta, arreta handiz, entzundakoa ulertu nahian, erne aditzen du. Iruñeko Alde Zaharrean Peñen Eguna da, baina nahiago izan du Atarrabiara joan: «Han ziurrenik gehiago salduko nuen, baina konbikzioz nator. Zezenketez paso egiten dut».

Bero sapa izan da protagonista, baina Karrikaluzek Euskarazoka antolatzen jarraitzeko asmoa du. Jarraituko du euskarak itzal bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.