Bakartze aroko agurren gida

Zaintza aringarrietako profesionalek hainbat gida ondu dituzte osasun krisi bete honetan, sendabiderik ez dagoenetan ere arta onena bermatzeko. Familientzat ere atondu dute bat.

arantxa iraola
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Gidak antolatu dituzte Secpal eta Aecpal elkarteek COVID-19ak ekarri duen anabasa honetan, zaintza aringarriei dagokionez ere, fin aritzeko. Dokumentu horietako batean familientzako aholkuak eman dituzte, gaitzak ekarri duen ingurumari zail honetan senitartekoren bati agur esan behar badiote, oinarrizko printzipio batzuk ez ahazteko. Garrantzitsua deritzote: «Izan ere, krisi honek eragotzi egin die senitarteko eta lagun askori agurrerako urratsak eta errituak egitea dolu on bat izateko eran». Horra hainbat gomendio:

Familia osoaren izenean esan agur

Dela erietxeetan eta zahar etxeetan bisitak mugatuta daudelako, dela pertsona hainbat bakartuta edo berrogeialdian daudelako;familia askok, hainbatetan, onenean ere, nahi baino pertsona gutxiago bidali ahal izango dituzte hiltzen ari zaizkien senitartekoenoheburuetara adio esateko unean. Horregatik, presente egoteko aukera duten horiei «familia osoaren» izenean jarduteko aholkatu diete zaintza aringarrietan dihardutenek:«Hartu familia osoaren indarra, eta helaraz iezaiozue gaixo dagoenari, baita agur esateko une horretan bertan egoterik ez duten gainerako sendiko kideei ere». Eriari hitz egitea aukera bat da: «Esan diezaiokezue ondoan dituela maite duten guztiak; irriz ari zaizkiola, musuak bidaltzen dizkiotela...». Beste hautu bat da ez deus esatea, isiltasunaren alde egitea: «Lagundu eta hartu egiten du horrek ere pertsona». Joateko «baimena» duela sentiarazteko hitzak ere esan dakizkioke: «Eta lasaitasun mezuak helaraz daitezke». Betiere, garrantzitsua da ulertzea agurra ez dela une jakin bateko gauza bakarrik. Bizitzan zehar momentu asko egon dira pertsona horri maitasuna erakusteko: horien arrastoa hor da.

Egon ezin dutenak ere, presente

Agurrean egon ezin duten senitartekoek ere era egin behar dute, nolabait ere, elkartzeko. Pertsona horiek ere nolabaiteko errituren bat egitea garrantzitsua da, bada, esaterako, hiltzen ari den pertsona horren argazkiren bat elkarrekin ikusteko. Topaketa horretarako etxeko toki lasai bat aukeratzea komeni da. Era berean, garrantzitsua da gaixoaren ondoan dagoen pertsonak, prozesuak dirauen bitartean kontaktua izatea, telefono bidez bada ere, etxean daudenekin. Senitarteko horiek eriari gertutasuna erakusteko beste bide batzuk ere landu ditzakete ordu horietan: «Hari emateko agur gutun bat idatz dezakete, edo familiako kideentzat esanahi berezia duen objekturen bat helaraz diezaiokete osasun zentrora». Horiek ere presente egoteko erak dira.

Erru sentimenduari mugak jartzen saiatu

«Normala da, hil den pertsonaren ondoan egoterik izan ez bada, erru sentimenduak agertzea. Ulertu behar da, ordea, mugak osasun krisi honek jarritakoak izan direla, ez norberak», nabarmendu dute gidan. «Mundu mailako krisi bat da». Bakartze neurrien ondorioz agur esateko ekintzak eta topaketak egiteko baldintzak orain oso zorrotzak direnez, gogoratu dutezilegi dela horiek «aurreragorako» uztea, egongo dela astia: «Maitasun ekintzak presente egongo dira familiako kideek maite zuten pertsona hori gogoratzeko izango dituzten une askotan». Sendian umeak badaude, haiei ere «mina eta emozioak» lantzeko espazioak eta uneak ireki behar zaizkie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.