ATZEKOZ AURRERA

Gertukoa baina ia-ia ezkutuan

Hiru urte beteko ditu laster Ekoazokak. Hileko lehen larunbatean Iruñeko Geltoki zaharrean biltzen dira Nafarroan produktu ekologikoen ekoizleak, beren lanaren fruituak saltzeko.

Luis Fernando Gil Pagola oliogilea bezeroekin hitz egiten, atzo, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Iruñearen bihotzean, salerosketa ulertzeko bi modu daude elkarren ondoan. Bata, handitasunaren eredu urrunekoa; bestea, txikitasunarena, gertukoa. Corte Inglesen eraikinean, Eguberrietako argien dirdira oraindik ez da itzali, eta autoak sartu-irten ari dira. Alboan, autobus geltoki zaharrean,eguneroko saltzaileen postuetatik gertu, hileroko lehen larunbatetan Ekoazoka antolatzen da. Ia-ia ezkutuan dagoela irudi arren, Nafarroako ekoizleek landutako produktu ekologikoen sorta zabala aurkitu daiteke bertan: olioa; sasoiko fruitu, barazki eta lekaleak; eztia; gazta; pasta; ogia; artisau garagardoa...

Ekologikoa da etorkizuna, dio azokaren leloak, baina etorkizun hori erostera ohiko bezeroak joaten dira, batik bat. Lehen konfinamenduaren bezperan, 2020ko otsailean, sortu zen Ekoazoka. Sorreratik bertatik hasi zen saltzen David Ruiz de Galarreta bere lekale, sagar zuku eta Urederra artisau garagardoa. Bakedaoko ekoizlearen arabera, lehen hilabeteak «arraroak eta gorabeheratsuak» izan ziren, baina, apurka, bezero finkoak egitea lortu dute.

Oraintxe, kokaguneari buruzko eztabaida dago euren artean. «Alde onak eta txarrak ditu. Teilatupean egoteak neguko hotzetik eta euritik babesten gaitu, baina ez da ikusten kanpotik, eta espresuki etorri behar zara hona», dio Ruiz de Galarretak.

Iritzi berekoa da Patricia Tornero valentziarra —bederatzi urte darama gasna ekoizten Erratzuko (Nafarroa) Pittika artisau gaztandegian. «Produkzio ekologikoa sustatzeko azoka da. Estalita dago baina era berean ezkutuan. Egokiagoa litzateke jende gehiago dagoen toki irekian bageunde: Gazteluko plazan, Sarasaten...». Mikel Bujanda zuzenean joan zaio Axule gazta urdina erostera, aurretik dastatu duenaren ziurtasun osoz. Hark ere badu bere iritzia: «Mugimendu gehiago izan zezakeen azokak. Euskarazko hedabideei gertatzen zaien bezala, ohituta daude esparru txikiagoetan irautera. Jakin behar da txiki izaten».

Caparrosoko (Nafarroa) Asier Iribarreni ere min ematen dio bere neguko orburu, azalore eta barazkien koloreak ibiltarien begirada ezin erakartzea: «Arazoetako bat da ikus gaitzakeen jende askok ez gaituela ikusten. Arrazoia? Ez dugu beste tokiek publizitatea egiteko duten ahalmen hori. Jendea erakartzeko inbertsio handia egin behar da, eta kaletik doanak ikusi behar zaitu». Behin ezagututa, erraz hurreratzen zaizkio. Bezero bat, Ascen Lizarbe: «Hasi zenetik nator. Olioa, almendra eta barazkiak erosi ohi ditut». Ekoizpen ekologikoa kalitatearen ikur da, beretzat.

Patricia Torneroren arabera, behi gazta ekologikoa izateak ziurtatzen du ez zaizkiola osagai kimikorik botatzen, baina uste du berezitasun nagusia «abereak maneiatzeko modua» dela: «Kanpoan egoten dira denbora gehien, eta eguraldi txarra baino ez denean ez dituzu barruan, antibiotikoak oso mugatuta daude, animalia bakoitzeko eremu bat izan behar duzu...». Asier Iribarrenen kasuan, barazki ekologikoak ekoizteak behartzen du herbizidarik eta bestelako gai kimikorik ez erabiltzera.

Ruiz de Galarretaren arabera, garrantzitsua da zoruari atseden ematea. Bere artisau garagardoetarako biltzen duen gariaren edo garagarraren zoruak «txandakatu» egiten ditu urtero. Lekaleak egokiak dira horretarako —txitxirioak, babarrun zuriak eta beltzak...—. «Zaintzen dut asko lurra. Ekoizpen ekologikoan garrantzitsua da lur bizia izatea, gure sostengua baita».

Luis Fernando Gil Pagolak olio ekologikoa ekoizten du Eultzen, Allingo ibarrean (Nafarroa). «Erromatarren garaitik daude olibondoak» bertan, eta arbasoek betidanik egin dutenari jarraipena eman nahi izan dio. «Laborantza zainetan daramat», dio, harro. Pozik dago. «Begira, nire betiko bezero batek eskorga batean eraman ditu hiru litroko hamar botila». Barrezka dio bere olioarekin «maiteminduta» dagoela Jose Felix Landa bezeroa, eta hark baieztatu du «gustura» dagoela, bai. Urte zaila utzi du atzean Gilek. Ekaineko beroen eta udako lehortearen ondorioz, produkzioa nabarmen apaldu da, baina olioa kalitate onekoa atera zaio. Azken hilabeteetan, lehen aldia du merkatura etorri dela.

Urte «gogorra», atzean

Urte «gogorra» utzi du atzean Joseba Villacorta eztigileak ere. Arbizun (Nafarroa) bizi da, baina Izurtzun dituzte erlauntzak, ipar isurialdeko eta Mediterraneo aldeko klimen arteko trantsiziozko eremuan, Gesalatz ibarrean. Lehorteagatik hainbat loraldi ez dira atera, eta, gainera, akain mota batek kalteak eragin ditu. Ondorioz,erleen zikloa ez da erabat itxi, eta «kezkatuta» dago udaberriak zer ekarriko: «Erleak etengabe berritu behar dira, eta, berritzen ez badira, erle kopurua murriztuz doa. Ezti gutxi egin da».

Garai bateko geltokia istorioen joan-etorri etengabea zen bezala, azokak ekoizleen istorioak entzuteko parada ematen du. Haien lanaren nondik norakoak kontatzeko gertu baitira denak. Gertukoa izatearen abantailak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.