Katalunia. Auzibideak

Junqueras, Forn, Sanchez eta Cuixart espetxean mantendu ditu epaileak

Sei kontseilari aske utzi ditu Auzitegi Gorenak, bermea ordainduta. Llarenak dio presidenteordeak, Barne kontseilariak eta ANCko eta Omniumeko buruek arriskua dutela egotzitako delitua berriz egiteko

Raul Romeva, Carles Mundo, Jordi Turull eta Josep Rull, atzo, Estremerako kartzelatik atera zirenean. VICTOR LERENA / EFE.
mikel rodriguez
2017ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Bertze behin, Espainiako auzitegien erabakien aurka protesta egiteko mobilizazio jendetsuak antolatu zituzten atzo Katalunian. Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak erabaki du Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordeak, Joaquim Forn Barne kontseilariak, Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteak eta Jordi Cuixart Omnium Culturalekoak espetxean jarraitzea; kartzelan zeuden bertze sei kontseilariak, ordea, aske utzi ditu, bermea ordainduta. Llarenak dio lau horiek espetxean jarraitu behar dutela arriskua dagoelako egotzitako delituak berriz egiteko, eta «leherketa sozial bortitz» terminoa erabili du Katalunian irailaz geroztik egin dituzten mobilizazioak izendatzeko. Erabakia jakin bezain pronto, elkarretaratzera deitu zuten ANCk eta Omniumek, eta iluntzean milaka herritar elkartu ziren Kataluniako udal guztien aitzinean, azken asteotan herrialde osoan hedatu dituzten afixen lelo berarekin: Preso politikoak askatu.

Bart gauerdian hasi da ofizialki hilaren 21eko hauteskundeetarako kanpaina, eta, zer erranik ez, atzoko erabakiak bete-betean eragin dio horri. Izan ere, Cuixart eta Meritxell Borras Gobernazio kontseilaria izan ezik, auzipetuak dituzten gainerako denak dira bozetarako hautagai. Gainera, Junqueras ERCren zerrendako burua da, eta Sanchez, berriz, PDECaten bigarrena, Carles Puigdemont Generalitateko presidente erbesteratuaren gibeletik. Biek, baina, espetxean jarraituko dute oraingoz, Llarena epailearen arabera, egotzitako delituak berriz egiteko arriskua dagoelako aske utziz gero, Forneren eta Cuixarten kasuan bezala.

Gainerako seiekin ez du arrisku hori ikusi, eta, bakoitzak 100.000 euroko bermea ordainduta, aske utzi zituzten atzo arratsaldean —Borras Gobernazio kontseilaria, Raul Romeva Atzerri kontseilaria, Carles Mundo Justiziakoa, Dolors Bassa Lanekoa, Josep Rull Lurralde Antolamendukoa eta Jordi Turull Generalitateko bozeramailea dira horiek—. ANCk hartu zuen bermeen ardura, eta eguerdian ordaindu zituen 600.000 euroak. Aske utzitakoei baldintza batzuk ezarri dizkie Llarenak —astero epaile baten aitzinera agertzeko beharra, pasaportea kentzea, eta Espainiako Erresumatik ateratzeko debekua—, eta ohartarazi die horiek urratuz gero agindua emanen duela «berehala» espetxeratzeko. 32 egun egin dituzte espetxean.

«Leherketa sozial bortitza»

Auzitegi Goreneko epaileak duela hamar egun erabaki zuen kontseilarien eta erakunde zibiletako bi buruzagien aurkako kausa bere gain hartzea. Fiskaltzak matxinada, sedizioa eta diru publikoa oker erabiltzea leporatzen die kontseilariei, eta sedizioa, berriz, Sanchezi eta Cuixarti. Llarenaren ustez, akusatu guztien kasuan ez dago ihes egiteko arriskurik, baina Junquerasi, Forni, Sanchezi eta Cuixarti urriaren 1eko erreferendumera eraman zuen prozesu osoaren buruzagitza rol bat leporatzen die, eta, dioenez, egotzitako delituak berriz egiteko arriskua dago horregatik.

Llarenak joan den astean erran zuen espetxeratuak askatu ala ez erabakitzeko orduan ez zuela aztertuko haien aurkako akusazioen funtsa, baina atzo egin zuen idazkiak badu mamia, bertzeak bertze, errealitatetzat hartzen baitu mugimendu independentistak indarkeria erabili duela. «Proces-eko portaera bakoitzaren unea eta egokitasuna erabakitzeko gaitasuna zuten [espetxean jarraitzen duten laurek], eta, horrekin, zuzendu egin zituzten guztiok ikusi genuen leherketa sozial bortitz hori gauzatu zuten mobilizazioak, eta auzipetu horiek exekuzio materialean ere esku hartu zuten». Llarenaren arabera, protestetan parte hartu duen jende gehienak «konbentzimendu ideologikoz» egin du, eta «irmo konprometitua» egon da «edozein motatako erasoak eta indarkeria eragozteko», baina «nahi edo ez infiltratuko ziren jokabide erasokor anitz» mobilizazio horietan.

