Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Agur, familia, agur

Jose Mari Pastor -

2023ko martxoak 25

Familiaren bukaera omen dugu aurrean. Horixe diote zenbait adituk. Egia da, baldin eta betiko familia tradizionalari buruz hitz egiten ari bagara. Agur eredu horri. Haatik, prozesuak familia suntsituko duela esatea...

Familia osaketa eta harremanak aldatzen ari dira. Horrek nora eramango gaituen adierazi du Albert Sanchez Piñol idazleak, Ara egunkarian: «Muturreko indibidualismoak munstro bihurtuko gaitu. Kapitalismoaren azken eboluzioa da. Eskrupulurik eta sinesmenik gabeko gizarte baterantz goaz». AEBetako literaturari jadanik antzematen zaion joera nabarmendu du gizonak. Haren aburuz, hango narratibaren zati handi batek familiaren desintegrazioa du ardatz: «Han gu baino belaunaldi bat aurrerago doaz beti. Gure azken erresistentzia gunea zen familia eta ia ez da existitzen».

Eskrupulurik eta sinesmenik gabea. Hala ikusten du sortzaile katalanak etorkizuneko gizartea. Hondamendia iragartzen ari zaigula pentsa dezakegu. Izan ere, nagusitzen ari diren joerak ez dira oso pozgarriak. Gero eta eskrupulu gutxiago ditugu. Eta gure sinesmena nork bere buruan duena edo izan beharko lukeena besterik ez da. Badakigu: arrakasta gure esku dago; geuk jartzen diogu muga geure buruari. On connaît la chanson, ezagun gertatzen zaigu kanta hori.

Belen Gopegui madrildarrak autolaguntza liburu ugariren ezkutuko mezua salatu du bere azken lanean.

Hark ere indibidualismoari egiten zaion gorazarrea kritikatu du, Sanchez Piñolek bezala. Geu gara geure arrakasta edo porroten erantzule bakarrak, ez sistema. Mezu hori irentsarazten ari zaizkigu zoriontasun merkearen baina kontsulta garestien guruak. Ahaztu zure jatorri sozioekonomiko eta kulturala, ahaztu testuinguru politikoa. Urliaren eta sandiaren arrakasta aipatzen digute liburu horietan. Baldintza zailenetan egin dute aurrera. Halaxe izango da, baina zenbat ditugu halakoak? Zenbat urlia eta sandia geratu dira bazterrean eta zergatik? Soilik haien kemen eta indarrik ezagatik egin dute porrot? Gainera, zer da arrakasta? Zer porrota? Nork eta zeren arabera neurtzen du hori?

Familia apurtzen ari zaigu. Hala diote. Tira, maitasun harremanetan eboluzioa izan da, ezin ukatu. Horren berri eman zuen Zygmunt Bauman soziologoak Maitasun likidoa liburuari buruzko elkarrizketa batean. Haren ustez, harremanetan sartu bezain laster irteera posibleak aztertzen hasten gara orain. «Ea nola ateratzen den», pentsatzen dugu. Hauskortasuna dakar horrek. Ez dugu egia onartu nahi: bikote batek zailtasunak aurkituko ditu bidean. Hainbat gairi buruz negoziatu beharko du: iragana, lagunak, ohiturak, lehentasunak... Horrek lana eskatzen du. Irteera hain erraza dela badakizu, desadostasun txikienak lehertuko du erlazioa. Soziologoaren arabera, lehen, irratia konpontzera eramaten genuen. Egun, berria erosten dugu. Harremanetan antzera gabiltza: bota eta berria erosi. Azken batean, maitasuna kontsumo produktu bihurtu dugu. Baumanen iritziz, errezeta bakarra dago: gogor lan egitea. Irtenbidea ez da arazo txikiena dagoenean harremana moztu, web orri batean sartu eta hitzordu bat lortzea.

Lagun batek kontatu didanez, harremanek iraungitze-data dutela uste dute gazteek —ez nuke esango soilik haien kontua denik—. Harremanak uste baino luzeago irauten badu, urduritzen hasten dira. Ez daude eroso. Ondo pasatu eta larrutan egin baino zerbait gehiago etorriko ote den susmoa badute, bestelako sentimenduak agertzen badira, beldurtu egiten dira. Ez dute harreman horretan sakondu nahi.

Horren adibidea da bi neska gaztek TikTok-era igo duten bideoa. Udarako planak azaldu dituzte. Bikotekidea utziko dute, sasoi horretan libre izan eta beste mutil batzuekin egoteko —hori ere berdintasuna da. Edo soilik mutilek dute zilegi hala jokatzea?—. Ez dute, ez dugu konpromisorik nahi. Hala ere, ahaztu egiten dugu konprometituta gaudela: geure bakardade huts hitsarekin konprometituta; konpromisorik inoiz ez izateko konpromisoarekin konprometituta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Cintruenigoko planta horretan piztu da sutea eta ke toxikoa. ©Guardia Zibila

Birziklatze lantoki batean piztutako suak ke toxikoa eragin du Cintruenigon

Joxerra Senar

Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak etxean egoteko gomendatu die herritarrei, «segurtasun arrazoiengatik».

Garbiñe Aranburu, atzean Irati Tobar duela, gaur goizean. ©Jon Urbe / Foku

Hezkuntza sistema publikoko plantillei eustea adostu dute LABek eta Eusko Jaurlaritzak

Iosu Alberdi

Lan baldintzei eta hezkuntza ereduari buruzko proposamenak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak mahai sindikalean, eta ontzat jo ditu LABek. Mahai sektorialetan jarraituko dute negoziazioek.

Ramon Gonzalo errektorea eta Maria Txibite lehendakaria, gaur, NUPen eginiko ekitaldian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Unibertsitate lege berri bat» galdegin du NUPeko errektore Ramon Gonzalok, kargua hartzeko ekitaldian

Ion Orzaiz

Honakoa bigarren agintaldia izanen du Gonzalok, martxoaren 30eko hauteskundeetara aurkeztutako hautagai bakarra izan ostean

'Sorionekuak' manifestuaren aurkezpena, urtarrilean, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Sorionekuek «ongietorri erraldoia» eginen diote euskarari ekainaren 10ean Iruñean

Ion Orzaiz

Euskararen aldeko manifestazioaz gainera, egun osoko egitaraua prestatu dute plataforma osatzen duten eragileek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.