Palestinako gatazka

Israelgo armadak jakinarazi du «lehorreko ofentsibak» hedatuko dituztela Gazan

Hamasek menia bat eskatu, bahitutakoak askatzearen truke. Israelen bonbardaketek bertan behera utzi dituzte Gazako telekomunikazio zerbitzuak

Gizon bat gorpu bat besoetan duela, atzo, Khan Yuniseko ospitale batean kanpoaldean. Israelek dozena bat inguru lagun hil zituen, atzo, han. HAITHAM IMAD / EFE.
Igor Susaeta - Maddi Iztueta Olano
2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Gerra deklaratu zuenetik, asmo irmo bat izan du Israelek: Gazari airez, itsasoz eta lehorrez eraso egitea, eta «lehorreko ofentsiba handi bat» abian jartzea. Azken egunetan, Israelgo armada lehorrez ere sartu da Gazan, eta aurrerantzean «lehorreko ofentsiba» horiek «hedatu» egingo ditu Gazan, horko bozeramaile Daniel Hagariren arabera. Ez zuen xehetasun gehiagorik eman, baina egunotako erasoaldiak izan dira eraso handiago baten adierazle: itsasoz egin zuten eraso asteazkenean eta ostegunean, eta bonbardaketa gogor bat egin zuten atzo Gaza iparraldean.

Bonbardaketak ez dira kontu berria, hogei egunez jarraian Israelek ia etengabe egin baititu Gazaren aurkako aire erasoak. Atzoko erasoaldian, ordea, ia bakartuta utzi zuen Gazako zerrenda. Bonbardaketen ondorioz, bertan behera gelditu ziren eremuko telekomunikazio eta Internet zerbitzu guztiak, Palestinako Jawwal telekomunikazio agentziak jakinarazi zuenez. Hainbat GKE gobernuz kanpoko erakundek eta Al-Jazeera telebista kateak ere ohartarazi zuten han dauden lankideekin hitz egin ahal izan gabe gelditu zirela.

Bien bitartean, adostasun batera iritsi nahian dabiltza Tel Aviv eta Hamas. Urriaren 7ko erasoalditik Hamasek 229 pertsona dauzka bahituta Gazan, Israelgo armadak atzo jakinarazi zuenez. Israelgo irrati kate publiko batean atzo adierazi zuten ezen, talde islamista palestinarrak bahitu kopuru esanguratsu bat askatuz gero, Tel Aviv prest legokeela zerbait emateko trukean. Hala jakinarazi zieten Qatarko bitartekariei —eginkizun hori jokatzeko prest agertu da Qatar, Turkiarekin eta Egiptorekin batera—.

Ez zuten zehaztu, ordea, zer emango duten trukean, nahiz eta, adierazi dutenaren arabera, litekeena den erregaia ez izatea, Hamasek hura erabiltzea eragozteko. Nazioarteak eskatzen du, ordea, Rafahko pasabidetik sartzen ari diren laguntza humanitarioko konboiek erregaia ere garraiatzeko, zerrendako argindar sistema eta ur zerbitzua aktibatzeko.

Oraindik adostasunik iritsi ez den arren, «bide onetik doa» bi aldeen arteko eztabaida, eta, baliteke, su eten bat ere adostu ahal izatea, BBCk negoziazio horiek gertutik jarraitzen ari den iturri bat aipatuz kaleratu zuenez. Izan ere, Hamasek dioenez, ezin du bahiturik askatu gerran dauden aldeek su eten akordio bat egin arte.

Gazako miliziek Israeli eraso egin zioten urriaren 7an, eta 1.400 lagun inguru hil zituzten. Israelek Gaza guztiz blokeatuz erantzun du, eta hura setiatuz, bonbardaketa ia egunerokoen bidez. Israelen etengabeko bonbardaketen ondorioa da 7.326 pertsona hil dituztela dagoeneko; horietatik, 3.000 adingabeak. Datu hori eman zuen Gazako Osasun Ministerioak atzo, eta iturri horrek berak 6.700 hildakoren erregistro bat kaleratu zuen, haien izen-abizenekin.

Hamasek menia eskatzen du bahituak askatzearen truke, eta, Errusiak, Txinak, Saudi Arabiak, Jordaniak, Egiptok eta Qatarrek salbu, nazioartean beste inork ez du aukera hori babesten. Izan ere, EB Europako Batasuneko estatu kideek «eten humanitario bat» eskatzea adostu dute gehienez. NBE Nazio Batuen Erakundea ere antzera mintzo da. Ekialde Hurbileko hainbat estatuk —eta Marokok—, berriz, Gazako zibilen aurkako «zigor kolektiboa» gaitzetsi zuten herenegun, adierazpen bateratu batean.

Gaza, «itotzen»

NBEk berriro ohartarazi du Israelen blokeoarengatik eta Rafahko pasabidetik iristen ari den laguntza humanitario eskasarengatik «suntsituak» izateko zorian daudela oinarrizko zerbitzuak Gazan. Hori nabarmendu zuen UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari nagusiak, atzo, Jerusalemen, agerraldi batean. Ohartarazi zuen, gainera, horren guztiaren ondorioz «berehalakoa» dela han gaixotasunak hedatzeko arriskua.

Gainera, «drastikoki» murriztu behar izan dute erregaiaren erabilera. NBEren beste agentzia batek, MEP Munduko Elikadura Programak, azpimarratu du erregai gabezia «domino efektu bat» eragiten ari dela hornidura kate guztian, kamioiek ere, besteak beste, erregaia behar dutelako elikagaiak banatzeko. Hori azaldu zuen atzo ohar batean MEPk Palestinan duen ordezkari Samer Abdeljaberrek, eta datu bat eman: «MEPen laguntza jaso duen pertsona bakoitzeko, gutxienez sei gehiagok behar dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.