Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Maitasun berria kolkhozean

Jose Mari Pastor -

2023ko otsailak 18

Irratian 70eko urteetako kanta aireratu dute. «If you leave me now, you´ll take away the biggest part of me...». Funtsean, mezu hau hedatzen ari dira abesti guztiak: ez nazazu utz, zu gabe ez naiz ezer. Maitasun erromantikoaren espiritua. Love is in the air.

Bada otsailaren 14ari Corte Ingles eguna deitzen dionik. Izan ere, San Valentin egunean oparitzea kontsumoari lotua da. Lagun iraultzaileenak ere hala jokatzen du, sinetsita edo inertziaz. Andreari emaniko lore sorta ederraren argazkia bidali zidan adiskide batek asteartean. Lilien ondoan botila bat ardo. Chianti. Adarra jo nion: «Zu bezalako macho bat bihotzean jota, loreak oparitzen? Nick Noltek ikusiko balu...». «Nik emazteari baino ez dizkiot loreak oparitzen», erantzun zidan, siku. Behingoz ikasi, Jose Mari: On Balendin jaunari barrerik ez gaur. Iraultzaren mugetan ere ez.

Harreman erromantikoen aurrean maitasuna kolektibizatu, idatzi dute unibertsitateko horma batean. Gustukoagoa nuen duela urte batzuk han irakurri nuen grafitia: Ez da zure laranja erdia, zure zukugailua da. Maitasuna kolektibizatu? Ez dut osorik hartu baten parabola, euskaraz mintzo arren, berak jakin nola. Ez dugu lurra kolektibizatu; ez ditugu produkzio-bideak sozializatu; ez dugu banka nazionalizatu; osasungintza pribatizatzen ari gara, etxebizitza duinik ez, lan baldintza eta soldata eskasak gazteentzat... Eta maitasuna kolektibizatu nahi dugu?

Ez dut arazorik amodio erromantikoan tranpa badagoela aitortzeko. Alta, maitasun eredu hori deseraikitzeko maitasuna kolektibizatu beste modurik ez dago? «Maite gaitzaten maite dugu», dio Jose Sacristan aktoreak Un lugar en el mundo filmean (1992). Eric Fromm zenak ere esan zuen hori, beste hitz batzuekin. Kontrako jokaera are okerragoa iruditzen zait, baina: norbait maitatzea hark maite ez gaituela argi eta garbi jakinarazi arren. Frida Kahlok ez tematzeko eskatu zigun: «Ez galdu denbora nahi ez zaituzten lekuan». Bi jarrera horiek ez dute maitasun berria sortzen laguntzen. Ordea, barren-barrenean ditugu sustraiturik.

Ez da Wilhelm Reich edo Michel Foucault izan behar botereak, era guztietako botereak, maitasunean duen itzalaz jabetzeko. Huts horri aurre egiteko premiaz. Hala ere, nekez aurkituko dugu maitasuna kolektibizatzea baino utopia argi-ilunagorik. Gure alde intimoena inarrosten du ideiak. Kolkhoz batean sartuko gara denok ancien regime-ko maitasun ustela hautsi eta maitasun iraultzailea sortzeko?

Maitasuna kolektibizatzearen kontzeptuari oinarri ekonomikotik begiratu behar zaio. Maitasun kapitala. Maitasunaren jabeak direnak desjabetzea ekarriko luke horrek, maitasun-ondasunak gizarteari ematea. Maitasun gosez dagoenari maitatua izateko aukera ematea. Nor da maitasun-latifundioen jabea? Nork metatzen ditu gorputz, bihotz eta gogo distiratsu eta erakargarrienak? Kolektibizatutako maitasunak sentimendua izaten segituko luke, oraindik izenik jarri ez dioguna? Maila eta gradurik gabe kolektibizatu behar da maitasuna?

Ez dago mundu guzti-guztia maite duenik. Mundu guzti-guztia gorrotatzen duenik ere ez. Nola garatu maitasunaren kolektibizazio hori? Kolkhozean sartu eta asteko plangintza inposatuz? Maitane, Pello, Mikel, Ariadna eta Maialen: astelehenean Oier, Maria, Esti, Ander eta Enara maitatu behar dituzue; asteartean, Amaia, Erik, Paula, Jon eta Maria burkideen maitasuna jasoko duzue. Zuen gogoa, bihotza, burua eta gorputza zabaldu beharko dituzue beraientzat. Eta izterrak. Ez esan maite ez dituzuenik. Gustu eta kopla horiek maitasun erromantikoaren ondorioak dira. Nozio burgesak.

San Valentin eguna. Chicago taldearen ondoren Bob Marleyren txanda heldu da irratian. No woman, no cry. Jamaika: munduko rankingean hirugarren postuan feminizidio portzentajeari dagokionez, 120 herrialdek osatutako zerrendan. 10,7 hilketa 100.000 emakumeko. Ez negarrik egin, emakumea, ez negarrik egin. Gaur ez zaitut gehiago joko.

Eta guk Jamaikara joan nahi genuen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Gaiak

Albiste gehiago

Abenduaren 15ean ere elkarretaratze bat egin zuen EHEk, euskararen ofizialtasuna eskatzeko. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Euskal Herrian Euskaraz: «Datorren legealdia ofizialtasunarena izan behar da»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Nafarroan euskararen ofizialtasuna onartuko duen euskararen lege berri bat aldarrikatzeko, hainbat mobilizazio egingo ditu EHEk. Nagusia maiatzaren 13an egingo dute, Iruñean.

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat Donostian, artxiboko irudian ©Gorka Rubio/ Foku

Gizonezko bat atxilotu dute Donostian, sexu eraso bat egitea egotzita

Berria

Emakume bati ukituak egitea leporatuta atzeman du Ertzaintzak.

Ganaltoko gurutzea, iazko ekanean eraitsi baino lehen ©Basotxerri (Wikipedia)

Ganaltoko gurutzearen eraisketari buruzko ikerketa berriz irekitzeko agindu du Arabako Auzitegiak

Berria

Auzitegiak aintzat hartu du Abogados Cristianos elkarteak auzia artxibatzeari jarritako helegitea. Ezezagun batzuek eraitsi zuten gurutzea, iazko ekainean.

Gaur goizean egin dute aurkezpena Bilbon ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Ikastetxean ezkaratza eraikitzeko eskatu diote hamazazpi eskolak Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari

Javi West Larrañaga

Sare publikoko eskolen herenek bakarrik daukate sukaldea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.