Euskaraldia

Ariketa sozialarekin jarraitzera deitu dute

Aurtengo Euskaraldian 161.099 lagunek eta 6.634 entitatek eman dute izena. Ariketa soziala gizartean «txertatua» dagoela nabarmendu dute

Euskaraldiaren balorazioa egiteko agerraldia, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Amaitu da hirugarren Euskaraldia, baina bidea ez da bukatu. Mezu hori eman dute Euskaraldiaren antolatzaileek: gaurtik aurrera ere hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialarekin segitzeko deia egin diete parte hartu duten herritar eta entitate guztiei. «Jarrai dezagun hizkuntza ohiturak aldatzen eta euskararentzako gune erosoak sortzen».


 

Hizkuntza ohituretan eragiteko asmoz, ariketa praktikoa egin dute milaka lagunek azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean. Baina zenbakietatik harago, Euskaraldiak gizartean izan duen eraginari erreparatu diote sustatzaileek. «Euskaraldia gizartean txertatua eta normalizatua» dagoela sumatu dute, eta ahobizi eta belarriprest rolen atzean dauden jokaera ezberdinak gero eta hobeto ulertzen direla: «Partaideek badakite hau ez dela euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina bat». Uste dute lau urteotan «aurrerapauso handiak» eman dituela lehen hitza euskaraz arau sozial berriak, eta euskaraz ulertzen duenarekin euskarari eusteko jokabidea ere «gero eta barneratuago» dagoela. Euskaraldia «ariketa efektiboa» dela azpimarratu dute: batetik, norberaren euskararen erabilera hazi egin delako, eta, bestetik, entitateetan euskaraz «eroso» aritzeko neurriak hartu eta gune babestuak sortzen direnean ere euskaraz gehiago egiten delako.

Euskaraldia amaitu den egunean, lankidetza argazkia egin dute euskalgintzako eta instituzioetako eragileek Gasteizen, Artium museoan. Han izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailea. Haiekin batera, Gasteizko, Arrasateko, Tolosaldeko eta Arrigorriagako batzordeetako kideak egon dira, eta baita hainbat entitatetako ordezkariak ere.

Parte hartzea, neurri onean

Euskaraldiaren eraginaren inguruko datu xeheak ikerketa batean jasoko dituzte —ongi bidean, hurrengo urteko lehen seihilekoan izango dute prest— baina, parte hartzeari buruzko datuak eskuan, ondorioztatu dute ariketa soziala «egonkortzeko bidean» dagoela. Hala, duela bi urteko kopuru berdintsua izan du aurtengo Euskaraldiak: 161.099 lagunek izena eman edo izena berretsi dute —178.184 lagunek parte hartu zuten bigarren Euskaraldian, pandemia betean egin zenean—. Hala ere, aurtengo datua «oso ona» dela uste dute sustatzaileek. Duela bi urte izena eman zuten askok ere parte hartu dute, eta izena eman dutenak baino herritar gehiago joan dira txapak jasotzera banaketa guneetara.

Haatik, nabarmendu dute jendeak ez dituela txapak une oro erabili: «Nahi baino txapa gutxiago ikusi dugu kalean». Aztertu egingo dute zer arrazoi dauden horren atzean eta zer aldaketa egin behar diren aurrerantzean txapa gehiago ikus daitezen. Hala ere, lehen analisia eginez, aipatu dute gizarteak «erlaxatzera» jo duela aurten ez delako berritasunik izan.

Entitateetan ariguneak sortzeko proposatutako ariketa ere «geroz eta hobeto» ulertzen dela iritzi diote. Orotara, 6.634 entitatek eman dute izena Euskaraldian, eta 8.563 egoitzatan sortu dituzte ariguneak. 2020an, entitateek lehen aldiz izan zuten Euskaraldian parte hartzeko aukera, eta orduan 8.309 egoitzak eman zuten izena. Sustatzaileek nabarmendu dute aurten entitateek «baldintza egokietan eta ezagutza maila handiagoarekin» egin ahal izan dutela ariketa.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala bukatu da aurtengoz, baina datozen urteei begira jarraituko dute lanean. Bai baitira hamaika erronka. Rolak gizarteratzen jarraituko dute, «epe luzeko lana» baita hori. «Lehen hitza euskaraz izatea, ulertzen dutenen aurrean euskarari eustea eta elkarrizketa elebidunak izatea duela lau urte baino onartuago eta txertatuago dago gizartean».

Txapa erabiltzearen garrantzia ere azpimarratuko dute aurrerantzean, ariketarako beharrezkoa baita. «Ikerketek diote gure hizkuntza ohiturak errazago aldatzen ditugula txapak ikusten ditugunean, estres linguistikoa murrizten zaigulako». Erronken artean ezarri dute, halaber, Euskaraldia «ariketa praktikoa» dela gogoratzea, eta baita arau sozialak aldatzeko proposamen berrien akuilu izatea ere. Izan ere, nabarmendu dute Euskaraldia «bakarrik» ez dela nahikoa, pertsona eta erakundeen egunerokoan dauden praktika eta politiken «osagarri» baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.