Indarkeria eta «erasoak»

Ustezko indarkeria horren adibideak paratu ditu. Nagusia, irailaren 20ko atxiloketen ondoren Ekonomia Kontseilaritzaren parean antolatu zuten elkarretaratzearena. Guardia zibilak kontseilaritza miatzera joan ziren, eta dozenaka milaka herritar elkartu ziren kanpoan protesta egitera. Jendetza hori ikusita, guardia zibilak goizaldera arte ez ziren kontseilaritzatik atera, haien segurtasuna bermatuta ez zegoela iritzita. Auzitegi Goreneko epaileak dio Sanchezek eta Cuixartek «setioan» parte hartu zutela, eta «masak zuzendu» zituztela «ekintza bortitzak neurtuta, eta, azkenik, batzorde judizialaren irteera baimenduta, gertatzen ari zenaren erabateko kontrola zutelako». Llarenari nabarmentzekoa iruditu zaio Junqueras agertu izana «gertakari bortitz horietara», eta uste du mossoek esku hartu ez zutelako ez zela «egoera hori bukatu».

Epaileak adierazi du akusatuen «nagusitasun jarrera hori» ageri dela irailaz geroztik Katalunian egin dituzten «mobilizazio sozial» gehiagotan: Guardia Zibilak Unipost enpresan egindako miaketen aurkako protestetan, erreferendumaren eguneko errepresioan parte hartu zuten polizien hotelen «setioetan», herri harresietan eta bide mozketetan...

Akusatu guztiek joan den ortziralean deklaratu zuten Llarenaren aitzinean, defentsek eskatu baitzioten behin-behineko espetxealdia berrikusteko. Ihes egiteko arriskurik ez zegoela argudiatu zuten, eta, hautagaien kasuan, hauteskundeetan bertze hautagaiekin berdintasunean parte hartzeko eskubidea zutela. Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpena onartzen zutela adierazi zuten, «politikoki ados ez egon arren». Llarenaren ustez, ordea, argudio horiek ez dira onargarriak, eta honako baldintza paratu du espetxeratuak aske uzteko: «Egiaztatu behar da eraso gehiagoren aukera desagertu dela, eta pixkanaka baieztatu behar da borondate aldaketa egiazkoa eta erreala dela. Soilik orduan justifikatuko litzateke akusatu hauen aurkako kautelazko neurrien intentsitatea jaistea».

Kanpaina hasiera, bart

Espetxeratuen defentsek helegitea aurkezteko aukera dute. Baita akusazioek ere, bertze sei kontseilariak aske uzteko erabakiaren aurka. Fiskaltzak jakinarazi du ez duela halakorik eginen; bai, ordea, herri akusazioak, eskuin muturreko Vox alderdiak. Romeva, Turull, Mundo eta Rull Estremerako espetxean eduki dituzte preso, eta Bassa eta Borras Alcala-Mecon. Borras ez bertze guztiak hautagaiak dira hilaren 21erako, eta bart gauerdian kanpaina hasierako ekitaldietan parte hartzeko asmoa zutela jakinarazi zuten. Lehenbiziko adierazpenak Romevak egin zituen, Twitter bidez, eta eskatu zuen preso utzi dituztenak «duintzeko» hilaren 21eko hauteskundeetan.

Llarenaren erabakiak gutxienez kanpaina hasieran eragin handia izanen du. «Epaiketarik gabe espetxeratzea ahalegin bat da hauteskundeak arerio politikorik gabe irabazteko», salatu zuen Marta Rovira ERCren zerrendako bigarrenak. Roviraren ustez, Espainiako Estatuak «beldur» dio Junquerasi. «Hautagai onena da Arrimadas [Ciudadanoseko hautagaia] eta Espainiako Gobernua geldiarazteko». Junts Per Catalunya PDECaten zerrendaren iritziz «demokraziarentzat hondamen bat» da espetxeratzeak mantentzea. Unionisten aldean, Ciudadanosek «errespetua» agertu dio Llarenaren erabakiari, eta PPren ustez Junqueras «martiri» bihurtuko dute independentistek. PSCk iritzi horietatik aldendu nahi izan du, eta espetxeratzeak mantentzea «berri txarra» dela erran du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.